Iratxe Esnaola
Informatika Ingeneria
teknologia

Google albiste

Ez dakit baden asterik Google etxearen albisterik argitaratu gabe. Beharbada ia egunero edo egunero argitaratzen dira, baina irakurtzen ditugun iturriek pasatzen duten filtroan galtzen dira batzuk, ziur aski. Edozein kasutan, albiste zaparrada horretan, Googlek berrikuntza teknologikoaren buru eta teknologia guztien aitzindari gisa aurkezten du bere burua, baina askotan jartzen dira zalantzan bere jarduerak, eta baita bere zenbait zerbitzuren jarraipena ere.
Horren adibide da, adibidez, FairSearch Coalition entitateak eskatu duen azken azterketa kriminala, Google etxearen negozio-praktikak ikertzeko helburuarekin. FairSearch entitateak Google beraren lehiakide diren zenbait enpresa biltzen ditu (Microsoft, Nokia, TripAdvisor, eta Oracle, besteak beste) eta gobernu-agentzia ezberdinei Google etxearen aktibitate komertzialen gaineko kexak maiztasun handiarekin helarazten dizkie.


Fair Search entitatearen azken iniziatiba Pastebin webgunean argitaratutako salaketa batzuetan oinarritzen da (http://pastebin.com/qh6Tta3h). Bertan, Googleko langile ohia dela ziurtatzen duen pertsona batek, Google etxeak AdSense zerbitzuarekin dirua lapurtzen duela baieztatzen du. Googlek, noski, akusazio guztiak ukatu ditu eta «fikzio hutsa» direla adierazi du. Izan daiteke. Ezin da ahaztu ordea Google ez dela gobernuz kanpoko erakunde bat eta publizitatetik bizi dela, AdSense eta AdWords gisako zerbitzuekin.


Publizitatetik bizi da baina zerbitzu asko eta asko eskaintzen ditu eta horietako bat da Google+. Google+ Googlek Facebook arrakastatsuari merkatua kentzeko sortu duen laugarren sare soziala da, gutxienez. Aurretik sortu eta itxi zituen Google Buzz, Orkut eta Google Wave. Baina zalantzarik gabe Google+ izan da horietatik arrakastatsuena. Are, Facebook beraren atzetik erabiltzaile gehien dituen sare soziala da. Baina etorkizuna ere jokoan izan dezake, diotenez.
Duela oso gutxi Vic Gundotra, Google+ dibisioko zuzendariak bere karguari uko egin zion, azken zortzi urteotan Google etxearentzat lan egin ondoren. Horren ondotik etorri dira zenbait filtrazio, Googlek barne mailan Google+ dibisioaren estrategia serioski planteatzeko beharra mahai gainean jarri duela adierazten dutenak. Filtrazioek ez dute Google+ ixteko aukera zabaldu, baina bai Google etxearen baitan duen izaera estrategikoa jaitsiko dela. Hau da, diote Google+ jada ez dela produktu bat, plataforma bat baizik, eta, hortaz, ez dela Twitter edo Facebook sare sozialen lehiakide kontsideratzen. Googlek hori ere ukatu egin du, Vic Gundotraren uko egiteak ez duela Google etxearen estrategian ezer aldatu azpimarratu duelarik.

Googlek kanpotik esaten zaizkion guztiak ukatzen ditu. Eta, noski, bien bitartean, berrikuntza teknologikoaren buru gisa aurkezten du bere burua. Zentzu horretan, azkenetako albistea bere Chrome nabigatzailean URL helbideak ezkutatzeko asmoa da. Ez URL helbidea bere osotasunean, domeinu-izena mantenduko luke. Hau da, adibidez, http://www.domeinuak.eus/eu/komunitatea/ web orria erakusterakoan, helbide osoa erakutsi beharrean, beti http://www.domeinuak.eus erakutsiko luke, ondoren dagoen guztia ezkutatuz. Erabakia segurtasun kontuekin lotua dago, batez ere phishing-a (http://eu.wikipedia.org/wiki/Phishing) bezalako aktibitateak saihesteko. Prozedura hau Apple etxearen iOS sistema-eragilean oinarritzen omen da, baina oraindik ez omen dute nabigatzailean behin betiko txertatzea erabaki.


Poztu naiz albiste hori irakurrita, .EUS domeinua abiatu berri dugun honetan, .EUS domeinua bera are ikusgarriagoa bilakatuko lukeelako. Espero dezagun, hurrengo kasuetan ere, berrikuntza teknologikoaren izenean egingo diren garapen berriek ez dutela sortu berri dugun tresnaren ibilbidea oztopatuko. •