Ander Izagirre
Kazetaria

Josetxo bidean berriz ere

Ibiltariek gaztainondoaren adarra heltzen zutela ikusteak tripako mina ematen zion Josetxo Mayorri. Ulia mendiko bideak egunero-egunero zaintzen eta garbitzen aritzen zen donostiar hau, aldapa zailetan eskuz zizelkatuko hareharrizko harlauza txukun batzuk ere jartzen zituen, eta mendiko arbola bakoitzaren hazkundea arretaz zaintzen zuen.  
Horregatik, bihurgune itxi horretan ibiltariek gaztainondoaren adar baxuena heltzen zutela, eta adarra okertzen eta galtzen ari zela ikustean, beste lan bati ekin zion: bihurgune zabalago bat egin zuen aitzurraz, harlauzak jarri zituen, hartara ibiltariak gaztainondotik metro bat urrutirago pasa zitezen. Hainbat aste eman zituen lan horretan. «Lan handiak bai, baina birao bakar bat ere ez. Boluntario aritzen denak ezin du kexarik egin», esaten du Josetxok. Lanaren emaitza: gaztainondoaren adarra salbatu zuen, sendo hazten ari da orain.  
Josetxo geldi egon da bi urtez, osasun arazoak direla medio. 1986 eta 2012 artean, Uliako bideak garbitu eta zaindu zituen; hasieran astebururo; erretiratu zenetik, egunero. Hilaren lehenengoan salbu: «Egun horretan eskua jartzera joaten bainaiz»; alegia, banketxean pentsioa kobratzera.
Tristurak bultzatu zuen lanera. Haurtzaroa eta gaztaroa Ulian pasa zituen Josetxok: umetan, basoan behera eta gora jolasean; gaztetan, lagunekin sagardo botilak edaten eta zoko estaliren batean neska-lagunarekin ezkutuan musuka. Urte batzuk geroago, mendira itzuli eta bidezidor guztiak galduta zeudela ikusi zuen, sastrakek janda. «Hiltzeko moduko pena» sentitu omen zuen. Jendea goiko errepidetik bakarrik paseatzen zen orduan. Itsasora ematen duen mendi hegalean ezinezkoa zen urrats bakar bat ere ematea.
1986ko irailaren 26an erabaki bat hartu zuen: «Tresnarik gabe, esku hutsekin, sasiak kentzen hasi nintzen Barrakas baserria zegoen inguruan. Lehenengo goiz hartan pentsatu nuen ea noraino iristeko gai izango nintzen…».
Hurrengo 26 urteetan ez zuen atsedenik hartu eta Uliako kosta zeharkatzen duen ibilbide sare zoragarria garbitu eta osatu zuen. «Sasiak kentzen hasi eta halako  batean itsasoa azaldu zitzaidan: itsasoa! Hunkitu egin nintzen. Ahaztu egin zitzaigun bide horietan labarren eta olatuen ikusmira zoragarriak zeudela. Itsasoa berreskuratu genuen», dio Josetxok plural eskuzabala erabiliz. Ibiltari mordoa dabil orain Pasaia eta Donostia lotzen duen bidetik, eta gutxik dakite Josetxori esker dabiltzala paraje horietan.

Aurkikuntza arkeologikoak ere egin zituen. Kutrailako iturritik itsasorantz jaisten den hegian, sasiak kentzen hasi eta harlauzak aurkitu zituen. Beherago jo eta harlauza gehiago: XIX. mendeko galtzada bat zen, harrobi txiki batetik hareharria ateratzeko egin zutena. Donostiako hainbat eraikinetako harria hemengoa da, Groseko San Frantzisko elizakoa adibidez.
Norbaitek plaka bat jarri zuen galtzadaren ondoko harkaitz batean: “Avenida Josetxo”. Eta horixe izan zen Josetxo gehien hunkitu zuen omenaldia: Uliako ibiltari anonimoen esker ona. Etorri ziren, gero, Donostiako Udalak eman zion merituaren domina, eta oraintxe Cristina Enea Fundazioak antolatu duen argazki eta bideo erakusketa txikia, Uliako Interpretazio Zentroan ekaina arte egongo dena.
Apirilaren 13an zabaldu zuten erakusketa eta Josetxo bertan egon zen, jendearen galderak erantzuten eta esker ona jasotzen. Orduan kontatu zuen azken bi urteak geldi pasa behar izan dituela, baina orain, 81 urterekin, bideetara bueltatzeko prest dagoela. Lehenengo asmoa ere buruan dauka: galduta dagoen iturri bat garbitu eta berpiztea. Norbaitek eskerrak ematen zizkionean, Machadoren modura erantzuten zien Josetxok: «Ez, ez, eskerrik asko zuei Ulian ibiltzeagatik; ibiltaririk gabe ez baitago biderik». •