Zubiak eraikitzen ari dira Gipuzkoako eta Bilboko Txinatar Institutuak
Ezaguna zaigu euskal enpresek Txinan garatzen duten jarduera ekonomikoa, baita horren ondorioz bi herrien artean sortutako lotura ere. Ez da hain ezaguna, baina, hezkuntza eta kultura ardatz hartuta bi herriotan zubi lana egiten duten erakundeen errealitatea. Gipuzkoako eta Bilboko Txinatar Institutuak dira horren adibide.

Miren Gabilondo eta Jie Shen Gipuzkoako Txinatar Institutuan aurkitu ditugu. Euskalduna da bata, txinatarra bestea. Bi herrialdeen arteko zubi lanean sinesten dute eta bien artean zuzentzen duten erakundea horren adibide garbia da.
Pasio handiz hitz egiten du Miren Gabilondok. Gaia bizi duen bezalaxe mintzo da. Neurri berean. Gipuzkoako Txinatar Institutua (www.institutochinogipuzkoa.com) berak sortu zuen. «Nire bizitzako proiektua da», aitortu du.
Oso gaztetatik etxetik kanpora ibilia da. «Irlandara bi hilabete eta erdiz joan nintzen 15 urterekin. Inor ez zen joaten orduan. Kontuan izan, orduko 15 urte ez ziren gaur egungoak! Nire bizitzako esperientziarik onena izan zen, oroitzapen ezabaezinak ditut», kontatu du.
Londres, Paris eta Madrilen bizi izan da, eta bidaiatuz beste kultura batzuk ezagutzeko aukera bera eskaini nahi die orain gazteei. Aisialdiaz gozatze hutsaz harago, etorkizunerako hazia ereitea da beretzat. «Zubi lana egiteko ezinbestekoa da txikitatik prestakuntza egokia eskaintzea. Zubi lanik ez dago harreman pertsonalik gabe. Gainera, komunikatzeko, harremanak egiteko gaitasuna garatuko dute umeek eta Parisen, Londresen edo New Yorken etxean bezala sentituko dira», gaineratu du.
Atzerriko merkataritzan aritu da urte luzez lanean. Eta munduko herrialde guztien artean, Txina du jomugan. «Nire lanbideari esker gertutik jarraitu dut Txinaren garapena. Desberdintasunak handiak izanik ere, lotura asko ditu gurekin; herri zaharrak gara bata zein bestea. Hain garbi ikusi nuen harremana sustatu behar genuela! Txina munduaren ardatza da. Argi ikusi nuen duela hamar bat urte. Gu ezin gara inoiz haien lehiakide izan, txikiegiak gara, baina euren aliatu onenak izan gaitezke Europan. Begira nola dagoen Europa, erdi suntsituta... Gu haien lagunak izan gaitezke. Eta hau da gure jendea horretarako prestatzeko unea. Eta prestatzea ez da hizkuntza ezagutzea bakarrik. Enpresa munduko profesionalak eta unibertsitate ikasleek horretara mugatu beharko dute, baina haurrek ez. Umeekin aurrerapausoa eman behar da, beste denen aurretik. Adin bereko haurren artean harreman pertsonala sortzen da. Erakunde publikoek euskal enpresei han laguntzeaz ari dira. Horretarako aurretik zimenduak jarri beharko dituzu, ezta?», bota du.
Alboan du Jie Shen. Berari ere nabari zaio Gipuzkoako Txinatar Institutuan egiten duena ez dela lan hutsa, gehiago dela. 2008. urtetik bizi da Euskal Herrian. «Nazioarteko Merkataritza eta Informatika ikasi nituen. Pekinen eta Shanghain lanean aritu nintzen. Beste hizkuntzak ikastea abantaila zen niretzat, eta gaztelera ikasi nahi nuen. Madrilera joan nintzen. Bidaiatuz Euskal Herrira etorri, orain senarra dudana ezagutu, eta hona etorri nintzen», gogoratu du.
Txinatarren hizkuntzara eta kulturara gerturatzeko eskaintza zabala da. Ikasturtean zehar ematen diren eskolez gain uda garaian ikasketak modu trinkoagoan egiteko aukera dago. Horretarako, udalekuak eta ikastaro intentsiboak antolatzen dituzte Euskal Herrian zein Txinan bertan, gazteei eta helduei zuzenduta.
Batetik, 2-16 urte bitarteko gazteek udalekuak izango dituzte Bilbon eta Donostian. Kaligrafia, Historia eta Geografia ikasiko dituzte. Irteerak ere egingo dituzte, gastronomia ahaztu gabe. 16 urtetik aurrerako helduentzat, berriz, ikastaro intentsiboak prestatu dituzte uztailean Donostian eta Bilbon. Bestetik, Shanghaiko Sisu Unibertsitatean (Shanghai International Studies University) egonaldia antolatu dute. 16 urtetik gorakoentzat da eta 3-6 aste bitartean luzatuko da.
Eta aurten, lehenengo aldiz, Xiamengo Unibertsitatean bertan ikasteko aukera luzatu dute. 12-16 urte bitarteko gazteek aukera aparta dute. «Xiamengo eskolarekin elkarlanean egin dugu, eta guretzat garrantzitsua da hori. Aurrerapausoa da guk geuk hemendik propio diseinatzea. Hemendik begirale batekin joango dira», diote.
Iaz bekak eskaini zituzten. «Txinako Gobernuak estatu osorako hamalau beka ematen ditu Pekinen eta Shanghain. Guk lau lortu genituen gure ikasleentzako. 13 urtetik gorako ikasleak joan ziren. Bi astez luzatu zen egonaldia, baina ez zen udalekua izan. Guretzat garrantzitsua da Txinarekin duten lehenengo kontaktua gustura egitea, era ludikoan, abentura bezala», nabarmendu dute.
Gobernuaren interesa
Jie Shenek antolatu du unibertsitateko egonaldia eta han egongo da egun haietan. «Txinako Gobernuak hizkuntza eta kultura ezagutarazteko interesa dauka. Xiamengoa ikastetxea publikoa da, eta, Txinan, ikastetxe onenak publikoak dira. Ikastetxearen helburua beste herrialdeetako gazteek herrialdea eta hizkuntza ezagutzea da», azaldu du.
Ainhoa Urmeneta joango da Xiamenera begirale bezala. «Hango bizitza nolakoa den bertatik bertara ikusteko oso aukera ona da. Txinera askoz hobeto ikasten duzu batetik, eta, bestetik, bertako kultura barneratzen duzu», esan du. Txinera ikasten hutsetik hasiko direnei edo oinarria dutenei, denei, zabaldu zaie aukera. «Batzuk gure ikasleak dira, baina ez denak. Ziur gaude han asko hobetuko dutela», dio.
Urmeneta duela zazpi urte hasi zen txinera ikasten. 18 urte zituen. Betidanik gustatu izan zaizkio hizkuntzak eta garbi zuen txinera ikasi nahi zuela. «Ezberdina delako. Behin hiztegia ikusi nuen eta beste mundu bat zela konturatu nintzen. Oso polita iruditu zitzaidan», esan du.
Hain garbi zuen txinera ikasi nahi zuela Bartzelonara joan zela Itzulpengintza ikastera, Euskal Herrian karreran ez baita txinera irakasten. Ikasketak bukatu eta Pekinera abiatu zen, Atzerriko Hizkuntzen Unibertsitatera. Urtebetez egon zen han. «Ni hasi nintzen garaian txinera ez zegoen hain modan. Karrera bukatuta konturatu nintzen Txinara joan behar nuela txinera ondo ikasi nahi banuen. Beste aukerarik ez zegoen. Hango jendearekin bizi nahi nuen».
Esperientzia polita izan zen, hizkuntzatik harago joan zena. «Bosgarren maila, C-1, atera nuen. Ez da hizkuntza bakarrik, nolakoak diren eta nola bizi diren bertatik bertara ikusi behar da. Lagunak egin nituen eta hango bizimodua ikusi nuen».
2011-2012 ikasturtea zen. Gero Txilera jo zuen, enpresa txinatar batera lanera. «Oso polita izan zen. Baina hori beste kontu bat da. Txinatar kultura Txile bertako kulturaren barnean, hainbeste kultura dauzkazu... Gaur egungo mundua horrelakoa da», esan du, irribarrez.
Gipuzkoako Txinatar Institutuan kolaborazio lanak egiten ditu gaur egun. Ez dauka zalantzarik. «Nire garaian udalekuak egin izan balira, dudarik gabe joango nintzateke!», dio.
Txinatarrez daukagun irudi “itxia” hankaz gora bota du Urmenetak. «Unibertsitatean eta eskoletan ohituta daude atzerritarrak han ikustera. Poztu egiten dira guk haien hizkuntzarekiko agertzen dugun interesagatik eta beti saiatzen dira zugana hurbildu eta hitz egiten», dio.
Txinatar Institutuko ordezkariak pozarren daude. Izan ere, Pekingo Konfuzio Institutuak Euskal Herrian txinera azterketa ofiziala egiteko eskumena eman die. «Espainiar legediaren arabera txinerako titulazioa eskuratzeko Hizkuntza Eskola Ofizialetik pasa behar duzu. B-2 titulua ematen dizute, laugarren mailari dagokiona. Europa mailan homologatuta dago C-2 titulura arte, Estatu espainolean salbu. Orain arte Estatuan bospasei hiritan egin izan da azterketa. Eta iazko abenduan lehen aldiz Bilbon egin genuen. Unibertsitateek ere eskatu izan dute azterketa hemen egin ahal izatea, baina orain arte beste inori ez zaio baimenik eman. Gu izan gara lehenak. Ia 80 pertsonak egin zuten azterketa».
Aurten txikienek ere egin ahal izango dute azterketa. «100 haur inguruk eman dute izena eta helduak ere beste horrenbeste dira momentuz. Iaz Bilbon azterketa egin aurretik beste 130 pertsona ere aurkeztu ziren, denak gure ikasleak, Madril, Bartzelona eta Leonen», diote.
Ezinbestean, euskaldunon eta txinatarren arteko harremanak ditugu hizpide. «Hemen bizi diren lagun txinatar gehienek bikote euskalduna dute, nik bezala. Beraz, harremanak egiterakoan ez daukagu besteek duten zailtasunik. Irakasle espainiar bat ezagutu nuen lagunik ez zuena, hemen kuadrillan ibiltzen zaretelako. Guk ere geure aldetik jarri egin behar dugu, ez zait iruditzen gizarte hotza zuena. Lehenengo pausua guk eman behar dugu hemen gaudenez, nire kasuan, euskara ikasiz», esan du Jie Shenek bere asmoaren berri emanez.
Eta ezin ahaztu euskaldunon txinatarrei buruzko aurreiritziak. «Hemen merkatariak diren txinatarrak herri jakin batzuetatik iritsi dira, gaztelera eta euskara jakin gabe. Zaila egiten zaie lagunak egitea. Ezer gabe etorri dira hona. Hutsetik hasi dira eta lehenengo pausua beren negozioa martxan jartzea da. Ez dute konfiantzarik beren buruarengan hemengoekin egoteko. Beldurra edo lotsa ematen die hemengo hizkuntza ez menderatzeak. Ez da ez dutela harremanik nahi, inork ez du nahi bakarrik egon. Hizkuntzarik jakin gabe ezin dute besteentzat lanik egin eta negozio propioa mantentzea oso gogorra da. Familiak garrantzi handia du eta beren seme-alabei bizimodu hobea eskaini nahi diete», adierazi du. «Batzuek memoria eskasa dute eta ahaztu egiten dute euskaldunak nola bizi ginen duela hamarkada batzuk. Nola egin dugu aurrera? Ekinez. Txinan ere berdin», gaineratu du Miren Gabilondok.
Gipuzkoa herri ekintzailea dela nabarmendu du. Bi ikasleren adibidea dakar. Lander Grijalba da bat. «Hamabost ikasle genituen etorri zenean. Hango Gobernuaren beka eskuratu eta Txinara joan zen. Lehen urtean Txinako Enbaxadan eta hurrengoan Orbea enpresan aritu zen. Horixe nahi zuen berak. Orbeako kontratua bukatzean erabakia hartu beharra zuen: Euskal Herrira itzuli edo Txinan lan bila hasi. Nik galdera batekin erantzun nion: ‘Zertara joan zara Txinara?’. Geratu egin zen, asko arriskatuz. Hango enpresa batean lanean hasi zen. Hamabi atzerritar zeuden eta enpresan geratu den bakarra bera izan da. Hizkuntza hobetzeaz gain zer lortu du? Txinako enpresa batean lan egitearen esperientzia izatea. Horixe egin behar dugu, hori da gure lan garrantzitsuena», esan du Gabilondok.
Beste adibidea, Patxi Mujika. «Sekulakoa da. 12 urterekin aitak lanean jarri zuen. Batxilergoa ere ez dauka eta ingelesa ikasi ondoren txinerarekin saiatu nahi zuen. Donostiako akademia handi batean aritu zen txinera ikasten. Han ez zen moldatu eta guregana etorri zen. Laugarren maila atera du. Interes handia dauka. Duela bi urte Shanghain egon zen, han daukagun programa intentsibo batean. Pozik zegoen, ulertzen zuen eta berari ere ulertzen zioten. Gainera, unibertsitatean zegoen lehen aldiz!», jarraitu du, pozik.
2007an hiru ikaslerekin hasi –«irakasleak, txinatarrak, ez zeukan esperientziarik eta ikasleei ez genien kobratzen»– eta ia 400 ikasle izatera pasa dira. «Txinera irakasteko zentro handiena gara Euskal Herrian», nabarmendu du Jie Shenek. Donostiako zentroan 300 ikasle dabiltza. Bilbon ere badute beste egoitza bat iazko urritik, 100 ikasle ingururekin.
«Hasieran Txinan bertan enpresak dituzten gurasoen haurrak ziren ikasleak. Orain denetarik dago. Guraso txinatarren seme-alabak ere guregana datoz txinera ikastera. Ikastetxean euskara, gaztelera eta ingelesa ikasten dute baina gurasoek txinera menperatzea nahi dute. Etxean egiten dute, baina hiztegi murritza dute. Idazlanak egiteko elkartu egiten ditugu guraso txinatarren eta euskaldunen umeak. Elkar aberasteko balio die. Institutuan sortzen diren harremanen eredua Txinan bertan garatu nahi dugu», dio Gabilondok.
12-17 urte bitarteko gaztetxoek udalekuez gozatzeko aukera izango dute aurtengo udan. Txinan bertan, Xiamen hirian. Ekainaren 23an maletak hartuta abiatuko dira, uztailaren 15era arte. Hiru astez Xiamengo Foreign Language School Txinako eskola entzutetsuan egongo dira. «Prestigio handiko eskola da. Bertako irakasleak atzerritarrei txinera irakasten espezializatuta daude», adierazi du Urmenetak. Egunean zehar denetarik egingo dute: txinera ikasi, txinatar kaligrafiaren sekretuak ezagutu, hainbat kultur eta kirol jardueratan parte hartu...
Elkarbizitza sustatu nahi dute udalekuek. Jarduera batzuetan elkarrekin egongo dira Euskal Herriko eta Txinako neska-mutilak. «Eskolaz kanpo, adin bertsuko gazteen eguneroko bizimodua nolakoa den gertutik ikusteko aukera izango dute. Ikasleen familiekin harremana izango dute», gaineratu du. Ostatua ez dute etxeetan hartuko, eskolako egoitzan baizik, baina bertan txinatar gazteekin batera egongo dira, asko barneko ikasle moduan baitaude.
Gipuzkoako eta Bilboko Txinatar Institutuak dira Estatu espainolean Xiamengo eskolarekin lankidetza duten bakarrak. Euskaldunekin batera, Europako beste hainbat herrialdetako ikasleak ere egongo dira hezkuntza zentroan.
Argitalpen akademikoen mafiari erresistentzia

«Euskal Herrikoan kantatzea ederra litzateke, Xalbadorren garaitik ez da baxenabartarrik»
Lotura zuzena

Primi Erostarbe, panderojole-irrintzilari aparta gizonezkoek okupatutako plazan
