maider.eizmendi@gaur8.info
TXINA

Langileak euren eskubideak aldarrikatzen eta greba deialdiak egiten hasi dira

Ez da ohikoa izan Txinako langileen protesten berri izatea. Azken denboran, ordea, asko ugaritu dira. Orain hilabete eskas ia 60.000 langilek egin zuten planto Yue Yuen enpresaren atarian eta enpresariak euren eskaerak entzun beste erremediorik ez zuen izan. Euren protesta eredu eta akuilu izan da beste makina bat langilerentzat.

Langileak euren eskubideak aldarrikatzen eta greba deialdiak egiten hasi dira
Langileak euren eskubideak aldarrikatzen eta greba deialdiak egiten hasi dira

Pauso txiki bezain tinkoak emanez, Txinako langileak hasi dira planto egin eta lan eskubideak aldarrikatzen. Azken denboran greba protestarako bide gisa baliatzen hasi dira langileak eta enpresak eta agintariak larritu egin dira.


Walmart enpresak ez zuen orain artean inolako arazorik izaten bere dendetako bat itxi behar zuela iragartzen zuen bakoitzean. Changde hiriko egoitza itxi eta 143 langile kalean geratuko zirela jakinarazi zuenean, ordea, bestelako egoera batekin egin zuen topo. Langileek protesta egitea erabaki zuten, eta, dendaren sarrera oztopatzeaz gain, hainbat pankarta ere jarri zituzten. Mugimenduaren buruan jarri zen Huang Xingguo langilea, itxi asmo zuten dendako buruzagi sindikala. Huang Xingguok orain artean inork egin gabeko zerbait lortu zuen: enpresa langileei eman beharreko kalte-ordainak negoziatzera behartzea. Walmart enpresako langileak eta euren ordezkari sindikala, horrenbestez, eredu eta akuilu bilakatu dira bai beste enpresa batzuetako langileentzat bai orain arte apenas arrakastarik izan duen Txinako Sindikatuen Federazio Nazionalarentzat.


Era berean, halabeharrez, protesten eta greben ugaritzea gertutik ari dira zaintzen orain artean Txinan inolako oztoporik aurkitu gabe jardun duten multinazionalak, askori irabazietan zuzen-zuzenean eragiten die-eta egoerak. Hori da, besteak beste, Yue Yuen enpresa hornitzaile duten kirol etxe ezagun askoren kasua. 1969an Tsai familiak sortu zuen enpresa eta egun 423.000 lagunek egiten dute lan munduan barrena zabaldutako enpresa erraldoian. Iazko urtean 313,4 milioi oinetako pare ekoitzi zituzten eta 5.800 milioitako irabaziak izan zituzten. Marka ezagunek jarritako prezioek enpresaren mozkin-marjinak estutzen ditu eta erantzun gisa hainbat neurri hartu ditu; besteak beste, 2012 eta 2013 artean 37.000 langile kaleratzea, nahiz eta epe berdinean enpresaren produkzioa igo egin zen.


Mozkinak handitzea helburu


Apiril erdian, Yua Yuan enpresak Dongguan hirian duen egoitzako milaka eta milaka langilek greba abiatu zuten. Arrazoi nagusia enpresak pentsioak ordaintzeko egin beharreko ekarpena ez zuela osotasunean betetzen jakin zutela izan zen. Izan ere, langileek salatu zutenez, 480 dolarreko lansaria badute ere, enpresak 288 dolarreko soldata hartzen zien kontuan ekarpenak egiteko. Ondorioz, erretiroa hartzerakoan pentsio oso baxuak izatera kondenatuta zeuden langileak. Lanaldi amaigabeak ere salatu nahi izan zituzten grebarekin langileek.
Enpresari ez zitzaion azkenean langileekin eseri eta euren eskaerak entzutea beste erremediorik geratu, ordaindu beharrekoa ordainduko zuela promes egin arte. Yue Yuenek kaleratutako komunikatu batean azaldu zuenez, grebak iraun zuen bi asteetan enpresak 19,46 milioi euroko galerak izan zituen. «70eko hamarkadan enpresa ireki zenetik izandako protestarik handiena izan da; antolaketa lan handia eskatu du, baina azkenean sekulako arrakasta lortu dugu. Enpresak erretiroari dagozkion kuotak eta bestelako zorrak ordainduko ditu, bai hemendik aurrera, bai atzeraeraginez ere», azaldu du Zhang Zhiru langileei laguntza emateagatik atxilo eraman zuten ekintzaileak.


Zhang Zhiruren ustez, azkenaldiko protestek Txinako langileek euren eskubideen gaineko gero eta kontzientzia handiagoa dutela azaleratu dute. Era berean, batasunak indarra ematen diela ikusi dute langileek.


Borrokarako prest


Iritzi berekoa da Geoffrey Crothall China Labour Bolletin elkarteko komunikazio arduraduna: «Langile gehienek euren eskubideak ezagutzen dituzte, eta gero eta gehiago eskubideon alde borrokatzeko prest dira». Bere ustez, legeak ezartzen duenaz harago, langileak «justua dena» eskatzen hasi dira. Belaunaldi berriak dira, elkarte honen ustez, aldaketa eragiten ari direnak. Gazteen eraginagatik izan edo ez, aldaketa agerikoa da: iazko datuekin alderatuta, aurtengo lehen hiruhilekoan grebak hirukoiztu egin dira.


Protesta egiteak, ordea, arriskuak ere baditu, greba deialdi asko langile eta polizien arteko liskar larriekin amaitu dira eta. Protesta egiteagatik kartzelan urtebete eman duenik ere bada. Hori da, esaterako, Wu Guijunen kasua. Shenzhen altzari enpresako jabeak enpresa lekuz aldatzeko asmoa erakutsi zuen, baina langileei inolako kalte-ordainik emateko asmorik gabe. Langileak kalera irten ziren egoera salatzeko eta Guijun atxilotu eta espetxeratu egin zuten horregatik.
Aurrerantzean izango diren grebetan agintariek hartuko duten jarrera funtsezkoa izango da China Labour Bolletin elkarteko programa kudeatzailearen ustez: «Lan interesen eta enpresarien interesen artean oreka lortzea lagungarria izango da grebek eragiten dituzten kexei aurre hartzeko, eta horretan lan egin beharko dute agintariek».