16/05/2014

Kattalin Miner
Hurbileko polizia maitea

Egiatik Donostiako Erdialdera noala, edo Parte Zaharrera, bide horretan bakarrik, nahi nukeen baina polizia gehiago ikusten dut. Aspalditik nauka honek larrituta, izan ere, Ertzaintzaren patruila bat edo bi, batzuetan konejera batzuk (ez dakigu zer maniobra garrantzitsutan), nola ez, udaltzaingo maiteak, naranjitoak “zer edo zertan”, eta, bukatzeko ginda, Bulebarrean edo hortik barrena, ezberdintzen zailak diren udaltzain edo zipaio parea pasieran. Hauek den-denak hamabost minutuko ibilaldian, hauek denak gure zerbitzura omen.


Hiriak bi hiritar motetan banatu daitezke: polizia ikusi eta seguru sentitzen diren horiek, eta polizia ikusi eta zer edo zer txar egin ote dugun pentsatzen hasten garen horiek; seguru sentitzetik oso urrun gauden horiek.


Lagun batek esaten zuen, “bakearekin” batera gizentzen hasi ziren lehenengoak bizkartzainak izan zirela, utzikeriaz, erlaxatuta bezala, baina logikak agintzen dueneraino haiekin Lanbide edo INEMeko ilaretan topo egin dugu maiz. Ertzaintza eta bestelako “gorputz polizialek” ordea, gizendu badira ere, ez dituzte Lanbideko ilarak loditu, dirudienez, kaleak haiekin betetzea askoz ideia hobea iruditu zaie batzuei.


Pentsatuko dute batzuek agian, hori dela “elkarbizitza eta normalizaziorako” bidea: poliziarekin kafe bat hartzea. Urkulluren gobernuak hainbeste hurbildu nahi izan du polizia hiritarrongana, literalki eta fisikoki alboan jartzea otu zaiola, gure balizko segurtasunaren izenean.


Urrunago joanda, Madrila hain zuzen, Esperanza Aguirrek argitu dizkigu dudak: polizia matxista omen da. Zorionak Espe, ongietorri zapalduon klubera. Polizia ez da matxista, polizia patriarkala da. Polizia estatuen, edo edozein instituzioren, indarkeriaren monopolioa exekutatzen duen hori da. Polizia, legez eta izatez, kalean barrena gertu izanez zure gainetik dagoen “autoritatea” da. Aitatxo ari da kaleak zaintzen, dirudienez aitatxo estatua ari da gugana hurbiltzen.


Polizia da sinbolikoki hil behar litzatekeen lehen instituzioa, polizia da gorputz injustuena, legez kanpokoena, hiltzaileena, inpuneena, garestiena, absurdoena. Polizia zerbitzari harroputza da, Virginie Despentesek zioen bezala, hotelaren jabe dela uste duen langile sumiso harroputza da polizia. Esklaboen buru den esklaboa, McDonalds bateko enkargatua, boterea hartzen duen ahul hori.


Eta hara non, bake garai hauetan kalean barrena nahikoa polizia ez badabil jada, non ikusten dudan Estatuaren, kasu honetan Jaurlaritzaren, perbertsio handiena: Ertzaintzaren filak handitzeko iragarki bat. Hara non, berdintasunaren izenean agian, iragarkiaren protagonismoa andrazko bati eman dioten. Polizia gehiago behar al dugu? Gehiago maiteko al dugu polizia andrazkoa bada? Gertuago sentitu agian? Eta, ez al dago nahikoa polizia bete lanean jada? Ez al dago nahikoa polizia sistema judiziala bera kolapsatzen denuntzia tontoenekin? Ez al dago nahikoa polizia gasolina gastatzen gure herri eta hirietan patruilatzen? Badirudi ezetz, bake garaiek polizia gehiagoren beharra dutela. Bakea, autoritatearen “normaltasunak” ekarriko duela.
Nazkatuta nago polizia guzti horrekin, nazkatuta nago begirada autoritarioekin, nazkatuta nago jarraipenekin, akosoekin, horiek denekin. Izan ere, poliziak ez dio patriarkala izateari utziko emakumeak uniformatzearekin, benetan polizia herritarren zerbitzura jarri nahi badute, egitura poliziala aldatu beharko litzateke, egitura patriarkal eta militar hori.


Benetan herritarren zerbitzurako polizia bat nahi badute, kaleetatik atera beharko lirateke, hiritarrak zelatatzeari utzi, torturatzeari utzi, gomazko ezta algodoizko pilotak izateari utzi, interpelatuak izateko gaitasuna garatu, inpunitatea ezabatu. Bakea poliziak ekarriko badu, bide bat eta bakarra baitute: hiritarrak bakean uztea. •