Koldo Almandoz
koadernoa

Zunzunzitoa

Azken aldian, “hiri ornitologiak” izeneko filmaketa katalogoa osatzen ari naiz. Hegaztiek ingurune urbanoetara eta gizakiak bizi diren eremuetara nola moldatzen diren jasotzen duten grabazio amateurrak. Filmaketa horietan, zoritxarrez, ez da azaltzen zunzunzitorik. Ez da erraza. Zunzunzitoa, Kubako Isla de la Juventud-en bizi da soilik eta euli txori edo ezti elfo ezizenez ere ezaguna da. Mellisuga Helenae izen zientifikoa Johann Christoph Gundlach naturalista alemaniarrak eman zion 1844. urtean. Mellisuga (nektar xurgatzailea) Helenae, Kubara gonbidatu eta ostatu eman zion Carlos Booth adiskidearen Helena emaztearen omenez. Ez didazue ukatuko zunzunzitoaren izen zientifikoaren harira iradokitzen dena eleberri baten abiapuntu itzela ez denik.

Zunzunzitoa kolibrien espezierik txikiena da, eta hori esatea asko esatea da. Mokotik isatsera 5 zentimetroko luzera du. 1,8 gramoko pisua. Habiak 3 cm eskas izaten ditu. Zunzunzito arra munduan existitzen den odol beroko animalia ornodun txikiena da, txorien artean lumarik gutxiena duena eta, 40 gradurekin, hegaztien artean odol tenperaturik handiena duena. Jaten dagoenean, segundoko 80 aldiz astintzen ditu hegoak. Txortan, 200 aldiz. Animalia guztien artean erritmo kardiako azkarrena duena. Errekor apurtzailea da zunzunzitoa. Makina perfektua.

Honaino agoantatu duzuenok zuen buruari galdetuko zenioten, zergatik hitz egiten digu sasi David Attenborough honek zunzunzitoaz? Nagusiki bi arrazoirengatik.

Baga. Izena izugarri gustatzen zaidalako. Zun-zun-zito. Txoritxoaren hegaldiak ateratzen duten soinuaren onomatopeia garbia. Zun-Zun-Zun-Zun. Eta tamaina ñimiñoa adierazten duen ito maitekorra. Errepika ezazue izena segidan. Zunzunzito-zunzunzito-zunzunzito, dantzan jarri ez bazara ez duzu odolik zainetan. Kubako son, danzon, salsa, rumba, guaracha...

Biga. Kolibri bat delako. Naturaren perfekzio mailaren erakusle. Edozer norabidetan hegan egin eta hegaldian geldirik geratzeko gaitasuna duen muskulu indartsuko atleta. Lore asko gorriak izatearen arrazoia kolibriei zor diegu. Erleek eta kolibriek elikagai bera izanik, lehiakide izaten dira, baina intsektuek ez bezala, kolibriek euria maite dute. Hori horrela izanik, landareek nahiago dituzte kolibriak polinizaziorako. Intsektuak daltonikoak direnez, landareek gorri koloreko loreak garatuz erakartzen dute kolibrien arreta. Kolibrien eta landareen harremana hain da espezializatu eta esklusiboa, kolibri espezie batzuek lore zehatz baten nektarra biltzeko moko tamaina eta forma berezia garatu dutela, giltzaren eta sarrailaren moduko harreman perfektua lortuz.

Kolibriek, baina, beti egon behar dute gastatzen duten energia guztia berreskuratzen. Goi mailako atleten moduan, beti dabiltza muturreko ariketa-elikatze ekuazio horretan indar guztiak xahutzen. Edozer ezustekok ekuazio horren emaitza hilgarri bihurtzen du.

Beren elikagai esklusiboari lotua daude. Beren mokoaren forma duten lore horiek edozer arrazoi dela eta desagertzen direnean, kolibri espezie horrek bereak egin du.

Eta bat-batean gu ez ote garen kolibri bihurtu pentsatu dut. Ez ote diogun gutariko askok kolibri bihurtzeko bideari ekin. Txikitatik espezializaziora bideratuta. Zientziak edo letrak, ikasketak, espezializazio masterrak, modulu bereziak... behin bide bati ekinez gero amaierara arte jarraitzen diogu. Egoera berrien aurrean izoztuta geratzen gara. Galdu egin dugu moldatzeko gaitasuna. Lore zehatz batean aditu izateko ematen diogu forma gure mokoari. Eta “aditu” eta “berezi” izateko bide horretan ez ote garen beti itota bizi, mugan, egunero ia gure indarrak galtzen hala moduz aurrera ateratzeko. Eta elikagai bihurtu zaigun lore hori desagertzen denean, zer gertatzen da gurekin, zunzunzito gaixoekin?

Hausnarketa petral samarra da, bai. Egungo gizartearen metafora gisa ez da beste munduko ezer. Azalpen hobeak irakurri dituzu, jakina, baina horietan ez zegoen zunzunzitorik. Ez zunzunzitorik, ez eta hura deskubritzean bere lagunaren emaztearen izenarekin bataiatu zuen naturalista alemaniarrik ere.

Zunzunzito-zunzunzito-zunzunzito... •