Joseba Otondo

Krisia? Zeren, noren krisia?

Erregimenaren krisia Nafarroan, estatu ereduaren eta lurralde krisia Ebro hegoalderat… Azken hamarraldietako trantsizio-ondoko egitura politikoa dardarka omen dago, kinkan.

Alta, balizko lurralde eta politika krisi hori ematen den aldi berean herritarren bizi baldintzen makurtze orokorrarekin bat, adierazle desberdinek aberastasunaren pilaketa handitu dela diote. Irudi luke erregimenaren aitzinaldea dela zartatzen eta arrailtzen ari dena, zeren boteregune ekonomikoak sendo irauten baitu. Egitura ekonomikoari ustelkeria eta iruzurraren palastak ez dio sobera eragiten eta kapital pilaketa aldi berriaren oinarriak ere ezartzeko gai izan dira: lan eta pentsioen erreformak, mozketak, bankuen erreskateak… Oligarkia ekonomiko-finantzarioa bere klase programa franko aise aitzinarazten ari dela ematen du.

Baldintza horietan erregimenaren krisia eta horren egiazko arrakala zenbaterainokoa den jakitea ez da erraza. Eta herritar sufrituen ikuspegitik egoera krisi termino hutsetan aztertzea arriskutsua izan daiteke. Nafarroako Ubideak edo AHTren lanek diru publikoaren xahuketak jarraitzen duela erakusten dute. Nafarroako Kutxaren desagerpenaren faktura politikoa nolakoa izanen den ez dakigu, baina Kutxabanken pribatizazioan pausuak emateko ez zaie eragozpen iruditu. Zerga iruzurragatik zigortutako enpresariek kiratsa darien proiektuak sustatuz darraite, eta, horretarako, Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Plan Sektorialen makulua erabiltzeko arazorik ez du, Gendulain adibide.

Jendeak etorkizun hurbilari dion beldurra, kronifikatutako langabezia aski kontuan hartzeko bizi-egoerak dira. Ubidearen kostuak ez du haserrealdirik piztu, nahiz haur eskoletarako dirurik ez duela gaztigatu Gobernuak. Negozioek eta txantxulloek segitzen dute. •