oihana.llorente@gaur8.info

Rous Boisier

Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta Durangon aurkeztu du Rous Boisier txiletarrak «Pérdida» goiburua duen argazkigintza proiektua. Gaixo duen amaren buruan gertatzen ari zena interpretatzeko saiakera artistikoa da Begira Photo jaialdian jarri duen erakusketa. Obraren aurrean jesarrita, proiektu artistiko eta sendagarriaz aritu zaigu.

R ous Boisier (Temuco, 1985) Txiletik datorkigu eta “Pérdida” goiburua duen argazki sorta ekarri du besazpian. Durangon egin dugu hitzordua, ekainaren 10etik 29ra bitarte bertan ospatzen den Begira Photo jaialdian jarri baitu bere erakusketa.

Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta ezezagunen aurrean ireki behar izan du bere oskola Boisierrek, lan benetan intimoa eta pertsonala ekarri baitu Durangoko museoaren paretetara: gaixo duen amaren buruan gertatzen ari zena interpretatzeko saiakera artistikoa, hain zuzen ere.

Boisierren ama, 53 urte inguru zituela, inoiz gainditu ez duen depresio batean erori zen. «Defentsak jaitsi eta hor hasi zen bukaerarik gabeko dekadentzia», azaldu digu hunkituta. Etxera bueltatu eta ama zaintzean jarri zituen energiak Boisierrek. Amaren makulu zela sortu zen egitasmoa. “Zergatik ez irudikatu amak bizi duen egoera hau?” ideia bere buruan piztearekin batera ekin zion lanari. Prozesu luzea izan da, urte eta erdi ingurukoa. Hasierako irudiak, gainera, ez zituen batere gogoko izan. «Oso zakar eta bistakoak ziren, zuri-beltzean eginak eta erabat mingarriak. Minetik egindakoak ziren, eta nahi baino ageriago jartzen nuen bai nire ama bai neure burua ere. Morbosoegiak ziren nolabait esateko, eta hasieratik baztertu nituen», ekarri du gogora.

Proiektua bera sendagarria izan da txiletarrarentzat, izan ere, mina beti bidelagun izango zuela ulertu, eta, onarpenarekin batera, Rous bera aldatu egin zen. «Nolabaiteko heldutasun bat eskuratu dut denbora tarte honetan, egoerak bere horretan jarraituko zuela ulertu eta onartu ostean, egoeraren jabe egin eta hura gobernatzen ikasi nuen», dio konbentzimenduz. Argazkigintza proiektuak ibilbide bera egin du eta Rousek eta amak partekatutako prozesu intimo horren lekukoa jaso du.

Burbuilan sartzeko saiakera

Bereziak dira oso obrak biltzen dituen lanak. Batetik, familia albumetik berreskuratutako amaren argazki zaharrak daude. Zuri-beltzean, denboraren testigu isilak. Eta bestetik, Rousek berak ateratakoak. Kolorea dute, baina kolorearen indarra galdu egiten da atmosferan. «Ama, nolabait esateko, burbuila batean bizi da, eta nire lanarekin burbuila horretan sartu nahi izan dut», azaldu digu.

Teknika berezia erabili du estetika eta kolore bitxiak agertzeko. Etxeko armairu batean aspaldi ahantzitako argazki kamera zaharra da teknikaren oinarria: «Bisorea goialdean du, eta nik nuen kamera digitala kamera horren gainean muntatu nuen. Finean –laburbildu digu– kamera zaharraren erreflexuaren irudia da kamera digitalarekin hartzen nuena».

Ez zen prozedura xamurra izan, baina, lortutako emaitzarekin maitemindu, eta argi ikusi zuen hura zela aspalditik bilatzen ari zen proiektua. «Hasieran zapi baten atzetik ikusten nuen egoera, ondoren konturatu nintzen, ordea, ama zela burbuila lauso horretan bizi zena. Harentzat barruko mundua da garrantzia duen bakarra, kanpoa ez da existitzen, eta teknika horrekin hori islatu nahi izan dut», azaldu digu.

Durangoko Arte eta Historia Museoko lehen solairuan bi pareten artean banatu ditu lanak. Ezkerraldekoak zuri-beltzean egindakoak dira denak; familia albumekoak dira eta guztietan amak irribarrez agurtzen du objektiboa. Parez pare daude Rousek berak ateratakoak: gehienetan bizkarrez agertzen da ama, kameraren aurrean paratzeko gauza ez dela. Amak lurrean ezarri ezin dituen oin biluziek edota hartu nahi ez dituen pilula txikituek osatzen dute lana. Eta argazki guztien erdian amaren erretratu bat, Boisierren ama izan zen pertsona hura gogora ekarri nahian. Kokalekuaren zergatiaz galdetu diogu: «Nik ez nuen ezkerreko paretako emakume hura ezagutu, ni jaio aurreko irudiak dira denak. Parean dagoena, aldiz, nik ezagutzen dudan ama da, ama izugarri on hura», azaldu digu hunkituta.

“Pérdida” du lehen lana eta Begirada jaialdiak eman dio jendaurrean ipintzeko lehen aukera. Azaro inguruan Granadan izango da ikusgai, baina, gaur-gaurkoz, ez du bestelako erakusketarik hitzartuta. Museoetan eta galerietan erakusketa jartzeari ez dio uko egingo, baina oraindik ez du argi hori denik “Pérdida” lanarentzat erakustokirik aproposena. Liburu edo ikus-entzunezko batean ere badu burua.

Harra barruraino sartuta

Berandu ekin zion argazkilaritzari Rous Boisierrek. Ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak hautatuta, bertan izan zuen kamerarekin lehen kontaktua, argazkilaritzako ikasgaian, justuki. Atzera begiratuta badaki klase haiek ez zirela aparteko ezer, baina nahikoa izan ziren argazkilaritzaren harra barruraino sartzeko. Ama arte irakaslea zuen, eta, berandu izan arren, herentzian hartu zuen bere alde artistikoa.

Argazkilaritzan egindako ibilbide ia guztia bakarrik ibili du. Behatzen eta elementuei arreta ipintzen. Txileko Kultur Kontseiluari esker Kubako San Antonio de lo Baños hirian hilabete eman zuen formatzen, eta orain ere Txileko sorkuntza artistikoa ezagutzera ematea xede duen beka bati esker dago gure artean.

Gustura asko dago Euskal Herrian eta egonaldia irailera bitartean luzatu eta zukua atera nahi dio. Aurrerantzean zertan arituko den ez du argi, baina Leo Simoes argazkilariaren ondoan jarraituko duela badaki. 2013an Txilera egin zuen bidaian ezagutu zuten elkar. “Madre tierra” maputxeei buruzko argazkigintzako proiektua garatu zuen bertan Simoesek. Txileko herri indigenari buruzko argazkigintzako proiektu horren osagarri narratiboa izan nahi duen “Somos” film laburrean buru-belarri dabiltza orain elkarrekin. •