Jose Angel Oria
analisia

Bestelako Ekialde Hurbila

25 urterekin Mardin hiriko alkatea den Februniye Akyol emakumea herri kurduaren ekimen arrakastatsu baten ikurretako bat da. Iritzia eskatu diogu Manuel Martorelli eta ekimena arabiar munduan imitatzeko modukoa ote den galdetu diogu Santiago Alba Ricori.

Bestelako Ekialde Hurbila
Bestelako Ekialde Hurbila

Nazioarteko berriekin aritzea tokatzen zaigunok oso gutxitan izaten dugu Ekialde Hurbilari buruz gauza pozgarriak kontatzeko aukera: sarraskiak ez badira, sarekadak, bortxaketak eta torturak izaten dira; diktaduren gehiegikeriak izaten ez direnean, ustezko demokraziarenak izaten dira; agintarien kontuak betiere, herriari sufrimendua baino ez zaio geratzen-eta. Horregatik gure barruan zerbait mugiarazi zuen Manuel Martorellek Cuartopoder egunkari digitalean argitara eman zuen testuak: «Turkiako udal hauteskundeak irauli dituzte emakume kurduen hautagaitza masiboek». Bestelako Ekialde Hurbila eraikitzeko proposamena eta, gainera, arrakasta handikoa. Emakumeari begira jarrita fokuak, emakumea sukaldean sartuta ikusi nahi duen joera indartzen ari den Estatuan. Ezkerreko indar baten ekimena, gizarteko beste sektore batzuetako herritarrak erakartzen. Gainera, Khitam Saafin Palestinako emakume borrokalari beteranoak GAUR8ri adierazi zion emakume kurduen esperientzia oso kontuan hartzen dutela palestinarrek. Eskerrak!

Martorellek eskainitako datuen arabera, BDP Bakea eta Demokraziaren Alderdiak aurkeztu zituen hautagaien %55 emakumeak ziren. Beste alderdien hautagaitzekin alderaketa eginez gero, hobeto ikusten dira kurduen ezkerreko formazioaren meritua eta ekarpena: Turkian oposizioan dagoen CHP indar kemalistak, %4,32; eskuin muturreko MHPk, %2,51; eta Ankarako Gobernuan dagoen AKP islamistak, %1,15 besterik ez.

Erdoganen porrota

«Egia da Erdoganen ustekabeko garaipena esanguratsua izan dela Turkiako udal hauteskundeetan. Egia da ere emaitzek hiru Turkia ezberdin daudela baieztatu dutela: AKP alderdiarekin bat egiten duen nekazaritza eremuetakoa; hiri handietan eta Mediterraneoko itsasertzean CHPren alde egiten duena; eta, azkenik, Kurdistan, bestelako proiektu politiko bat abian duen eremua: BDPk bultzatzen duen autonomia kurdua», esplikatu dio GAUR8ri Martorellek.

Ekialde Hurbileko gaietan aditu den kazetariak erantsi du Erdoganen alderdiak udal hauteskundeak irabazi baditu ere, kurduekiko zuen estrategiak porrot egin duela.

Bere irakurketaren arabera, AKP alderdiak herritar kurduak PKK-ko «heretikoengandik» aldentzea nahi zuen, eta erlijioaren arditegira itzultzea. «PKKren beso politikotzat hartzen duten BDP alderdiak lehendik agintea zuen zortzi probintzietako hiriburuei eutsi die, eta AKPri beste hiru kendu dizkio: Mardin, Bitlis eta Agri. BDPri botoak kentzeko, hautagaitza kurdu islamista bat ere legeztatu zuen AKPk, Huda Par edo Jainkoaren Alderdia: barregarri geratu da, BDPk ia bi milioi boto jaso baditu, formazio berria ez baita 90.000 botora iritsi».

Martorellek uste du une erabakigarrietan kurduek nahiago izaten dutela beraien eskubide kultural eta politikoak babestuko dituen alderdi bat lehentasuna erlijioari ematen dion indar politiko bat baino, nahiz eta kurdu gehienak musulmanak diren. «Kurdu batentzat, musulman izatea garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoa da bere herria, Kurdistan, defenditzea. Hauteskunde horietan indartu egin den arrazoiketa hori garrantzi handikoa da soziologikoki, milioika pertsonengan eragina izan dezakeen pentsamolde aldaketa dakarrelako», dio kazetariak. «Balore kurduen defentsa balore erlijiosoen defentsaren gainetik badago, edozein pertsona edo erakunderekin, bere joera erlijiosoa edozein izanda ere, elkarlanean aritzeko ateak zabaltzen dira, helburu nagusia proiektu politiko kurdu bat garatzea izanda».

Kazetariak esplikatu digunez, ez da fenomeno berria. Kurdistanen azken urteotan ohikoa omen da pertsona zaharrek, baita kleriko musulman batzuek ere, ideia erlijiosoak bigarren planoan jartzea, nahiz eta erlijioa beren bizitzan oinarrizko kontu bat izan den. Horrela, musulmanak ez diren beste kurduekin elkarlan politikoa egitea onartzen dute. Gainera, aurre-aurrean, lehen planoan, emakumeak jartzea ere onartzen dute, «proiektu politiko nazional bat defenditzen dutelako, hori baita benetan garrantzitsua». «Suniten jazidiekiko eta aleviekiko gorrotoa eta erlijioarekin zerikusirik duten beste tabu asko desagertu egin dira nekazari giroko gizarte horretan, gehiengoa sunita izan arren, askapen nazionalerako mugimenduari esker». Adibide moduan gogorarazten du iazko urtarrilaren 16an, Parisen erail zituzten Sakine Cansiz, Fidan Dogan eta Leyla Soylemez PKK-ko hiru ekintzaileei egin zieten ongietorrian ehunka mila lagun elkartu zirela Diyarbakir hirian. «Hiru emakumeen hilkutxak oihal moreen gainean jarrita zeuden eta PKKren banderekin estalita. Seguru asko musulman zintzoak ziren parte hartzaile askorentzat, gauzarik garrantzitsuena ez zen beraien erlijiokoak ziren ala ez, herri kurduaren nahi politiko eta demokratikoak ordezkatzen zituztela baizik».

Turkiar Estatuko 22 probintziatan kurduak dira herritar gehienak. Estatuko eremurik atzeratuenak dira, nekazaritza girokoak. Hala ere, BDP alderdiaren proposamen aurrerakoiek 77 emakume ipini dituzte alkate karguetan.

«Hautagaitza horiei esker, hiru hiri garrantzitsu (Diyarbakir, Van eta Mardin) emakumeek zuzenduko dituzte. Turkia osoan bi alderdi nagusiek hamahiru emakume baino ez dituzte jarri maila bereko karguetan, AKPk sei eta CHPk zazpi», azaldu du Martorellek.

Erreferentzia

Esportatzeko moduko ekimena al da BDPrena? Manuel Martorellek gogorarazi digu siriar Estatuan autonomia kurdua eraikitzeko ahaleginean ere sekulako protagonismoa dutela emakumeek, eta gauza bera gertatzen dela irakiar eta irandar estatuetan ere, oso egoera zailean egonda ere, bazterketaren eta sexu indarkeriaren aurkako borrokari eusten baitiote. «Horregatik esan daiteke Ekialde Hurbilean emakumeak duen sostengurik garrantzitsuena herri kurdua dela, eta emakume kurduen borroka herrialde musulman guztietako emakumeentzat erreferentzia dela. Horregatik egiten zait ulergaitza Mendebaldeko erakunde feministek borroka honekiko agertu duten axolagabekeria».

«Begi bistakoa da arabiar munduan iraultza sexuala egiteko dagoela», esan zion GARA egunkariari Santiago Alba analistak. Kurduen ekimena imitatu beharko al lukete arabiarrek? Horixe galdetu diogu Tunisian bizi den idazleari. «Garrantzitsua eta imitatzeko modukoa da, baina ezin dira era mekanikoan lotu ezkerra, emakumearen parte hartzea eta islamismoaren aurkako jarrera. Sudango Parlamentuan, esaterako, Frantziakoan edo AEBetakoan baino emakume gehiago dago. Gauza bera gertatzen da iraultzaren ondorengo Tunisiako Parlamentuan ere. Legeak ezarritako parekidetasuna betetzera ia-ia iristen den talde bakarra Ennahda islamista da (89 parlamentaritik, 39 emakume). Arabiar munduan matxismoa ez da islamismoaren ondare esklusiboa eta, gainera, politika kontserbadorea egin daiteke emakumeen laguntzarekin. Kurduak salbuespen bat dira, Turkian zein Sirian, bertako borrokaren ezaugarri bereziengatik. Arabiar ezkerrari eskatu beharko genioke kurduen borrokari jaramon gehiago egiteko, gehiago laguntzeko, bai feminismoari dagokionez, bai askapen nazionalari dagokionez».