Iñaki Soto
Datorrena

Zer izango da hurrengoa, Raquel Welchen posterrak?

Britainiar agintariek kartzelara joatea merezi dute kartzela politikan egiten ari direnagatik. Tira, pasa egin naiz. Beste askok ez bezala, nik ez diot inori kartzelarik opa. Heriotza akaso bai, baina kartzelarik ez. Tira, hemen ere pasa egin naiz, baina esaldi punk honek badu egiatik zerbait. Behin baino gehiagotan azaldu dut kartzelaren auzian abolizionista naizela. Poliziarik gabeko mundurik ez dudala imajinatzen baina kartzelarik gabekoa bai, alegia, kartzelarik gabeko sistema politikoarekin amesten dudala (ikusi http://goo.gl/zovZXZ  eta http://goo.gl/gf9PbE)). Britainiar kartzela administrazioko agintariek, ordea, ametsik gabeko kartzelatuekin amesten dute.

Izan ere, kaleko lagunek presoei liburuak ematea debekatu dute orain. Baita presoek kartzela barruan gitarra eduki eta jotzea ere. Arrazoiak ohikoak dira: kasu batean, segurtasuna (“In The Name Of The Father” filmean puzzle batekin egiten zuten bezala, eleberri baten orrialdeak LSDz bustitzearen beldur dira, antza); beste kasuan, musika egitea «pribilegioa» omen dela. Antza, “Il nome de la rosa”-ko agureak egiten zuen bezala orrialdeak miazkatuz gero, bidaia askatzailea izan dezakete gatibuek eta “My name is Luca” abestiko akordeak jotzen ikastea ezin da edonoren esku utzi. Kartzelari propio zaion arbitrariotasuna baliatuz, beraiek erabaki nahi dute zeini ematen dioten makila eta zeini azenarioa. Jakina, politika berri hau kartzelako bizitza are gogorragoa egingo duen murrizketa programa baten barruan sartzen da.

Fikzioan, kartzelako istorioek gizakiaren onena ateratzen dutela uste dut. Alegia, kartzelari buruzko film bat ikusi edota eleberri bat irakurtzen ari garela, bihotzez presoak ihes egitea nahi ez duenak bihotzik ez duela esan daiteke. [Barka emendakina ez onartzea, baina, niretzat, psikopata eta bortxatzaile gutxi batzuen kasuek, milak batzuk izanagatik, ezin dute milioika pertsona kaltetzen dituen sistema bat justifikatu; lehenik eta behin, kasu horietan kartzela ez delako inondik inora lagungarria]. Fikzioan ez bezala, ordea, errealitatean presondegia guk guztiok barruan dugun deabruaren jostailurik kutunetakoa da. Edozein arazo soziali gehienek ematen dioten ofizioko erantzuna kartzela izaten baita. Puntu honetan “Das Experiment” pelikula gomendatzen dizuet, deabru hori gu guztion azaletik zer gertu dagoen ikusteko.

Filmez ari garela, behin, Montrealen nintzela, bideo-denda batera joan ginen. Langileek gomendatutako pelikulen sekzio bat zegoen. Ideia bikaina iruditu zitzaidan. Bertan, langileetako batek, kartzelari buruzko hamar film hautatu zituen. Kuriositatea piztu zidan. Zergatik egingo ote zuen hautaketa hura? Hautu ideologikoa izango zen? Kartzelan egondakoa izango zen? Bertan lagunen bat edo senideren bat izango zuen? Ez nuen kontua argitu, baina, filmen aukeraketa ikusita, kartzelan girotutako filmak zenbateraino maite ditudan konturatu nintzen. Horien artean gogokoena “The Shawshank Redemption” da, gure artean “Cadena perpetua” gisa ezagutu genuena. Montrealgo zerrendan ere lehendabizikoa zen. Britainiar agintarien erabaki makurren harira, pasarte hartaz oroitu naiz eta nire buruari galdetu diot: «Zer izango ote da hurrengoa, Raquel Welchen posterrak debekatzea?».

Debeku hauek iskanbila sortu dute britainiar kulturaren munduan. Besteak beste, PEN klubak liburuen debekua altxatzeko kanpaina abiatu du eta hainbat musikarik, Billy Bragg buru dutela, kartzeletan gitarrak baimentzeko exijituz gutun publikoa idatzi dute. “The Guardian” egunkariak hainbat idazleri (Martin Amis, Ian McEwan...) kartzelan dagoen lagun bati ze liburu oparituko lioketen galdetu die. Nik irla batera zer eramango zenukeen itauntzen duen galdera ezaguna birformulatu eta kartzelara zer eramango luketen galdetuko nieke. Erantzuna zaila da, jakina, baina, gaur-gaurkoz, nik neuk Scarlett Johanssonen posterra, Gerry Adamsen memoria politikoak, eta, azken horren omenez, gitarra ez baizik eta bohran bat eramango nuke, sikiera kartzelariak zoratzeko. Saoirse, Gerry. •