Antton Izagirre

Bukatu da

Bukatu da urtea ikasle eta irakasleentzat. Balantzeak egin, alde onak eta ez hain onak nabarmendu, norberak bere jardunari atzera begirako errepasoa egin eta urtebetean garunak jasan duen presioari lasaitua eman eta aire berria sartzen utzi. Hori da gehienentzat oporraldiak dakarren saria. Horrela, ziur aski, gure garunak ikasketen bidez pilatu dituen egiturak pixkanaka desegituratzen joango dira eta urte osoan ikasitakoa ahaztu duela pentsatzera iritsiko da bat baino gehiago.

Asko ikasi eta ondo ikasi ia gauza bera ziren garaietatik gure egunetara hezkuntza sistemak eta ikasketa-irakaskuntzaren pedagogiak formalki aldaketa ugari jasan ditu. Urtetan pentsatu izan dugu asko zekiena zela gizarte lehiakor honi aurre egiteko egokiena. Egun, aldiz, jakinduriaz baino gehiago prestakuntzaz jarduten dute adituek. Irakaskuntzaren helburua ikaslea gizartean izango dituen egitekoei aurre egiteko prestatzean datza. Lehen egitekoa, beraz, ikasleek zeri aurre egin beharko dioten jakitea da, izango dituzten beharrak aurreikustea eta ondoren horri aurre egiteko konpetente bihurtzea. Hau da, lau horma artean ikasiko dutena praktikan aurkituko dituzten egiteko errealei ondo erantzuteko baliagarri izatea. Kontua ez da asko jakitea, egoki prestatzea baizik.

Hala ere, ikasleek eta irakasleek horretan murgilduta urtea eman eta gero, ikasturtea zalantza ugari argitu gabe amaitu dute. Ikasturte berriarekin Wert legea aplikatzera behartuta izango direnean ez dakite ondo hasitako heziketa proiektuarekin jarraitzeko aukera izango duten hala paradigma zaharkituak eskoletara itzuliko diren. Zer egin nahi diguten ongi dakigu, baina ongi erantzuteko prestatuta ote gaude? •