Jose Angel Oria
irakurrita

Sudanen heriotza zigorra kristauentzat, eta Israelen, bazterketa eta kartzela

Meriam Yahya 27 urteko emakumearen kasua salatu du Amnesty International erakundeak. Maiatzaren 15ean flagelaldia eta urka ezarri zizkioten eta bere egoera «kritikoa» da une honetan. Hogei hilabeteko umearekin daukate atxilotuta eta aurki bigarren umea jaioko zaio. «Ezin dugu gehiago itxaron. Mesedez, sina ezazu Meriamen exekuzioa geldiarazteko eskaria», nabarmendu du Esteban Beltranek Amnesty International erakundearen webgunean. Sudango Justizia Ministeriora bidaliko dituzte sinadura guztiak, Meriam Yahya aska dezaten eskatuz.

Gobernuz kanpoko erakundeak berak jakinarazi du Meriam Yahyaren senide batek salatu zuela emakumearen «krimena»: gizon kristau batekin ezkondu izana, legedi islamikoak debekatuta daukana. «Adulteriotzat» hartzen omen dute emakume musulman bat gizon kristau batekin ezkontzea.

Epaiketa egin ziotenean, Yahyak bere kristautasunari eutsi zion. Apostasia leporatu zioten, eta urkatuta hiltzera zigortu. Amnesty International erakundekoek diote «kontzientzia-preso» bat dela Meriam Yahya, eta berehala eta baldintzarik gabe askatu beharko luketela.

Sudanen gutxiengoren bateko kide izatea oso garesti ordaintzen dela erakusten du Meriam Yahyaren kasuak, baina bertatik ihes egitea ia ezinezkoa da, Fides Vatikanoko berri agentziak ezagutzera eman duen salaketaren arabera. «Israelgo Negev basamortuko atxiloketa eremu bat kristauz beteta dago», irakur zitekeen aste honetan bertan plazaratutako informazioan.

Fidesekoen arabera, Holot izeneko atxiloketa zentroa basamortuan dago eta bertan 2.300 gizon dauzkate Israelgo agintariek, gehienak kristauak. Eritreatik eta Sudandik ihes egindakoak dira, Israelera iristea noizbait lortu zutenak. Maiatzaren 15ean Jerusalemeko Patriarkatu Latinoak hamahiru kidez osatutako ordezkaritza bidali zuen bertara, David Neuhausek zuzenduta, Holoten dauzkaten atxilotuek dituzten bizi baldintzen inguruko informazioa biltzera. Horietako bi lagunek baino ez zuten lortu zentrora sartzeko baimena.

Gaur egun 2.300 pertsona dituzte Holoten, baina lagun gehiago kabi daitezen egokitze lanak egiten hasiak dira. Egunean hiru aldiz zenbatzen dituzte. Teorian zentrotik irten eta aske mugitzeko aukera dute, baina hori teoria hutsean geratzen da, bazter guztietatik urruti baitago Holot, eta atxilotuek debekatuta baitaukate garraio publikoa erabiltzea. Hamar ohe dituzten gelatan igarotzen dute gaua. Atxilotu gehienak Eritreako Eliza Kopto Ortodoxoko kideak dira eta hiru apaiz daude beraiei laguntzeko. Egunez egiten duen bero jasangaitzaren berri eman zieten bertakoek bisitariei; ezer egiterik ez izateak eragiten dien sufrimendua esplikatu zieten, elikadura eskasa izaten dutela eta osasun zerbitzua txarra dela jakinarazteaz gain. «Presoentzako eremu batean daudela pentsatzen duzu zein baldintzatan dauden entzutean», zioen ordezkarietako batek. «Zergatik gaude hemen? Zer krimen egin dugu? Noiz askatuko gaituzte?», omen dira beraien galderak, gehien egiten dituztenak. Eritreara edo Sudanera itzultzeko aukera erabat baztertuta daukate, bertan hil egingo lituzketelakoan. Liburuak eta irakasleak eskatzen dituzte, eguna nolabait bete ahal izateko.

Galdera horien tankerakoak egin zituzten orain hiru hilabete inguru Holoteko zentroaren aurrealdean protesta egin zuten etorkinek. «Tel Aviveko erregimenari eskatu zioten Estatu sionistari iheslari estatusa onartu gabe etorkinak atxilotzeko aukera ematen dion legea bertan behera uzteko», zioen Noticiaspia.org webguneak banatutako testu batek. Informazioak eransten zuen gerratik ihesean milaka etorkin iritsi direla azken urteotan Israelera. Beraien eskubideak bortxatu egiten dituztela-eta, mobilizazioak egin izan dituzte Israelgo agintariak estutu nahian. Horietako bat Tel Aviven egin zuten urte hasieran. Afrikar jatorriko paperik gabeko milaka lagunek esku hartu zuten. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoak berak ere salatu du Israelen jarrera. •