Nagore Amondarain
Hezkuntza teknikaria
hiriaren lo(r)aldia

Riverside

Rekalde taberna Donostiako zaharrenen zerrendan dago.
Rekalde taberna Donostiako zaharrenen zerrendan dago.

Hiri baten loraldia edo loaldia bertako komertzio txiki zein tabernek markatzen dute. Urritasunean baino, hauen hazkundean eta aniztasunean dago hiri edo auzo baten bizitza. Tabernen kasuan, esango nuke, hauek ematen dietela aterpe astean zeharreko edo egunerokotasuneko artega eta erritmo biziari. Bertan hartzen baitugu sarritan deskantsua, garagardo, ardo, zuku edo pintxo zein bokata bat lagun.

Aurreko astean irakurri nion Imanol Epelde zarauztarrari “Donostiatik bueltatu berri. Ederrak dira oso Rekaldeko bokatak”, eta pentsatu nuen makrobiotiko batentzat agian ez direla onenak baina Imanolek beste zerbait dastatu zuela Rekalde tabernan, hori zela mezuaren sakoneko bizipena. Egon badaude generazio berriko bokatak hor zehar, ogi motak aukerak jartzen dituztenak, tofu, seitan zein mila saltsa aukeran jartzekoak. Baina Donostiako Aldamar kaleko Rekalde tabernak beste saltsa bat du. Taberna bete poz izaten du normalean, barraren alde bietan. Taberna moduan 1955etik omen dago zabalik, Donostiako taberna zaharrenen zerrendan legoke, beraz.

Elkarte gastronomikoen erritualekin apurtzen dute tabernek, sozietate endogamikoen alternatiba dira, alegia. Eta askok kritikatuko naute esango dudanagatik, baina gazteen lokalen pareko ari zaizkit bihurtzen elkarte gastronomikoak, zer nahi duzue esatea. Noizbehinka hitzordu masiboetarako oso egokiak dira lokal edo sozietate hauek. Guraso berrien lokal ere hasi dira bihurtzen, eta horrela izango da agian, umeak lasai ederrean egoteko toki bat, eremu ziurra nonbait. Baina norbere kuadrilla edo zirkulutik harago, eremu ez-ziurrean beraz, beti dago jende desberdina agurtzeko aukera taberna batean, batarekin eta bestearekin berba egitekoa; auzoan gertatu denari buruz berba egingo dizu batek edo tabernariak asteburuan burutuko den ekimen baten berri eman diezazuke. Donostiako Rekaldera ere hego haizearekin batera hasi dira iristen kolore anitzetako trobadore, bidaiari eta hego haizeak jotako asko, eta denei ematen zaie aterpe. Denok ez bagara behintzat hego haizeak jotako arima errariak.

Ostalaritzako low costaren alternatiba ere izan daiteke ostegunetan, Groseko pintxo pote fenomeno deskribaezinaren alternatiba. Tabernarien kolorerik gustukoenekin urtero margotzen duten arren taberna, berdin dio pintura eskuak, arin batean betetzen baitira hormak ekitaldien afixekin; asteburuko ekintza kultural edo aldarrikatzaileen agenda dirudi batzuetan. Erreferentziazko gune bat da bertakoentzat zein bisitarientzat, ez dago dudarik. Eta hori ez du garagardozaleen ekosistemak soilik egiten, tabernarien dohaina da arreta, zaintza eta giro ona. Beraiek jartzen dute ekimen askotarako hazia, dela ekainaren 8ko giza katerako berrogeita hamar kideko zerrenda, zein Donostiako Piraten abordatzean ateratzen den Aldamaran ontzia, Irrikitaldirako estandarte propioak… Finean ekosistema txiki bat harilkatzen dute, lemazain on batekin.

Lemazain hori gai izango da biharko egunez, bezeroak bertso bazkari baten bueltan biltzeko. Biharko egunez, taberna itxita eta tabernarien jai eguna izanda ere, BEC txiki bat antolatuko dute; taula gainean kantatu zuten bi bertsolari Riversideko ekosistema zirikatzen izango ditugu. Beste horrenbeste urte opa dizkiot Riversideko aterpeari! •