09/05/2014

Eta 2017an zer?

Europako kultur hiriburu izendapena eman gabe zegoenean Kordobak irabaztea nahi nuela esan nuen publikoki. Ez nuen Kordobaren mesedetan esan, Donostiaren alde baizik. Asmatzaile gisa etorkizunik ez dudala argi geratzeaz gain, inoiz Urrezko Danborra irabazteko aukera guztiak ere kareletik bota nituen.


Zergatik aurkeztu zuen Donostiak Europako kultur hiriburu izateko izendapena? «Hiriarentzat ona delako». Eta hori diotenean, batez ere «ekonomikoki» ona esan nahi dute. Inbertsioak eta turismoa. Inbertsioena, gainera, kuriosoa izaten da, amaieran, ia beti, inbertsio publikoa izaten delako. Orain arte ez dut inon ikusi ez bertoko ez nazioarteko enpresa, marka edota korporazio esanguratsurik DSS2016 egitasmoa taxuz babesten. Bestetik, turismoari dagokionez, turismo saturazioak turismoa bera uxatzen duela uste duen inozo horietakoa naiz.


Gisa honetako ekimenetara izendapena aurkeztearen arrazoia bestelakoa izaten da. Aurreko udal agintariek, trebezia handiz, epe luzeko proiektua martxan jarri eta ondorengo urteetarako hiritarrak liluratuko zituen itsasargia eraiki zuten. Proiektu honi esker, udal ekimen orok marka zehatz eta identifikagarria lortuko zuen. Estrategia sozio-politiko gisa ere ez zen batere ideia txarra. Hain gustuko zuten faroen figura aproposa erabiliaz, zetozen urteetan, hiritarren begirada haiek markatzen zuten norabidera begira jartzea lortzen zen, bide batez, beren faroak argitzen ez zuen oro itzalean utziz.


Alkate ohiak sekula espero ez zuena gertatu zen ordea. Hauteskundeak galdu eta, bere kapritxora zuzentzen zuen hiriaren makilarekin batera, DSS2016 proiektua «zuzentzeari» uko egin behar izan ziola. Eta, bat-batean, proiektuan sinetsi ez eta ordura arte kritiko zirenek jaka aldatu zuten eta barkuaren kapitain bihurtu ziren. Bestetik, DSS2016 egitasmoaren defendatzaile eta propagandista ziren hainbat komunikabide, luma eta donostiar detolalavida horiek, piraten moduan, barkua abordatzeari ekin zioten. Aurreko udalak proiektua zuzentzen jarritako arduradunek, ia beti, korrontearen alde egin zuten igeri. Oraingo udalak jarritakoek ur gaiztoagoak izan dituzte. Baina, zer espero zuten ba? Kantauri itsasoa Karibeko ur lasaiak ziren ustetan hartu al zuten kargua? Hori bai, aurrekoek eta oraingoek ez zuten inolako kexarik azaldu kobratutako soldatekin. Eta gero badira, bai lehen eta bai orain, beti dimititzen dabiltzanak baina sekula alde egiten ez dutenak.


Cordoba 2016ren alde egoteak ez du esan nahi Donostiaren kontra joatea, baizik eta DSS2016k ordezkatzen duen goitik beherako kultura modelo masibo eta mastekatuan ez sinestea, komunikabideek azal ikusgarriak lortzea helburu duten egitasmoak ez babestea, hizkuntza teoriko eta kontzeptu endogamikoak erabiltzen dituzten kultur «aditu» eta goi mailako funtzionarioek beren curriculumak betetzen ez laguntzea, “kultura” eta “turismo” hitzak elkarrekin datozela saltzen saiatzen direnei beren «produktua» ez erostea... Eta hau guztia esan ostean, proiektuan sartuta daudenei eta egongo direnei (aurretik hauteskundeak daude eta) ahalik eta lan txukunena eginaz asma dezaten eta DSS2016 arrakastatsua izan dadin opa diet. Behin itsasoratuta, barkua portura eramatea komenigarriagoa baita urperatzen ikustea baino.
Baina lerro hauekin, DSS2016 faro erraldoiaren argiaren itzalean geratzen diren eguneroko kultur ekimenen sustatzaile eta eragileei aipamena egin nahi nieke: Lakuako bulegoetatik hasi (bai bertan ere jende konpetentea badagoelako), kultur etxeetako langileetara, gaztetxeak, argitaletxeak, aretoak, tabernak, artistak, zineklubak, galeriak, herri guztietan dauden musika, dantza eta antzerki taldeak, eskolak, irakasleak, sareko aktibistak... ahaztu gabe. 2017a iristen denean, atzo eta gaur bezalaxe, horiek guztiak izango direlako «kultur hiriburua» egunero eraikitzen jarraituko dutenak. Ea orduan, logotiporik gabeko kamiseten garaian, zenbat politikari hurbiltzen zaizkien. •