Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa
arkitektura

Gizarte hirigintza

Gizarte hirigintza
Gizarte hirigintza

Krisia dela eta, gero eta gehiago hitz egiten da gizarte ekonomiaz. Hau da, pertsonak eta gizarte helburua kapitalaren gainetik ezartzen duen ekonomia bidezkoaz. Hirigintza ere, jakina, gizarte patroi horretatik beretik pentsatu eta gauzatu liteke, azken hamarkadotan jazotako jokabide eredu gainbaliozale hutsetik harago. Eskuineko postura erosoetatik entzun ohi den kritika zabalduaren aurka, azken bolada luzeotan egiazko proiektu alternatibo eta eraikitzaile bat osatzen ari baita ezkerreko pentsamoldean, parametro positiboetatik, lehiakortasun gupidagabearen aurrean gizarte –eta ekologia– efizientzia lehenesten dituena; eta, egiturazko proiektu handinahi eta beharrezko horretan, hirigintzaren alorrak ez luke salbuespenik izan behar.


Iragan otsailaren amaieran EHUko ekonomia eta enpresako zenbait irakaslek idatzitako “Pertsonen zerbitzurako ekonomia baten alde” manifestu interesgarriak ederki sakondu zuen esandako gizarte ekonomiaren nondik norakoetan. «Ezin dugu ekonomia gertaera eta erabakien konplexutasunaren atzean ezkutatzen jarraitu, betiere nolabaiteko ospe tekniko bat emanez, hain zuzen ere erabaki politikoak adituei soilik dagozkien erabaki teknikoak direla justifikatzen duen ideiaren mesedetan». “Ekonomia” terminoa “hirigintza” hitzak ordezka lezake lasai asko. Zergekin batera, Administrazio Publikoaren finantziazio tresnarik garrantzitsuena izan baita hirigintza. Hortaz, ekonomiaren ikuspegi sozialagoa aldarrikatzen den bezala, hirigintza ere gizartera begira egitea eskatu beharko litzateke. Nola, ordea? Hainbeste aipatzen den gizarte kohesioa errazteko hiria eraikiz: dentsitate baxuko aldiri barreiatuak bultzatu ordez, hirigune trinkoaz eginez; segregazio zonifikatua sustatu ordez, erabilera anitzeko auzoak eraikiz; plangintza erabakiak goitik behera hierarkikoki hartu beharrean, herritarrekin partekatuz eta adostuz; autoa lehenetsi ordez, oinezkoengan eta txirrindulariengan gehiago pentsatuz; hirigintza kudeatzeko udal sozietate opakoak sortu ordez, eredu gardenak erabiliz; mundu mailako hiri lehiakortasun espantsionistan pentsatu ordez, gertuko ekonomia laguntzeko hirigintza politika iraunkorrak gauzatuz; aukera-eremuen birkalifikazio espekulatiboaren doktrina kapitalista azkarraren aurrean, gutxika egiten den eta ikusgarria den hirigintza erreala hezurmamituz; lehen sektorea indartuz; azpiegiturak errentagarritasun sozialaren arabera neurtuz…

«Interes kolektiboa aintzakotzat hartzen duten joko-arauen baitan proposatu behar dira jarduera ekonomikotik eratorritako negozio eta errentagarritasunak, eta ez alderantziz» zioen, halaber, aipatutako manifestuak. Kendu “ekonomikotik” eta jarri “urbanistikotik”, berriro ere, eta gizarte hirigintzaren oinarrietako bat agertuko zaizu. Irizpide horrek, arestian azaldutakoekin batera, komunitaterako hirigintza sozial berri(tu)aren eskuliburua osatzen lagundu beharko luke. Berandu baino lehen landu beharreko eskuliburua. •