Komite Internazionalistetako brigadistak
Interview
FEBRUNIYE AKYOL
MARDIN HIRIKO ALKATEA

«Kurduak ez dira aske izango emakumeak aske ez badira: ez dugu herri askerik izango emakume askerik gabe»

Februniye Akyol 25 urteko emakumea aurkeztu zuen BDP alderdi kurduak 80.000 biztanleko Mardin hiriko alkate izateko. Garaipena lortu eta alkate bihurtu da.

FEBRUNIYE AKYOL
FEBRUNIYE AKYOL

Komite Internazionalistek antolatutako brigada Kurdistanen izan zen martxoan bertako borroka hurbiletik ezagutzeko eta udan joango den brigada prestatzeko. Amed hiria (Diyarbakir kurdueraz) izan dugu hainbat erakunderekin bilerak egiteko leku nagusia, bertan ezagutu ahal izan ditugu herri kurduaren borroka desberdinak.

Martxoaren 30ean turkiar Estatuan egin ziren udal hauteskundeek erabat berotu zuten egun horietako giroa. Bozketa horietarako herri kurduaren apustua BDP Bakea eta Demokraziaren Alderdia izan zen. Ameden egun batzuk egin ondoren, Mardinera joan ginen. Bertan Februniye Akyolekin hitz egin genuen, bera baitzen alkatetzarako BDPren hautagaia, Ahmet Türke gizonezkoarekin batera. Izan ere, BDPko hautagaitzak gizon eta emakumeen artean partekatuak izan dira.

BDP ezkerreko alderdi kurduak hauteskundeak irabaztea lortu zuen Mardinen, hau da, azken urteotan Turkiako Gobernuan dagoen AKP alderdi islamistaren menpe izandako hirian. Hemendik aurrera kurduen eskuetan egongo da eta Februniye Akyol bera eta Ahmet Türke dira Mardingo alkate berriak. Akyolekin honako elkarrizketa hau izateko aukera izan genuen.

Mardin turkiar Estatuko hego-ekialdean dago, Siriako mugatik gertu. 80.000 biztanle inguru ditu. Hirian etnia eta erlijio desberdinak elkarrekin bizi izan dira eta bizi dira gaur egun ere. Sarritan gobernuek eta inperioek eragindako sarraskiei aurre egin behar izan dieten arren, BDPko kideen proposamena elkarbizitzaren aldeko apustu argia da.

Noiz eta zergatik hasi zinen politikan esku hartzen?

Kurdistanen, jaiotzen garen unetik hasten gara politikan. Kurdistanen jaio naiz, asiriarra jatorriz, eta, gainera, emakumea. Ezaugarri horiekin, borrokarako jaio nintzen, ezinbestean. Txikitatik etengabe ikusi izan dut gure herriaren aurkako errepresioa. Borroka nagusi zen testuinguru batean hezi ninduten. Badakit oso gaztea izan naitekeela herri baten ordezkari izateko, baina horrek ez nau kezkatzen: hau guztia alda dadin borrokan jarraituko dut, baita nire bizitza osoa horretan eman behar badut ere.

Noiz hasi zinen borroka feministan? Zergatik?

Orain 5.000 urte emakumeak ondo bizi ziren hemen; gehienak burujabe ziren. Urte askoren ondoren, gizonak gailentzen hasi ziren, eta hegemonia berria herriz herri hedatu zen.

Oso gauza gogorrak ikustea tokatu izan zait. Txikitan, emakumeen erailketak ikusi nituen; bortxaketak eta torturak eguneroko kontua ziren. Etxe barruan emakumeek egin behar zuten lan guztia: janaria prestatu, garbitu, haurrak zaindu… Nire familian ere ikusten da hori. Egoera horien aurrean, galderak sortzen zitzaizkidan: zergatik da hau horrela? Zergatik egon behar du emakumeak horrela zerbitzatzen? Erantzunen bila abiatzea erabaki nuen. Ez zitzaidan gustatzen ikusten nuena.

Orduantxe ulertu nuen borroka feministak aldatuko zuela guztia, eta emakumeen eskubideen aldeko iraultzan parte hartzen hastea erabaki nuen. Pixkanaka hasi nintzen. Gizonak soilik joaten ziren lekuetara joaten hasi nintzen; hura izan zen lehen urratsa. Mardinen emakumeak ez ziren unibertsitatera joaten, are gutxiago asiriarrak. Unibertsitatera joandako lehen emakume asiriarra naiz. Marmara Unibertsitatean ikasi nuen, Istanbulen. Ikasketak amaitzean, etxera itzuli nintzen; banekien nire familia Kurdistanen alde borrokan ari zela. Hemen ondo sentitzen naiz, kurduen auzia eta emakumeen eskubideen aldeko borroka bizi-bizi baitaude, eta horrek eroso sentiarazten nau.

Zer esan nahi du zuretzat, emakume gisa, alkatetzarako hautagai izateak?

Hiri eta herrietan emakumeen ordezkaritzak izan behar dira, nahitaez. Gizonek botere hegemonikoa lortzea nahi dute hirietan, eta arazoak besterik ez dituzte ekartzen. Dirua lapurtzea leporatzen zaie, ustelkeria kasuak nagusi dira, ez dute ezer egiten herritarren eskubideen alde, ezta herriaren egoera aldatzeko ere… Horregatik, oso garrantzitsua da emakumeen presentzia, egoerari buelta ematen saiatzeko. Emakumeak agintean dauden herri bat baino gehiagotan ikusi da egoerak hobera egin duela, eta ekonomia askoz hobeto kudeatu dela. Turkian bada esaera zahar bat: «Amaren eskuetan dagoen herriak, ez du arazorik izango».

Zer moduz hartu dute zure hautagaitza mardindarrek?

Ez dute inolako arazorik izan. Gustuko dute ordezkaritza partekatuaren sistema. Ankarak Gobernuaren alde egongo den alkatea nahi du herri guztietan, eta, batez ere, ekialdean. Baina Mardin oso-oso anitza da, eta gutxiengo batek bakarrik nahi du Turkiako Gobernuak ezarritako sistema.

Hainbat komunitate topa daitezke Mardinen: asiriarrak, kurduak, arabiarrak, aleviak, armeniarrak… Kurduen herri mugi- menduek babes handia dute Mardinen. Dena den, batzuek badituzte zalantzak. Izan ere, Turkiaren aurrean kurduak nagusitzen direnean, hegemoniko bihurtuko ote diren beldur dira. Horregatik mintzatu zen kezka horien inguruan Abdullah Öcalan bera [PKK Kurdistango Langileen Alderdiko presidentea Imrali uhartean dauka preso Turkiako Estatuak 1999an bahitu zuenetik]; hark proposatu zuen alkatetzarako hautagaia emakume asiriar bat izatea.

Kurduok nahi dugun sistema oso desberdina da: aniztasunean oinarritzen da, hainbat jatorritako herritarrak bizi baikara hemen. Aniztasun hori islatu behar du sistemak, elkar errespetatuz eta inork inor jan gabe. Eta, orain arte, inork ez du halako sistemarik proposatu, ezta erabili ere; gu gara aitzindariak. Herritarrak itxaropentsu daude, eta sinesten dute gure sistemarengan, gugan. Hau ez da kurduen askapenerako borroka soilik, hemen bizi diren herri guztien askapenerako borroka baizik. Denon askatasuna nahi dugu, denok aske sentitu nahi dugu bizi garen tokian.

Zergatik uste duzu aukeratu zaituela BDP alderdiak Mardingo alkategai izateko?

BDPk bestelako eredu baten aldeko apustua egiten du. Denok elkarrekin bizitzeko gai garela erakutsi nahi dugu, denok elkarrekin bakean bizi gaitezkeela, denon eskubideak bermatuta. Hemen ez dago herri bat soilik, herri asko bizi gara, eta oreka mantentzea da helburua. Horretarako, BDPk proposatutako sistemak bide asko irekitzen dizkigu. Duela milaka urte denok bizi ginen elkarrekin, denok genituen eskubideak bermatuta, geure hizkuntza, ohiturak… Hori berreskuratu nahi dugu, nolabait. Asiriarra izateak, beraz, izan du bere garrantzia alkategaia hautatzeko orduan. Bestalde, gaztea naiz, eta hori ere alde positibo bat da. BDPren hautagaitzarako emakume asiriar bat aukeratzea erabaki zen, aniztasunari jarriki, hiriari eta hiriaren beharrei hala zegokiola iritzita. Beraz, hautagaitzarako aukerak aztertu ziren, eta nire izena agertu zen. Hasieran herritarrak kezkatu egin ziren, gazteegia nintzelakoan, baina denbora igaro da, ezagutzen naute, eta sinesten dute nigan. Sinesten dute nire hitz egiteko moduan, nire indarrean, gauzak aldatzeko nire gogoan. Egia esan, abantaila bat da, eta gazteek ere konfiantza dute nigan, gertukotzat naute, eta honen guztiaren parte direla sentitzen dute.

Zer esan nahi du ordezkaritza partekatuak? Zertan datza zuen sistemak?

Sistema horren bidez, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna lortu nahi da. Herriaren antolaketak bien eskuetan egon behar du. Lan-banaketa parekidea egin behar da. Aspalditik darabilkigu helburu hau eskuartean, eta praktikan jartzeko garaia iritsi dela ikusi dugu. Kurduen askapenerako mugimenduaren baitan dago emakumeen askapenerako borroka, pertsonak askatzeko borroka. Kurduak ez dira aske izango emakumeak aske ez badira: ez dugu herri askerik izango emakume askerik gabe. Emakumeek argi eta garbi erakutsi dute borrokarako duten gaitasuna, eta eraldaketarako tresna indartsua direla ikusi da. PKKri esker hasi ziren emakumeak antolatzen eta borrokatzen, duela 35 bat urte. Mugimendua mendietan hasi zen, batez ere. Aurreko hauteskundeetan hautagaien %40 ziren emakumeak, orain %50etik gora izan gara.

Öcalanek ireki zizkigun begiak. Hari esker hedatu zen borrokarako grina, eta emakumeen askapenerako borroka beharrezkoa zela ikusten hasi ziren herritarrak. Emakumeak eurak ere, gero eta antolatuago zeudela ikusita, indartzen joan ziren. Orain askoz ausartagoak gara. Emakumeak aske izango gara, eta gaur egungo borrokari esker izango da. Gure sistemarekin parekidetasuna gailenduko da bizitzako arlo guztietan: ekonomian eredu parte hartzaile batekin, lan munduan emakumeok ere parte hartuko dugu, eskolak sortzen jarraituko dugu, antolakunde feministak, emakumeen eskubideen aldeko etxeak… Ez diegu torturatutako eta bortxatutako emakumeei aterpea soilik emango: biziberritu egingo ditugu. Kooperatibak sortuko ditugu, ahalduntzeko. Denok pertsonak garela sentiarazi nahi dugu, gizonen maila berean egon behar dugula.

Gobernuak ez du inondik inora guk aldarrikatzen dugun sistema onartzen, baina beste aldaketa askorekin gertatu den bezala, onartzea beste erremediorik ez zaio geratuko azkenerako. Udalean hartutako erabaki orok bi alkateen sinadura izan beharko du. Sinadura bakarra balego, proiektua edo erabakia ez da aurrera aterako. Edozertarako, bi alkateen hitza beharko da.

Mardingo alkate hautatzen bazaituzte –azkenean horrela gertatu zen–, zeintzuk izango dira zuen lehen urratsak Udalean?

Lehenik, emakumeen segurtasuna eta bizi-baldintzak hobetzeari ekingo diogu. Akademiak eta kooperatibak sortuko ditugu emakumeentzat. Emakumeen hiria izango da gurea. Historiari erreparatzen badiogu, Mardin emakumeek sortutako herria izan omen zen, eta historia hori berreskuratu nahi dugu.

Demokrazia eta horizontaltasuna dira BDPren programaren oinarriak. Nola bermatuko duzue Mardingo komunitateen parte hartzea?

Duela 5.000 urte erlijio guztiak batera bizi ziren. Ez zegoen istilurik elkarren artean. Juduak, jazidiak, asiriarrak… denak elkarren ondoan bizi ginen, elkarren artean ezkontzen ginen. Baina Gobernuak erlijioen eta kulturen arteko istiluak sustatu zituen, eta, gaur egun, herritarrek atzera egin nahi dute, guztien eskubideak errespetatzen ziren garaietara, elkarrekin bizitzeko inolako arazorik izan gabe. Mardinen hainbat eta hainbat kultura, erlijio eta hizkuntza daude, eta denen ordezkaritzak egon behar dute Udalean. Askotan, kurduak bizi diren inguruetara hurbiltzen naizenean eta asiriarrez hitz egiten entzuten nautenean, poztu egiten dira. Kultura ezberdinen aldarrikapenak bildu eta eztabaidatuko diren guneak eraikiko ditugu, modu horretara herri demokratikoan bizi gaitezen.

Zeintzuk dira Mardingo arazo nagusiak? Zer neurri hartuko dituzue arazooi aurre egiteko?

Ekologia eta gizartea demokratizatzeaz gain, denon eskubideak bermatu nahi ditugu, parekidetasuna lortu arte. Askatasun demokratikoa eraikiko dugu. Egia da, Mardin hiri zoragarria da, oso leku politak ditu eta paisaia ikusgarriz inguratuta gaude, baina gehientsua erabat suntsituta dago. Leku historiko guztiak suntsituta daude. Suntsitutakoa berreraikiko dugu, konponketak egingo ditugu, gure jatorria baitira. Pena ematen dit dena hala ikusteak. Benetan saiatuko gara dena berreraikitzen.

Ekologia gure oinarrietako bat izango da. Zaborrarekin ere arazo larria dugu. Zaborra eta hondakinak kudeatzeko sistemak aztertuko ditugu, herria garbi mantentzeko. Bestalde, identitateak askatzea ere gure zeregin nagusienetako bat izango da.

Zenbat kultura bizi dira gaur egun Mardinen?

Jazidiak, arabiarrak, kurduak, asiriarrak, armeniarrak… Orain urte batzuk judu dezente zeuden. Gaur egun ez dira gehiegi ikusten, ezkutatu egiten dira, asimilazioaren beldur. Juduek ere euren identitatea ere askean bizi dezatela nahi dugu.

Zer neurri hartuko dituzue kulturaniztasuna errespetatu eta berma dadin?

Milaka urte daramatzagu denok batera bizitzen, eta beste hainbeste igaro nahi ditugu. Elkarbizitza arazoak baditugu, egia da, baina Estatuak eragindako arazoak dira, zalantzarik gabe. Adibidez, Turkiako Estatuak berak egin zuen 1914ko armeniarren sarraskia. Gogorra da horrelako gertakariekin elkarbizitzari eustea, baina, berez, ez dugu arazorik, eta elkarbizitza baketsuaren alde egingo dugu lan. Mardinen hautagai izendatu nindutenean, komunitate askok (aleviek, jazidiek…) zoriondu egin ninduten. Badakigu bakean bizi nahi dutela herriek, eta elkarrekin bizitzen jarraitu nahi dutela. Eta Mardinen, gainera, hala bizi gara; auzoetan gertatzen dena ikusi besterik ez dago. Mardinen eta Urfan komunitate asko bizi dira elkarrekin. Turkian, orokorrean, sekulako aniztasuna dago, komunitate eta erlijio asko daude, baina horiek guztiak asimilatzen saiatzen da Gobernua. Ez dugu horrelakorik nahi. Turkia guztirako programa bakarra erabili nahi dute, baina hori ez da posible, herriek ez dute biziraungo, komunitate guztien elkarbizitzarako programa bat sortu ezean.

Hizkuntza gutxituen programarik diseinatu al duzue? Zenbat hizkuntza irakatsiko dira Mardinen? Udalean zein hizkuntzatan hitz egingo da?

Mardinen dauden hizkuntza guztietan hitz egiteko aukera egongo da Udalean: asiriera, arabiera, kurduera, zazakia... Ama-hizkuntzak sustatzen saiatuko gara, hizkuntzak ondo zaindu nahi ditugu, kulturen eta identitateen isla baitira. Orokorrean, turkieraz egongo dira idatzizko dokumentu eta abarrak, baina ama-hizkuntzan eskatzen duen edonork eskuragarri izango ditu eskatutako hizkuntzan. Gainera, jende askok, adinekoek batez ere, ez dakite turkieraz hitz egiten Mardinen. Hala ere, duela bi urte, turkieraz soilik hitz egin zitekeen, debekatuta zeuden gainontzeko hizkuntzak. Gure asmoa hizkuntza horiek guztiak bermatzea da. Norbaitek arabieraz hitz egin nahi badu, noski izango duela arabieraz hitz egiteko eskubidea, eta arabieraz erantzungo zaio.

Ekonomiaren garapenerako eta langabezia murrizteko programarik diseinatu al duzue?

Langabezia ez da Mardinen dugun arazoa soilik, Turkia osokoa baizik. Emakumeei eta gazteei lagundu nahi diegu bereziki lana bilatzen, sektore kaltetuenak izan ohi baitira. Gainera, Mardinen nekazari eta abeltzain asko daude, ehuneko oso handia dira; eta gaur egun, enpresarien eskuetan dago ekonomia eta nekazarien lana.

Mardin herri turistikoa ere bada, eta gure herria, txokoak eta historia erakutsi nahi ditugu. Herriak dituen beharren araberako lanpostuak sortuko ditugu; lehenik Mardinen dugun egoera ondo aztertuko dugu, eta, bide horri jarraiki, proiektuak sortuko ditugu garapen ekonomikoa eta guztiok bizi-baldintza duinak izatea bermatzeko. Lehen, oso ohikoa zen, adibidez, senideek eta lagunek Udaleko karguak hartzea, baina orain lan gaitasunaren eta lanerako gogoaren arabera hautatuko dira langileak, ez lagunak izate hutsagatik.

Ingurumena eta jasangarritasuna bultzatzeko programarik diseinatu al duzue?

Mardingo erdiguneari erreparatzen badiozue, oso lehorra dela ikusiko duzue; ez dago ezer, ez gune berderik, ezta garbitasunik ere. Fabrikek asko kutsatzen dute eta ez da ia neurririk hartu. Ekologiak pisu handia du gure programan: hondakin-uren arazketari ekingo diogu, eta kontsumituko dugun ura edangarri bihurtuko dugu. Ura non aurki dezakegun ikusi dugu, baita zein zuhaitz mota landa dezakegun ere, betiere hiriaren klimara egokituz. Mardin hiri berdea eta garbia bihurtuko dugu. Itzultzen zaretenean aire garbia arnastuko duzue!

Azken urteotan eraikuntza ugari egin direla ikus daiteke. Zer hirigintza plan du hiriak?

Mardin kanpoaldean beste hiri bat eratzen ari dira. Ez gaude batere ados eraikuntza masibo horrekin. Interes espekulatibo hutsa dago atzean. Itsu-itsuan ari dira negozio bila. Bitartean, hiri zaharra suntsitzen ari da. Etxe luze eta estuak eraikitzen ari dira, elkarren ondo-ondoan, eta ez dute zerikusirik betiko Mardinekin. Ezin dugu desegin eraikita dagoena, ditugun baliabideak ondo erabiltzen ikasi behar dugu; hau da, ditugun eraikinak biziberritu behar ditugu. Eraikuntza masibo hori guztia gelditzera goaz. Etxeak solairu bakarrekoak edo bikoak ziren lehen, ez zegoen halako eraikin alturik. Horrez gain, minusbaliotasunak dituzten pertsonentzako irisgarritasuna hobetuko dugu. Trafikoarekin kezkatuta gaude. Parkeak egingo ditugu haurrentzat, eta gune berdeak eta plazak, herritarrak elkartu eta elkarbizitza estutzeko... Epe luzeko programa egin dugu, aldaketa guztiok ez baitira bost urtetan gauzatuko. Pauso irmoak emanda garatuko dugu programa.

Zure iritziz, udal hauteskundeetan horrenbeste hautagai emakumezkoak izateak nolako eragina izango du inguruko herrialdeetan?

Aurrez ere egon ziren emakumeak gobernuan jartzeko saiakerak, baina oztopoak jartzen zituzten etengabe eta ezinezkoa zen. Borroka aspalditik dator, ez da duela hilabeteko kontua. Gainera, ez da soilik Turkiako borroka, beste herrialde askotan ere borrokak aurrera darrai: Iranen, Sirian, Iraken… Rojavan izugarrizko iraultza egiten ari dira, eta iraultza horren oinarria emakumea izan da. Horrelako iraultzak ez dira bat-batean pizten, denbora luzez ereindakoak izaten baitira. Bestalde, emakume kurduok harreman estua dugu hainbat herrialdetako emakumeen borrokekin, eta hala izaten jarraituko du.