Mikel Soto
koadernoa

FM/AM

Zutabe bat idazteak todologo xamar bihurtzen zaitu halabeharrez. Beraz, nire esku ez dauden mila gauzei buruz pontifikatzen irakurtzeaz nazkatu direnentzat, horra beharbada eskurago izan dudan zerbaiti buruzko hainbat iritzi solte (irakurleak antolatuko dituelakoan).

Ekainak 8ko giza katea esperientzia kolektiboa izateaz gain, pertsonala izan zen: nik Sakanan bizi izan nuen eta Kataluniakoan parte hartutako sakandar batek zioen bezala, «zeinen hotzak garen euskaldunak. Katalunian jendea estasian zegoen eta hemen...». Egia zen; leku askotan giza katea bihotz-ukigarri izan zen arren, nire tartetxoan ehunka euskaldun esku izerditsuak elkarri eman behar izateaz deseroso geunden. Eta, hala ere, neuk neure malkotxoak bota nituen.

Izaera edo ohituragatik mobilizazio klasikoen zalea naiz, nahiz eta, Jules Winfieldek esango lukeen bezala, «saiatzen naiz, intentsitate handiz saiatzen naiz». Izan ere, konturatzen naiz eredu berritzaile eta alaien garrantziaz, baina asko kostatzen zait nire seriotasun propioa gainditzea. Urteetan zehar mila antzerki eta txorrada egin ditudan arren, «insumisos p’alante militares p’atrás» oihukatzen zirenetan «laralalalalaaaa» egiten ez zuten –edo, are, sufritzen zuten– horietarikoa naiz, labur azaltzeko. Baina, segur asko, Gure Esku Dagoren ibilbide laburrean indar eta etorkizun gehien izango duten ideietako bi buenrollismoa eta jite berriko folklorismoa dira (gure barruko apaiz euskaldun serio ergel horrekin borrokan: zenbatetan ez dudan entzun mobilizazio hau “kopiatu” dugula, behin Korrika bururatu zitzaigulako beti sortzen egon beharko bagina bezala! Ni, Unamunorekin bat: «Que inventen ellos»).

Bestalde, dinamika honen hedaduraren abiadura erabakiko duen printzipioa ideal demokratikoa da. Herri honen sentimendu nazionala baliagarri da mugimendu hau egituratzeko, baina ez da gai hurrengo estadiora eramateko. Ezagutu ditugu horrelakoak (intsumisioa, euskal presoak Euskal Herrira...); gutxi batzuen konpromisoaren eta diskurtsoaren modulazioak gizarte osoaren onartzea eta inplikazioa dakar. Demokraziaren sakontze nahi hiritar horrek lagunduko luke ere ekimenean ezagutu dugun “atlantismoa” gainditzen, hau da, herri honen errealitate linguistiko, politiko eta baita estetiko anitzekiko utzikeria edo, are, itsutasuna.

Azkenik, bi ahots potente entzun/irakurri ditugu ia une berean antzeko zerbait esaten: autogobernurako ponentzian Koldo Saratxagak eta “Berriak, oro eder” artikuluan Mario Zubiagak hezkuntzan, eredu energetikoan, ekonomian... autodeterminatzeko dugun beharra gogorarazi digute. Gure Esku Dagoren eginbeharra da eten puntu horietan hiritar bakoitzarentzat nahitaezkoa den erabakimen esparrua jartzea: auzoa, gorputza, elikadura, sexu-aukera... Sarri aurpegiratzen zaigu abertzaleoi gizarte gaiak atzean uzten ditugula. Guretzat dena aberria dela eta immigrazioa, pobrezia... bigarren mailan daudela beti (beti pentsatu dut ad hoc egiten zaigun salaketa tranpatia dela, izan ere, unean une gure ahuldadearen arabera aipatzen dira borrokok). Egungo krisi pertsonal, politiko eta instituzionalaren oinarrian bizitza publiko eta pribatuan izan dugun erabakimen krisia dago. Gure esku dago behar herritar hori artikulatzen jakitea, hor baitago herri honen etorkizuna.

Mario Zubiagak aipatu artikuluan zioen bezala,«aldi historikoak ez dira egun batetik bestera aldatzen». Eta hala da; ekimen honen sinbolo gisa erabil genezakeen Martin Amisen liburuaren izenburua: “The Pregnant Widow”, haurdun dagoen alarguna. Izan ere, herri honek hamarkadak eman ditu FM frekuentzian emititzen, zituen ustezko abantailengatik. Kalitatea handia da, informazio kantitatea ugaria eta bandan lekua dago hamaika emisiotarako. Baina FMak luzera laburretan funtzionatzen du eta zuzen hedatzen da, beraz, uhinek ez daukate non errebotatu urrunago heltzeko. Ondorioz, ez da urrun heltzen. Adituek diotenez, migrazio analogikoak ahalbidetuko du frekuentzia baxuko baina hedadura luzeko AM seinalea gugana lehengo FMaren kalitatearekin heltzea. Adi seinaleari, zuen esku dago. •