Tomas Larrañaga eta Maje Gorritxu, 2014ko Nardiz saridunak
Tomas Larrañaga ekoizpen ekologikoaren aitzindarietako bat izan da Euskadin bere emazte Maje Gorritxurekin batera, 90eko hamarkadan hasi baitziren diziplina horretan. Larrañaga Biolurren fundatzailea izan zen, eta hamahiru urtez jarraian Ekonekazaritzako eta Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseiluko burua ere izan da, eta gaur egun oinarrizko figura da bai ENEEKren sorreran, bai gure herrialdeko kultura ekologikoaren ezarpenean ere. Egun lanean jarraitzen du bere emazte Majerekin batera Antzuolako Lapatza baserrian duten ustiategi ekologikoan.
Gaur egun nekazaritza ekologikoak badu izena eta oihartzuna, baina duela hogei urte, orokorrean, ez baserritarrek ezta jendarte zabalak ere ez zuten ekoizpen eta kontsumo eredu alternatibo honen berri. Harrezkero, zorionez, gure lekua egin dugu eta, urteak pasa urteak etorri, hazten jarraitzen dugu. Baina ez da bide erraza izan, eta Tomas Larrañaga Azkargorta Antzuolako Lapatza baserriko semeak ondo daki hori.
1990eko hamarkadan, nekazaritza ekologikoaren inguruan topatu ahal izan zuen informazioa batu eta ikastaro bat egin ostean, 1.000 m²-ko baratza jarri zuen Lapatza baserrian Tomas Larrañagak. Bailara guztiko jendea biltzen zen bertan, nekazaritza eta elikadura ekologikoaren inguruko informazio eta kezkak partekatzera.
1993an, Biolur Gipuzkoa sortzea erabaki, Tomas lehendakari izendatu eta erakunde publikoetara jo zutenean, “misiolari” bezala ikusi zituzten. Garai haietako testuinguruan, proposamena zuhurtziaz jaso zuten erakundeek. Nekazaritza ekologikoaren onurak, garai hartan, ez zeuden gaur egun dauden bezain ikertu eta dokumentatuak. Nekazari ekologikoek ez bezala, erakundeek uste zuten bizimodua ateratzeko moduko errendimendurik ez zuela emango ekoizpen eredu horrek, eta ameslari hutsak zirela. Hala ere, laguntza jaso zuten, Biolurren jardunari ekiteko modua izanez.
Lehen urteetan arazo handiak izan zituzten ekoizpen onak lortzeko. Alde batetik, nekazaritza konbentzionalaren maneiura ohituta zeudelako bai nekazarietako asko eta baita lurra bera ere. Beste aldetik, gauza berria zenez, teknikariek ekoizpen ekologikoaren inguruan zeukaten ezagutza maila hutsaren hurrengoa zen. Hortaz, baserritar ekologikoek ez zeukaten nora jo aholkularitza teknikoa lortzeko. Horri guztiari gehitu behar zaio baserritarrak Biolurren antolaketan buru-belarri sartuta zeudela eta horrek denbora asko eskatzen ziela. Baliabide gutxirekin gauza asko egiteko bai baserrian bai elkartearen eraketan, familia ere zaindu behar eta egunak 24 ordu besterik ez... Tomas Larrañaga berak elkarrizketa batean aitortu zuenez, baina, elkartearen orduko teknikari bakarrak zein baserritarrek ilusioa eta gogoa soberan zituzten, eta, hala, «indar horrekin aurrera egitea lortu genuen».
1995ean, Biolur, Ekolur eta Bionekazaritza elkarteek Ekonekazaritza Nekazaritza Ekologikoko Euskadiko Elkarteen Federazioa sortu zuten, Tomas bera lehendakari izendatuz. Ekonekazaritza sektoreak Eusko Jaurlaritzarekin izan zuen lehenengo hizketakidea izan zen. Horrez gain, Federazioaren zereginak izan ziren nekazaritza ekologikoari buruzko informazioa eman eta jendearen zalantzei erantzutea, baita Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseilua sortzeko lan egitea ere –Kontseilua 1996an eratu zen–.
Hamahiru urtez jarraian, Tomas Ekonekazaritzako eta Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseiluko lehendakaria izan zen, ekoizpen eta kontsumo eredu honen normalizazioaren alde sutsuki lan eginez. Aldi berean, ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren sorrera ahalbidetu zuen Ekonekazaritzak.
Urte hauetan guztietan, XVI. mendeko Lapatza baserrian, familia tradizioari jarraituta, Tomasek eta bere bikote Majek nekazaritza izan dute etxeko ekonomiaren oinarri. Bezeroei kalitate handiko produktuak, ekologikoak eta guztiz freskoak eskaintzea izan dute beti helburu. 4.000 m² negutegi, 15.000 m² ortu eta 10.000 m² sagarrondo lantzen dituzte, eta hiru azoka ezberdinetara joaten astero: Antzuolara, Arrasatera eta Bergarara. Lapatza Baserrian, 90eko hamarkadatik, bisitak bultzatzen dituzte, nekazaritzako elikagaien ekoizpen eta elaborazioaren ezagutza zabaltzeko kontsumitzaileen, enpresaburuen, etorkizuneko kontsumitzaile izango diren ikasleen eta teknikarien artean, betiere ekoizpen arduratsu eta natural baten beharraren kontzientzia hedatzea xede.
Tomas Larrañagak bide onean ipini du euskal nekazaritza ekologikoa eta ez dago zalantzarik Tomas eta bestelako nekazari ekologikoen militantziari esker gero eta indartsuago izango dela euskal sektore ekologikoa. Lehen Eusko Jaurlaritzan Nekazaritza sailburua izan zen Gonzalo Nardiz Bengoetxearen izena daraman saria, nekazaritzaren alde bizitza osoan zehar egindako ibilbidea saritzen duena, ondo merezia duzue. Eskerrik asko, Tomas eta Maje.

