Gorka Zozaia
Kimikaria
zientzia

Hankak lurrean eta zeruari begira

Ukabila zerura begira jarri dut, urtero legez, Maiatzaren Lehenean. Ez da aspaldi azkenengoz altxa nuenetik... Izan ere, azkenaldian, arrazoiak besterik ez dizkigute ematen gure seme-alabak ere ukabila altxatuta jaiotzeko. Zutik jarri orduko ohar baitaiteke bat hemen zeozer txarto dabilela, ez duela zentzurik zentzugabekeria honek, eta, okerragoa dena, sufrimendua eragiten duela. Hori gutxi balitz, zutitu eta begi bista altxatzerako, zentzugabekeria zirudienak zentzu asko duela ohar daiteke bat, eta sufrimendua batzuena bakarrik dela, gehiengo zabalarena hain justu. Eta desoreka hori orekatu nahian, sufrimendua biderkatu besterik ez zaio egingo, eta, hala, borroka bidean, ukabila altxatzeko arrazoiak pilatuz goaz.

Baina ez. Nik, azkenengoz, sozialdemokraziaren estanpa polita osatzen duen Stockholmen altxa nuen ukabila. Eta ez zen izan manifestazio batean, edo monumenturen batean, edo argazki baterako, ez. Nire frikadetako baterako izan zen, Lurra biribila denaren froga bat gehiago pilatzeko. Irakurleak hemen jarraitzen badu, betondokoa zimurtuko zitzaion azken horrekin. Bai, ukabila zerura eramanez hartu dut Lurra biribila izatearen froga nahiko enpiriko bat, sinismen ariketa bat gutxiago bederen munduaren ezagutzan! Ukabila zerura altxatu, eta distantziak neurtu nituen gau hartan, Iparrizarraren ortzimugarekiko angelua hain zuzen ere. Irudian ikus daitekeenez, besoa luze eta begi bat itxita, eskuarekin zeruko distantziak neur baitaitezke, gutxi gorabehera bada ere.

Stockholmen, Iparrizarra, ortzimugarekiko 70 gradu ingurura antzeman nuen, etxean ikustera ohituta gaudena baino nabarmen gorago. Lehenago ere, Berlinen izan nintzenean, antzera iruditu zitzaidan, Iparrizarra oso goian ikusten nuela, baina, orduko hartan, ez nuen ukabilik altxa neurketa egiteko. Sorpresa ikaragarria izan zen ordukoa niretzat, momentu hura bitartean Lurra biribila denaren froga enpirikorik ez bainuen. Ortzimugan Lurraren kurbatura begi bista hutsez gutxi batzuek bakarrik ikusi dute (askok hondartzatik igarri diola esan arren), eta ez dut nik pribilegio hori izan. Baina bai zerua apur bat ezagutzekoa, Iparrizarra zeruan finko dagoela nire begiekin frogatzeko lain bai behintzat; beti hor, altuera berera, iparrean. Lurra biribila bada, logikoa da gero eta iparralderago Iparrizarra gero eta gorago ikustea, ipar poloan buruaren gain-gainean izan arte. Zehatzak izanik, Euskal Herritik ikusita 43 gradu ingurura dago Iparrizarra ortzimugatik, 52 gradura Berlinetik ikusita eta 60 gradura Stockholmetik ikusita. Horratx, nire begiekin, nire baliabideekin, tamainako egia biribil bat nola antzeman dudan.

Jakin badakit hau guztia apur bat xelebrea izan badela; ordu txikietan tabernatik tabernara zenbiltzan suediarren begiradek ere gogorarazten zidaten eskuak zerurantz zabalik begi bat itxita egotea ez dela oso normala. Irakurlea honaino heldu bada, lerrookin zeozer argitzea merezi du. Agian Lurra biribila dela sinesteak ez du inplikazio handiegirik gure egunerokotasunean, baina hain ohituta gaude sinestera... Arlo politikoan, ekonomikoan eta sozialean, tamainako egia biribilak irentsita bizi gara. Okerrak izanda ere ohartzen ez garen egiak, ez dugulako ohartzeko bitartekorik, edo, zuzenean, ohartu nahi ez dugulako. Ukabilak altxa berri ditugu egia handi batzuen izenean, eta gaur da eguna egia horietatik baliagarriak zeintzuk diren eta zeintzuk aldatu behar ditugun ohartzen ez garena.

Nire ustez, hankak lurrean izateak, errealitatearen jabe izatea esan nahi du. «Seamos realistas, exijamos lo imposible» zioen Che berak ere. Ba horixe, hankak lurrean eta begirada zeruan izan dezagun, ortzimugatik harago. Egunerokotasunarekin zuzenean loturiko aferetan, baina baita izarrei begira ere! Portzierto, aurtengo maiatzean oso interesgarri dator zerua: hilaren 10ean, Saturnoren hurbiltze maximo bat izango dugu, eta hilean zehar bi ozar-izar (izar zaparrada) ere izango ditugu. Lehena, hilak 5ean, Halley kometarekin loturiko Eta Akuarida izarrena. Bigarrena, aipagarriena, hilak 24an, minutuko 200 meteoro utziko dituen ozar-izar jaioberria, 209P/LINEAR kometak eragindakoa. Asteburu horretako izarrik interesgarrienak, bai horixe! •