Mikel Olasagasti
Sistema Administraria

Azken agurra?

Denei iristen zaie euren azken eguna, eta batzuei, euren azken eguna iritsita ere kostako zaie joatea». Egin dezagun 12 urte atzera. Mir espazio estazioak ozeanoan amaitu zituen bere egunak, AEBetan Dorre Bikien aurkako erasoak gauzatu zituzten, Apple etxeak lehen iPoda kaleratu zuen eta gaur egun besteak beste tabernetan ia edozein eztabaida amaitzeko erabiltzen den Wikipedia publiko egin zen. Izango da Mir edo VHS zer den galdetzean zer den ez dakien norbait, baina beste 3 adibideak denok ezagutzen ditugu. Eta Windows XP?

2001. urteko abuztuaren 24an amaitu zuten Windows XPren lehen bertsioa eta, ondoren, irailean, Microsoft-en sistema eragile berria instalatuta zuten lehen ekipoak eros zitezkeen. Dendetan urriaren 25an jarri zen salgai eta oraindik buruan gordeta ditut albistegietan ikusi nituen erosteko ilara luzeak. Hamabi urte pasatxo eta ordudanik Microsoftek 3 bertsio berri atera dituen arren, XP oraindik munduan gehien erabiltzen den 2. sistema eragilea da hainbat iturriren arabera eta beste batzuek hirugarren postuan kokatzen dute. Beraz, ekipo mordoa dago oraindik XP bertsioarekin. Eta ez da harritzekoa.

Windows XP kaleratu baino urte bat lehenago, Windows 98 ordeztu zuen ME edizioa eta NT4ren eboluzioa zen enpresentzako Windows 2000 kaleratu ziren. Lehena erabili duenak nik adinako gorrotoa izango dio eta Windows 2000, askoz egonkorragoa zen arren, oso motela zen etxeko sistema bezala. Linuxen mahaigaina erabiltzea oso zaila zen erabiltzaile arrunt batentzat eta Apple etxearen OS X-ak oso merkatu txikia zuen oraindik. XP, Windows 2000 bertsioa oinarri hartuta, etxerako zein enpresetarako sortutako sistema zen, 98 eta ME baino askoz egonkorragoa eta 2000 baino arinagoa. XPren eboluzioa arrakasta gutxiko Vista izan zen, ekipo berrietan instalatuta etorri ez balitz inork gutxi erabiliko zuen sistema. Honek guztiak bilakatu du XP horrenbeste urtetan gehien erabili den sistema eragilea.

Baina Mir espazio estazioak bere egunak 2001. urtean amaitu zituen moduan, XPk 2014ko apirilaren 8an amaituko du bere ibilbidea. 2009ko apirilean amaitu zitzaion "bizitza orokorra" eta 2014ra arte euskarri luzatuari eutsi dio. Baina kito, amaitu da, eta oraindik erabiltzen duenak arazo larriak izango ditu. Bizitza amaitzeak ez du esan nahi funtzionatzeari utziko dionik, baina bai beharrezkoak diren segurtasun konponketak ez jasotzea adibidez. Konponketa hauek gabe eta ordenagailua Interneten nabigatzeko erabiltzen bada, erasoa eta 'garaitua' izateko aukera asko ditu, gehiegi, eta kezkatzekoa da.

Hainbat tokitan ikusten ditut oraindik XP makinak eta kezka eta ardura sortzen didate. Zein ote da arrazoia beste zerbaitetara ez mugitzeko? Bertsio berriei beldurra? Beti kosttzen da bertsio berri batera ohitzea eta arazoa izan daiteke atera osteko lehen egunean aldatzen bada, baina teknologia aurrera doan heinean gauzak konpondu eta hobetzen direnez, ezin atzean geratu. Ekipoa motel joateko beldurra? XPren ondoren atera zen Vista bertsioak egonkortasun eta errendimendu arazo larriak bazituen ere, ondoren asko hobetu da egoera. Gainera, betidanik egon dira Linux-en errekurtso gutxirekin ondo dabiltzan banaketak.

Arrazoia bat dela edo bestea dela, jakin babesik gabe geratuko dela sistema eta ahal bezain azkarren aldatzea aholkatzen dela. Gogoratu aukera libre eta modernoak ere badirela, baita ordenagailu zaharretarako ere. Epe luzera begira, kaleratzear den Ubuntu 14.04LTS, Debian 7 edo CentOS bera ere probatzea aukera bikaina izan daiteke. Sistema zaharrak eguneratu gabe izatea ez da norberarentzat soilik kaltegarria, inguruan dauden sistemei erasotzeko abiapuntu ere bilaka daiteke. •