Unai Gorrotxategi
komunikazioa

Kultur kaiolak

 Kultur kaiolak
Kultur kaiolak

Eduki digitalak zabaltzeko, azpiegitura izatea behar-beharrezkoa da. Egia da, iragan hurbilean ez bezala, gaur egun baliabide gutxiago behar direla. Paperezko liburu bat publikatzeko inprenta bat behar da. Liburu digital bat publikatzeko, aldiz, ordenagailu bat. Aldea nabarmena da. Hala ere, eduki digital guztiek ez dute baliabide behar bera. Adibidez, bideoak ostatzeko (Youtubek egiten duen bezala), ordenagailu eta Interneteko konexio arrunt batekin ez da nahikoa.

Demagun bideoak ostatzeko zerbitzu bat martxan jarri nahi dugula. Ikus-entzunezko egile independenteentzako egingo dugu zerbitzu hau. Politika eta gizartearen inguruko dokumentalak edo filmak jarriko ditugu bertan. Entretenimendurako bideoak gorde eta ikusteko aukera egongo da, baina, batez ere, salaketak egin, eraldaketa soziala bultzatu eta eskubide zibilak aldarrikatzera bideratuko dugu zerbitzua. Hasteko, zerbitzua emango duen webgunea programatu eta diseinatu beharko dugu. Zerbitzari deitzen diren ordenagailu berezi eta garestiak erosi edo alokatu beharko genituzke. Gainera, zerbitzariok, Interneteko konexio bizkorra duten datacenter izeneko ostatuetan gorde beharko genituzke. Eta azkenik, aukeratzen dugun datacenterra, adierazpen askatasuna bermatzen duen estatu batean kokatua egon beharko litzateke. Jakina denez, estatu horrek ezin du ez Espainia ezta Frantzia izan. Beharbada Suedia izan daiteke. Lehen begirada batean, behar ekonomiko dezente aurreikus ditzakegu. Suediako prezioak, gainera, gureak baino garestiagoak dira...

Bada, proiektu hau jaiotzear dago. Makusi.tv du izena eta proiektua egia bihurtzeko finantziazio kanpaina martxan da jada (http://goteo.org/project/makusitv). Momentu honetan finantziazioaren %66 lortu dute jada, baina asteburu honetan bukatzen da finantzaketa lortzeko epea.

Gaur egun eskura ditugun teknologiak izanik, kultur zabalkundeak errazagoa izan beharko luke. Baina ikusten dugun bezala, legediak eta azpiegiturak alde edukitzea ezinbestekoa da. Azpiegiturak autogestioaren bidez lor daitezke. Legedien kasuan, aldiz, borondate politiko kontua da. Alderantziz izan beharko luke, baina, askotan, borondate politikoa da kulturaren zabalkundea balaztatzen duena. Horren adibide da diru publikoz lagunduta dauden eta DRM sistema txertatzen duten eduki digitalak. DRM sistema eduki digitalei jartzen dioten kaiola besterik ez da, sorkuntza konpartitua izan ez dadin. Baina ez hori bakarrik, sorkuntza digital hori nola kontsumitu behar dugun ere erabat baldintzatzen du: zer formatu erabili behar dugun, zenbat denboraz, zer gailu balia dezakegun… Iraganeko negozio eredu asko DRM sistemaz baliatzen dira eskasia artifizialki sortzeko. Muga hauek guztiak kulturaren zabalkundearen aurka doaz, eta, gainera, kultur berrikuntzak galarazten dituzte. Erakunde publikoek DRM sistema duten sorkuntza lanak laguntzen dituztenean, kulturaren zabalpenaren aurka ari dira, gu guztion baliabideekin.

Bide horretan, Eusko Jaurlaritzak eta euskal editore batzuek liburu digitalak on line mailegatzeko akordioa sinatu dute. Akordio horren bidez, hogei aldiz bakarrik mailegatu ahal izango da liburu bakoitza lizentzia berritu gabe. Eusko Jaurlaritzak 2014an 25.000 lizentzia inguru erosiko ditu, 8.750 euskarazkoak eta 16.250 gaztelaniazkoak. Akordio horretako zehaztapen asko paperaren garai eta mundutik eratorritakoak dira. Azpiegitura handiak behar zireneko garaikoak. Egileei ordaindu behar zaie, noski, baina iraganeko formulekin ezin da gaur egungo kulturaren zabalkunde digitala antolatu. Egile eskubideak ezin dira inolaz ere herritarren oinarrizko eskubideen gainetik egon. Are gehiago, editore batzuen interes ekonomikoak ezin dira inolaz ere herritarren oinarrizko eskubideen gainetik egon. Kultura oinarrizko eskubidea bada behintzat. Interes askok jokatzen dute partida hau, baina, aurretik aipatu bezala, borondate kontua ere bada. Hau guztia aldatzea, Gure Esku Dago. •