Iñaki Soto

Mundu mailako bestelako potentzien haginkadak

Aurrera egin ahal izateko «a mordiscos y a patadas» ibili badira ere, Uruguai futboleko Brasilgo Munduko Kopako hurrengo fasera igaro da. Brasil eta Argentina bezalako bi erraldoiren erdian kokatutako hiru milioiko herrialde batek honelako txapelketa batean aurrera egitea mirakulua da, edonondik begiratuta ere. Uruguai potentzia bat da, ez soilik futbolean, ordea. Izan ere, ez nator ni, inondik inora, futbolaz hitz egitera. Munduko Kopa jokatzen ari den bitartean Uruguaiko politika eta bizitza publikoa eten egiten dira eta bertakoak oso kontziente dira futbolagatik sentitzen duten pasioa ezohikoa dela. «Futbolaren ateoek» ere onartzen dute.

Ez dakit, ordea, zer puntutaraino diren kontziente futbolean bezala demokraziaren ikuspuntutik ere Uruguai mundu mailako potentzia dela. Nire bizitzan zehar ezagutu ditudan herrialde guztietatik Uruguai da, zalantzarik gabe, bisitatu dudan herrialderik demokratikoena. Beren gertuko historiari begiratuta, gezurra dirudi duela gutxi herrialdea diktadura zital baten mende egon izana. Kultura demokratikoa oso garatua dago eta Estatua bera horren berme da (ikusi http://goo.gl/xyOyl9). Orokorrean, bertakoak hain dira baketsuak Luis Suarezen suminaldiak ere arraro egiten zaizkidala.

Kritiken dimentsioa

Brasil aipatu dudanez, gure artean nahiko ezezaguna den baina aurrerantzean garrantzi handia izango duen erraldoiari buruzko aipamena egin nahi dut. Munduko Koparen aurretik Rousseffen Gobernuak jasan dituen kritikei;Langileen Alderdiak emandako erantzuna bildu zuen Beñat Zarrabeitiak GARAn argitaratutako artikulu batean (http://goo.gl/G2gOr6). Erantzuna bereziki egokia iruditu zitzaidan, bere programa eraldatzailea aurrera eramateko PT izaten ari den arazoetatik abiatzen zelako, besteak beste.

Hego Amerikako indar iraultzaile eta aurrerakoiek kezka handiz ikusten dute Brasilgo Gobernua alde batetik eta bestetik jasotzen ari den jazarpena. Hainbaten ustez, kontinenteko herrialde desberdinen aurka burutzen ari diren «kolpe leunen» segidaren amaieran Brasil dago. Alegia, indar inperialistek Venezuelaren, Ekuadorren, Boliviaren edota Argentinaren aurka darabiltzaten maniobra politiko-ekonomiko-militarren atzean, interes eta obsesio partikularrez harago, eskualdeko buru den herrialdearen boterea eta potentzialtasuna murrizteko gogoa dago. Ikuspuntu horretatik, dimentsioagatik eta kokapenagatik, herrialde emergenteen artean politikoki arrisku gehien duen herrialdea litzateke Brasil.

Ezkerretik, ordea, Brasil kritiken iturri izan da beti. Munduko Kopak utzi dituen irudi tamalgarri batzuez harago–Poliziak manifestarien aurka espraiak erabiliz egindako oldarraldiek, adibidez, min handia egiten diote bertako Gobernuari, are gehiago erasoon aurrean erantzun instituzionalik ez dagoenean eta erantzukizunak onartzen ez direnean–, Mendebaldetik egiten zaizkion kritika horietatik batzuk erabat justuak ez direla uste dut. Izan ere, kritika horien oinarrian Brasilek dituen desberdintasun sozialak egoten dira beti. Hori egitatea bada ere, desberdintasun horiek txikitu egin dira Lula Gobernura sartu zenetik, eta, bitartean, Mendebaldeko herrialde gehienetan desberdintasun horiek areagotu besterik ez dira egin. Alor horretan mendebaldar ezkertiarrok ez gaude, ez, inori lezioak emateko moduan. Hartara, kritikak zilegi izan daitezke, baina umiltasun iraultzailetik eta zintzotasun intelektualetik abiatu egin behar dira beti.

Brasil eta Uruguai konparatuz gero, argi dago dimentsioa elementu oso garrantzitsua dela bai politikak aurrera ateratzeko orduan bai hauek ebaluatzeko garaian. Herrialde txiki gisa, nazioartera eredu eta irakaspen bila ateratzerakoan, oso kontuan hartu beharko genuke hori. Adibidez, iraultza demokratikoa aurrera atera nahi badugu, Uruguaira begira jarri behar dugula uste dut. Aurrera egiteko, jakina, «a mordiscos y a patadas» ere ibili beharko gara. Ez dadila, ordea, gure artean izan, arren. •