Isidro Esnaola
Datorrena

Herritarrak are estuago hartzeko prestakizunak

Egoera ekonomikoaren inguruko diskurtsoak nahasiak izaten ari dira azken boladan. Gauza batzuk begi bistakoak dira. Esate baterako, adierazle orokorrek nolabaiteko egonkortasuna lortu dela irudikatzen dute. Bien bitartean, herritarrentzako garrantzitsuak diren adierazleek ez dute apenas hobera egin. Testuinguru horretan, egunak joan eta egunak etorri, handik eta hemendik, proposamen ezberdinak entzuten ditugu. Denak ez dira logika berdinean kokatzen, baina askok norabide zehatz bati erantzuten diote.

Orain arte garatu duten politikari “barne debaluazioa” esaten diote. Izen hori eman diete orain arte aplikatu dituzten politikei, baina, zuzentasunez jokatzeko, “pobretze orokorra” terminoa erabili beharko genuke. Funtsean, langileen soldatak jaistea bilatu dute, besterik ez. Horretarako, aurretik zetozen neurriak baliatu dituzte, batez ere, behin-behineko kontratazioa. Horrez gain, neurri berriak ezarri dituzte; horietako bat lan hitzarmenak indargabetzea izan da. Baina ez dira hor gelditu: funtzionarioei soldatak izoztu dizkiete eta jai egunak kendu. Pentsioak langileen soldaten multzora gehi ditzakegu. Horiek ere galbahetik pasa dituzte balizko igoerak murrizteko. Langileok zerbitzu publiko eta zerbitzu sozialak jasotzen ditugu, eta, zeharka bada ere, horiek ere langileon errenta osatzen dute. Horiek, baina, pobretze orokor horren beste helburu nagusietako bat izan dira eta murrizketa handia jasan dute.

Teorian, pobretze orokor horrek produktibitatea handi dezake; hartara, bertan ekoizten diren produktuak lehiakorragoak lirateke eta errazago salduko lirateke munduan zehar, besteak beste, enplegua sortuz. Teorian bai, baina praktikan gauzak ez dira nahi edo uste dugun bezala gertatzen. Ekonomia baten produktibitatean gauza askok izaten dute eragina eta soldatak ez dira faktore garrantzitsuena izan ohi. Askoz eragile pisuzkoagoak dira, adibidez, jakinduria edo giza kapitala, antolakuntza, industria azpiegitura, sektore publikoaren gardentasuna... Eta horiek ez dira dekretuz aldatzen, denbora behar izaten da horiek alda daitezen. Baina askoz errazagoa da gauza sinple batzuen gainean atentzioa jartzea, eta gero gerokoak. Eta gerokoak iritsi dira. Pobretze orokor horren ondorioz prezioek ez dute gora egiten; eta orain jaisten hasi dira, jendeak ez baitu ezertxo ere gastatzeko. Egoera horri “deflazioa” deitzen diote eta herri bateko ekonomiarentzako ondorio larriak ditu. Jendeak uste badu prezioek jaisten jarraituko dutela, premiazkoak ez diren erosketak atzeratu egingo ditu eta modu horretan prezioen jaitsiera are handiagoa bultzatuko du. Saltzen ez bada, ekoizpena gelditu egiten da, enplegua galtzen da, eta abar. Ekonomia berpizteko ez dirudi oso bide eraginkorra. Kontua da adierazle ekonomikoek egoera horretan jauzteko zorian gaudela esaten dutela.

Ez dirudi baina perspektiba horrek bereziki kezkatzen dituenik. Orain “barne debaluazioari” beste bat gehitu nahi diote: “zerga debaluazioa”. Bide horretan sartzeko behar bezalako bilgarria osatu dute: aditu talde bat, txosten bat, eztabaida komunikabideetan... Funtsean, planteatzen dutena honakoa da: kotizazio sozialak jaistea eta galduko den diru bilketa zeharkako zergen igoerarekin ordezkatzea. Beste modu batean esanda, egun kotizazio sozialekin pentsioak ordaintzen dira eta hemendik aurrera BEZaren igoerarekin ordainduko lirateke. Bide horretatik lortzen dutena lanaren prezioa are merkeagoa izatea da. Langile baten kontratazioarekin kotizazio sozialak ordaintzen dira, eta, horiek, soldatarekin batera, lanaren kostua osatzen dute. Kotizazioak kenduta lanaren prezioa asko gutxitzen da. Urrats bat gehiago barne debaluazio edo pobretze orokor horretan. Bide batez, aldaketa horrek bidea irekitzen du etorkizunean pentsioak jaisteko zerga bilketa nahikoa ez den aitzakian. Epe motzean horrelako aldaketa sakon bat gauzatzea nahiko zaila dela ematen du, are gehiago egungo testuinguru ekonomiko honetan, baina, hori bai, ondo baino hobeto ari dira adierazten jarraituko duten bidea. •