Joseba Salbador

Derrigorrezkoa al zen fundazio bihurtzea?

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aurrezki kutxa nagusiak hasi dira dagoeneko beren izaera publikoa atzean utzi eta fundazio pribatu bilakatzen. BBK eta Vital kutxek astelehenean eman zuten urratsa eta Gipuzkoako Kutxak beste hainbeste egingo du uda ondoren. Asko hitz egin da azken egunotan aldaketa sakon honi buruz, izan ere, ehun urteko ibilbidean hartutako erabakirik garrantzitsuena dela esan daiteke, finantza jarduera Kutxabanken esku uztearekin batera. Kutxetako zuzendaritzek eta aldaketaren aldeko politikariek, hala ere, ez dela ezer aldatuko nabarmendu nahi izan dute, baina zalantzak gero eta handiagoak dira, batez ere eztabaidarik gabeko urratsak izan direlako.

Dagoeneko badakigu hemendik aurrera fundazio hauen eginkizun nagusia gizarte ekintza kudeatzea izango dela. Badakigu ere hamabost lagunek osatutako «patronatu» batek zuzenduko dituela kutxak eta kargu horiek hiru alderdi politikok izendatu dituztela. Badakigu ere kutxak sortu zituzten erakunde fundatzaileek oso ordezkaritza txikia izango dutela «patronatu» horietan, eta, beraz, kudeaketa publikoa albo batera geratuko dela.

Orduan, zertarako bihurtu dira fundazio? Gauza da Europako erakundeek ez dutela diru publiko gehiago erabili nahi krisialdiak jotako bankuak erreskatatzeko eta horretarako hainbat neurri proposatu dituztela. Lehenik eta behin, finantza jarduera zuzenean ez egitera bultzatu dituzte aurrezki kutxak, sozietate anonimo baten bitartez baizik (BBK, Kutxa eta Vitalek urrats hori eman zuten 2012ko urtarrilaren 1ean, integrazioarekin batera). Eta ondoren, Aurrezki Kutxa eta Banku Fundazioen Legea sortu zen. Bertan zehazten denez, fundazio pribatu bihurtu beharko dute aurrezki kutxek 2014ko abenduaren 29a baino lehen.

Legeak hori dio, eta euskal aurrezki kutxei eragiten die, baina gaur egun duten izaera mantentzen jarraitzen badute bakarrik. Hau da, abenduaren 29a baino lehen beren izaera aldatzeko urratsen bat ematen badute eta legeak ezartzen dituen kasuetatik aldentzen badira, ez da derrigorrezkoa izango fundazio pribatu bilakatzea.

Eta zeintzuk dira aukera horiek? Kutxako lehendakariak, Xabier Iturbek, alternatibarik ez dagoela esan du, «intsumisioa» ez bada. Baina horretara iritsi aurretik, badira hainbat aukera legearen aginduak saihesteko, hala nola aurrezki kutxen izaera juridikoa aldatzea, bankuan duten partizipazioa %10etik jaistea edota bere garaian Kutxabanken esku utzi zen finantza jardueraren titulartasuna berreskuratzea.

Baina erabaki horien helburua ez litzateke izan behar legea saihestea bakarrik, baizik eta finantza sistema berri baten oinarriak jartzen hastea. Horretarako, aukerak egon badaude. Alde batetik, parte hartze publikoa duen kreditu kooperatiba bihurtzea, edota titulartasun publikoa duen banku. Bestetik, bezeroak, langileak eta erakunde publikoak zuzenean Kutxabanken jabe bihurtzea, aurrezki kutxek bitartekari izateari uko eginez. Adibideak izan baditugu Europa osoan, aurrezki kutxa guztiak ez baitira desagertu. Arazoak eman zituztenak bai, dagoeneko desegin dira, baina beren jarduera zuhurtasunez eraman zuten aurrezki kutxek bizirik jarraitzen dute.

Badakigu errazagoa izan daitekeela finantza erakunde bat «teknikari» talde baten esku utzi eta bere jarduera merkatuko irizpideak jarraituz aurrera eramatea. Baina hori ez da ehun urtetan euskal aurrezki kutxek mantendu duten eredua jarraitzea. Euskal gizartearekiko konpromisoa kolokan dago, eta, tamalez, Nafarroara joan besterik ez daukagu zer gertatuko den jakiteko. Kutxabanken kasuan, hurrengo urratsa ateak kapital pribatuari irekitzea izango da. Argiago... •