Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa
arkitektura

BANANA, BEÑAT eta beste akronimo batzuk

Ezaguna da anglosaxoiek ekonomia linguistikoa muturrera eramateko duten ohitura, dena AEA Ahalik Eta Azkarren esan behar hori. Akronimoak, ENB Esan Nahi Baita, siglak (zehazki gauza bera ez diren arren), oso ohikoak izan ditu ingelesak hizkera kolokialean, are gehiago Internetaren aroan: FAQ, OMG, LOL, WTF. Hizkuntza eta sormena uztartzen dituen heinean, akronimoekin jolas egitea ohitura polit askoa da EUA Ene Uste Apalean.

Akronimo eta siglen erabilera jerga profesional kolokialera ere hedatu da, eta hirigintza ez da salbuespena. Alor honetako hainbat aktore eta fenomeno definitzeko erabili izan dira, hala nola NIMBY hiritar kexatia (Not In My Back Yard; NEABE, Nire Etxe Atzeko Baratzean Ez) eta NIMEY agintari aitzakiazalea (Not In My Election Year; LATE, Legegintzaldiko Azken Txanpan Ez).

Ondorengo akronimoek gure idiosinkrasiaren zertzelada batzuk eman nahi dituzte. Asmakizunak dira batzuk eta itzulpen libreak besteak, izan ere, fenomeno batzuk unibertsalak dira. Anglosaxoiek DUDE akronimoa dute, adibidez, kontestu lokalak ulertzeko inolako gogorik ez duten eraikitzaile ahalguztidunak definitzeko (Developer Under Delusions of Entitlement). Gurean, adreiluaren –ala hormigoiaren esan beharko?– krisiak utzi digun bestondoa ikusirik, aise defini genitzake AJE moduan, hau da, Ameskeriak Jotako Eraikitzaileak. Izan zitekeen ere Eraikitzailea Ameskeriak Jota, baina siglak hartuak zeuden erregistroan. Oro har, AJEek PEPIak dituzte maite: Proiektu Estrategikoa Progresoaren Izenean. Zer litzateke AJEa PEPIrik gabe. Aldiz, AJEak baditu etsaiak ere, euskaraz zein ingelesez. DUDE anglosaxoiek BANANA eta CAVEak gorroto dituzten moduan (Build Absolutely Nothing Anywhere Near Anything eta Citizens Against Virtually Everything, HH hurrenez hurren), AJE euskaldunak etsai nagusi bat du: BEÑAT. Alegia, Balizko Eraldaketa Ñimiñoenaren Aurkako Taldea, KK bezala ere ezaguna: Kontrako Koordinakundea.

Oro har, hirigintza eta azpiegituren arloan bezain zorrotzak ez gara izaten arkitekturari dagokionean, eta malguagoak izaten gara baldin eta eraikinak ezaugarri estetiko batzuk betetzen baditu. BIBA da guztien artean zabalduena, esaterako, mendi magalean grazia handirik egiten ez digun pabilioi hori onartzeko erabiliko dugun baldintza-akronimoa: Baserri Itxura Badu Ados. Tokian tokiko aldaerak ere baditu BIBAk. Donostian BEIBA aldaera dugu, hots, Belle Époque Itxura Badu Ados, antzokiz mozorroturiko hotela izan arren; herri industrialagoetan, aldiz, KIMBA, Kutsu Industriala Mantentzen Badu Ados, ekonomia produktiboaren antitesia den merkatalgunea izan arren. Tira, tximinia bat zutik uztea nahikoa izaten da maiz KIMBAzaleak asetzeko.

Baina fenomeno zabaldurik bada gurean, mendiz osaturiko lurralde honetan beste modu batera izan ezin zitekeen moduan, fenomeno hori ALDAPA da. Gure herri eta hirietako agintarien asmoen aurrean posizionatzeko orduan izan ohi gara ALDAPAzaleak, ENB, alde ala kontra, bai ala ez, Asmoa Landu Duen Alderdi Politikoaren Arabera betiere. •