amalur.artola@gaur8.info
ALOKAIRUZKO AMAK

Indiako «haurrak egiteko fabrikek» adopziomota honen gaineko polemika piztu dute

Haurrik izan ezin duten pertsonentzat alokairuzko amak hartzearena gero eta hedatuagoa dagoen prozedura da. Askok Indiara jotzen dute, legeen aldetik dagoen hutsuneak praktika hauek beste herrialdeetan baino errazagoak izatea baitakar. Askok haurdun geratzen diren emakumeen esplotazioa salatu dute, «haurrak egiteko fabrikak» deitoratuz.

ALOKAIRUZKO AMAK
ALOKAIRUZKO AMAK

Ez da inolaz ere berria alokairuzko amen bidezko adopzioaren inguruko polemika. Baliabide gutxien dituztenen beharraz aprobetxatuta eta, maiz, legezkotasunetik gutxi duten bideak baliatuta egiten direla adopzio hauek salatu izan dute askok, baita batzuek amatasuna negozioa egiteko erabiltzen dutela ere.

Herrialdez herrialde aldaera nabariak daude. Zenbaitetan, guztiz debekatuta daude gisa honetako adopzioak eta, onartuta dauden herrialdeen kasuan, ezaugarri eta baldintza oso ezberdinak bete behar dituzte adoptatzera doazen bikote edo norbanakoek zein erdituko duten haurra horiei emango dieten emakumeek. Beste hainbatetan, espresuki hartu-eman hauek arautzen dituen legerik ez egoteak alokairuzko amen negozioa sustatzea eta batzuek baliabide gutxien dituztenen egoeraz etekina ateratzea dakar. Eta horrek buruhauste eta zalapartak sortzen ditu.

Orain pare bat urte, esaterako, hautsak harrotu zituen Ingalaterrako senar-emazte batzuen kasuak: W gisa izendatu zen bikoteak hilabetez deklaratu behar izan zuen Birmingham hiriko epaitegi batean. Haurdun geratu eta hainbatetan abortatu ostean, bikoteak euren alokairuzko ama izateko prestutasuna erakutsi zuen emakume bat ezagutu zuen; emakumeak gizonaren espermarekin intseminatzea onartu zuen. Emakumea, zeina jada bi haurren ama zen, haurdun geratu zen. Aldiz, haurdunaldia aurrera zihoan heinean ideiaz aldatu zuen emakumeak eta haurrarekin geratu nahi zuela erabaki zuen.

2010eko uztailaren 16an jaio zen haurra, eta W senar-emazteek emakumearen aurkako salaketa jarri zuten, adostutakoa bete ez zuela argudiatuz. Epaile batek, orduan, prozesu legalak aurrera egiten zuen bitartean haurra zaintzaile batekin gera zedila erabaki zuen.

Epaiketa haurrak bost hilabete zituela amaitu zen eta epaileak haurra ama biologikoarekin gera zedila erabaki zuen, «bere beharrak asetzeko hobeto prestatuta» zegoela argudiatuz. Era berean, «haurdunaldi subrogatuek berekin dakartzaten arriskuak aintzat hartzeko modukoak» direla nabarmendu zuen. «Aitatasun eta amatasunerako bidea, udaberriko ibilbidea baino, baso arantzatsu baten barnako bidea bilakatzen ari da», esan zuen Hedley epaileak.

Goraka doaz adopzioak

Haurdunaldi subrogatuak gero eta ugariagoak dira. Adituen ustetan, bikoteek haurdun geratzeko dituzten arazo «gero eta handiagoak» eta seme-alabak izan nahi dituzten sexu bereko bikoteen ugaltzea dago gorakadaren atzean.

India, Ukraina eta AEBetako zenbait estatutan legezkoa da bikote batek euren haurra erdi dezan emakume bati ordaintzea. Baina beste askotan adopzioaren bidez etekin ekonomikoak lortzea ez da bidezkoa eta bikoteek zailtasunak izaten dituzte euren haurra erditu nahi duen emakumeren bat lortzeko. «Ingalaterrako Ugalkortasunaren Legeak 25 urtetik gora ditu eta inolaz ere ez zen ugaltze subrogaturako diseinatu», azaldu du ugalkortasun legeetan aditu den Louisa Ghevaertek. «Prozedura hau erabiltzen ari den pertsona kopuru handi horrentzat sortua ere ez zen izan, ezta nazioartean ematen denean sortzen diren arazoei aurre egiteko ere», gaineratu du.

Izan ere, euren herrialdean alokairuzko ama izateko prestutasuna duen inor bilatu ez eta askok nazioartera jotzen dute euren haurra erdituko duen emakumearen bila; maiz, umetokia alokairuz hartzea ahalbidetzen duten herrialdeetara bidaiatzen dute. Eta, kasu horietan, arazoak sortzen direnean emaitza naziorik, estaturik, familiarik eta gurasorik ere ez duen haurra izaten da sarri. «Horregatik orain arazo hauei aurre egiteko mekanismoak garatu behar ditugu», dio Ghevaert berak.

Baina badira kontrako jarrera dutenak ere: David King, Human Genetics Alert erakundeko zuzendaria, esaterako, amatasun subrogatuaren nazioarteko merkatuaren sorrera erregularizatzearen kontra azaldu da. «Ez dut bizitzaren aldeko taldeen ikuspuntuaren alde egin nahi, baina arduratu egiten nau haurrak merkatu libreko sistema baten bidez edukitzeak ekar dezaken deshumanizazioak. Lehenik eta behin, haurrak kontsumo artikulu bilakatzen ditugulako. Bigarrenik, India bezalako herrialdeetako emakumeen esplotazio izugarria ematen ari delako. Izan ere, txirotasunak baldintzatuta, euren burua praktika hauetara behartuta ikusten dute emakume askok». Indian, merkatu honek 1.000 milioi dolarretik gora mugitzen dituela uste dute adituek.

Txanponaren beste aldean, haurrak eduki ezin dituzten pertsonak daude. Horientzat, alokairuzko ama da haurrak izateko bide bakarra. Lagundutako ugalketa tratamenduak ez daude bikote guztien eskura, garestiak, denboran luzeak eta ziurtasunik gabekoak izaten direlako. Eta horrek galdera ugari jartzen ditu mahai-gainean: prozesu hau zaildu eta oztopatzea da egokiena?Edo, alderantziz, bikote askorentzat haurrak izateko bide bakarra dela aintzat hartuta, egokiena onartu eta “zerbitzu” horrengatik ordaintzea al litzateke? Ghevaerten iritziz, biak izan daitezke bateragarriak: «Altruismoa eta komertzializazioa, biak eman daitezke. Indian, Ukrainian eta AEBetan kasu arrakastatsuak ikusi ditugu, zeintzuetan amek altruismo maila handi batekin hartzen duten parte prozesuan eta egiten ari diren ekintzaren kontzientzia osoa duten. Hau da, badakite haurrak eduki ezin dituztelako euren bizitza hondamendi gisa bizi duen bikote bati sekulako oparia egiten ari direla».

Kingek, errealitate horretaz jabetuta ere, esplotazio arriskuan jartzen du begia: «Pertsona askok haurrak izateko nahi eta behar izugarria dute, baina ezin dugu behar horrek emakume txiro eta babesgabeenen esplotaziora eraman gaitzan utzi».

«Haurren fabriken» negozioa

Haurrak izateko bide hau erabiltzen duten askok Indiara jotzen dute, han ez baitago alokairuzko amen errealitatea erregulatzen duen legedirik. Datu ofizialen arabera, negozio honek urtero 1.000 milioi dolar mugitzen ditu herrialdean eta azken iskanbila orain hilabete batzuk sortu zen, argitalpen batek «haurren fabriken» berri eman zuenean. Haurdun dauden bitartean, alokairuzko amen taldeak etxebizitza berean bizi dira. Behin haurra edukita, dagokiena kobratu eta alde egiten dute. Emakume hauek dituzten bizi baldintzak salatu izan dituzte eragile askok, eta zenbait emakumeren iritziak ere bildu dituzte. Tartean Vasantirena.

Vasantik 28 urte ditu, eta bikote japoniar baten haurra darama barruan. «Indian familiek oso harreman estua izaten dugu. Edozer egiten dugu gure seme-alabengatik. Nireek nik beti desiratu dudan guztia lor dezaten nahi dut; horregatik erabaki nuen alokairuzko ama izatea», dio. Erditzen denean 8.000 dolar (6.000 euro inguru) jasoko ditu; etxe berria eraiki eta 5 eta 7 urteko bere seme-alabak eskola ingeles batera bidaltzeko nahikoa. «Ikaragarri pozik nago», aitortu du Vasantik, inoiz ez baitzuen pentsatu ere egin hori egin ahalko zuenik.

India iparraldeko Anand herrian (Gujarat estatuan) ezarri zioten enbrioia Vasantiri, eta hurrengo bederatzi hilabeteak haurdun dauden beste 100 emakume bizi diren etxe batean igaroko ditu. Guztiak dira Nayna Patel doktorearen bezeroak. Gela bakoitza lau emakumek partekatzen dute, eta egunero elikagaiak eta bitaminak eman eta atseden hartzeko eskatzen zaie. Vasantik, baina, urduri dagoela dio. «Gauetan ezin dut lorik egin eta pasioan ibiltzen naiz. Nire sabelaldea puztu eta haurra handitzen doan neurrian gero eta aspertuagoa nago, eta, orain, nahi dudan bakarra nire seme-alaba eta senarrarekin etxera joatea da», ziurtatu du.

Etxeko arauek guztiz debekatzen dute emakumeek harreman sexualak izatea, eta nabarmen agertzen dute inolako arazorik egongo balitz ez medikua ez ospitalea ez adoptatzera doan familia ere ez direla arduradun. Alokairuzko amak bi haur badaramatza 10.000 dolar jasoko ditu, eta, abortatzen badu, 600 dolar. Adoptatzera doazen bikoteek, aldiz, 28.000 dolar ordainduko dute sano dagoen haurrarengatik.

Kritikei erantzunez

Patel doktoreak in vitro intseminazioak egiteko klinika bat eta emakumeak hartzen dituen etxebizitza bat zuzentzen ditu, eta erditzeak ere berak gidatzen ditu. Pertsona askok bere lana guztiz deitoragarria dela uste dute. «Kritika askori egin behar izan diet aurre, eta oraindik ere egin beharko diet. Hau, askorentzat, kontu polemikoa baita. Hau negozioa dela, gure asmo bakarra haurrak saltzea dela, haurren fabrika bat dugula eta halako salaketak jaso ditugu maiz, baina kontu horiek guztiak guri mina egiteko soilik erabiltzen dituzte», uste du.

Emakume hauek esplotazioa jasaten dutela salatzen dute askok, eta, horren aurrean, Patelek «negozio handien mundua, glamour-a eta politika askoz gogorragoak» direla aipatu du. «Gizarte honetan pertsona orok erabiltzen du, era batera edo bestera, beste pertsonaren bat», gaineratu du. Berak hartzen dituen emakumeei «bidezko tratua» ematen zaiela dio: «Lan fisiko bat egiten ari dira, bizimodu lasaia dute hemen, eta horregatik sari bat jasotzen dute. Badakite ez dagoela min gabeko saririk». Etxeetan dauden bitartean gerora baliagarri izango zaizkien gaitasunak irakasten zaizkiela gaineratu du, brodatzea adibidez, eta irabazten duten dirua tokiko ekonomia aintzat hartuta dirutza dela. Vasantiren senarrak, adibidez, hilean 40 dolar besterik ez ditu kobratzen. Gauzak hala, behin erdituta zenbait emakumek berriro aurkezten dute beren burua. Patelek emakumeko gehienez ere hiru erditze onartzen ditu.

India, negozioaren muina

India da, ezbairik gabe, «alokairuzko amen munduko erdigunea». Teknologia mediko ona eta kostu baxua lirateke horren arrazoi nagusiak, baita egoera juridikoa ere. Hala uste du, behinik behin, Patelek. «Ordezko amak ez du haurraren gaineko inolako eskubide eta betebeharrik, eta horrek prozesua erraztu egiten du. Mendebaldean, ordea, ama biologikoa hartzen da haurraren amatzat eta jaiotza-agiriak haren izena jasoko du». Jaiotza-agirian ama biologikoaren izena ez izateak zaildu egiten du gerora, haurrak nahiko balu, bere iraganaren berri izatea.

Indian munduko pertsona txirotuen herena bizi direla esaten dute adituek. Datu hori garrantzitsua da oso emakume hauen hautua ulertzeko. «Indian beharrean dagoen emakume asko dago. Elikagaiak, etxebizitza, arropa, sendagaiak, atentzio medikoa... ez dira doakoak eta pertsonek euren kabuz moldatu beharra izaten dute», dio Patelek. Horregatik, emakumeei haurrak izatearen truke lortzen duten diru saria zuhurtziaz erabiltzeko gomendioa ematen diela dio Patelek.

Vasanti eta bere senarra etxe berria eraikitzen ari dira. «Orain bizi garen etxea alokairuan hartua dugu; berria askoz hobea izango da», dio Ashokek. «Nire gurasoak pozarren egongo dira etxea eraiki ahal izan dugulako. Gizartean dugun posizioak hobera egingo du, eta hori ona izango da», gaineratu du. Baina prozedurak badu bere kostua: etxea ez dute lehengo auzune berean eraikiko, bizilagunek gaizki ikusten baitute Vasanti alokairuzko ama izatea. «Denek dakite alokairuzko ama naizela, nire barnean daramadana probeta haurra dela, eta horrentzat hitz txarrak besterik ez dituzte. Beraz, guretzat ez da segurua hemen geratzea», ziurtatu du Vasantik.

Erditze data hurbiltzen doan heinean, Vasantik gero eta urduriago dagoela onartzen du. «Ez dakit bikotea haurraren bila segituan etorriko ote den edo 10-15 egunez umea nirekin izateko moduan egongo naizen. Agian ikusi ere ez dut egingo», dio.

Ospitalera joateko unea iritsita, erditze luzea suertatu eta Patelek zesarea egitea erabaki du. Haurra mutikoa da. Zuzenean beste ospitale batera eraman dute eta han bere guraso berriek hartu eta Japoniara eraman dute. Vasantik negar egiten du mutikoa ikusi duela oroitzean. «Zesarea egin didatenean ikusi dut. Nire semea ikusi dut, baina berehala eraman dute. Bost segundoz ikusiko nuen, badakit bizirik dagoela. Bikoteari berdin zitzaion neska edo mutila izan; orain, haurra badute behintzat», dio. Vasantik ere bizitza berri bat hasiko du. Bere sendia etxe berri batera joango da bizitzera eta seme-alabak eskola ingeles batean matrikulatu ditu. «Gure haurrak handitzen ari dira eta etorkizun oparoa izan dezaten nahi dugu. Horregatik egin dugu hau, baina nik ez nuke nahi nire alaba alokairuzko ama izaterik».

Lau haur eta bi alokairuzko ama

Sonatua da baita ere Ingalaterrako bikote baten kasua: ezagutzen ez dituzten Indiako bi alokairuzko ama hartuta lau seme-alaba, ama bakoitzeko bi, izango dituzte. Bi akordio komertzialak Bombayko klinika berberarekin lotu zituzten.

Senar-emazteek, 35 eta 36 urtekoak hurrenez hurren, bi abortu eta hainbat ugalkortasun tratamendu hutsalen ostean erabaki zuten Indiara bidaiatu eta alokairuzko amen prozesua ezagutzea. «Nire buruari, ‘zergatik horrenbeste itxaron eta saiakera berri bat abian jartzeak dakarren trantzetik beste behin pasa?’ esan nion. Hamar urte luze daramatzagu kontu honekin», dio gizonak. Zifra ofizialik ez dagoen arren, alokairuzko amen nazioarteko gaietan aditua den Natalie Gamble abokatuak Indiara urtero ehunka bikote ingelesek bidaiatzen dutela dio.

Bombayko Corion klinikan, bikotearen esperma eta obuluak erabilita sortu zituzten enbrioiak eta haurdunaldirako aukerak biderkatzeko bi emakumeri ezarri zizkieten. Adituen hitzetan, alokairuzko ama ezberdinetan enbrioi lote bera erabiltzea ez da pentsa daitekeen bezain arraroa, baina ez da ohikoena.

«Hozkailuan sei enbrioi genituen eta normalean ama bakarra erabiliko genuke, baina bi amari hiruna sartzea erabaki genuen», dio senarrak. Hilabete geroago jakinarazi zieten bi ametako bat haurdun zegoela eta bikiak zituela. Bikotea pozarren geratu zen. Bi egun geroago beste dei bat jaso zuten. «Bigarren amaren kasuan bi taupada sumatu zituzten. Klinikan izutu egin ziren, horrelakorik sekula ez zitzaielako pasa, eta ea nahi genuena hori zen galdetu ziguten, bestela esateko eta beharrezkoa zena egingo zutela», azaldu du emazteak. Bikoteak argi eduki zuen hasieratik: «Hiruna haur izanda ere, denak hartuko genituen».

Bikoteak ez du azaldu nahi izan zenbat ordaindu duten haurrengatik, baina normalean 27.500 eta 32.500 dolar artean ordaintzen dira haur bakoitzeko. Emakumeekiko esker ona erakusten badute ere, ez dute horiek ezagutzeko asmorik. «Guretzat lan bat egiten ari dira, zenbatetan jartzen zara harremanetan zure eraikitzaile edo lorazainarekin? Euren ordaina jasoko dute, ez dugu haiek ikusteko beharrik. Sano dauden bitartean eta haurrak egoera onean ematen dizkiguten bitartean, gurekiko duten lana betea izango dute», dio emazteak.

Lau haur izateak ez ditu beldurtzen eta horiek aurrera ateratzeko gaitasun ekonomikoa izango duten ziur daude. «Guretzat lau haur edo bakarra izatea erronka bera da», azaldu dute.

Eurak pozarren dauden artean, ordea, kasua arduraz jarraitu dute Ingalaterrako osasun profesionalek. «Arduratzeko modukoa da», dio Rima Rajkhowa doktoreak, Birminghameko emakumeen ospitaleko ginekologoak. «Medikuntzaren arloan lan egiten ez dutenentzat ezezagunak dira haurdunaldi anizkoitzek dakartzaten arriskuak. Soilik haurrarengan pentsa dezakete; ematen dituzten pauso guztiak horretara bideratuta daude. Ez dut uste Ingalaterran halakorik gertatzea posible litzatekeenik», dio.

Gauza bera uste du Gamble abokatuak: «Hemen ez litzateke onartuko. Ugalkortasun kliniken erregulazioan arau oso zorrotzak daude eta debekatuta dago enbrioiak ziklo berean bi emakumeri transferitzea». HFEA Ingalaterrako Enbriologia eta Giza Ugalkortasunaren Autoritateak dio haurdunaldi anizkoitzetan fetuaren zein jaioberrien hilkortasun mailak handiagoak direla, haurrari era bateko edo besteko ezgaitasunak sortzeko aukera handiagoa dela eta amarengan ere konplikazioak eragin ditzakeela haurdunaldiak, besteren artean abortu berantiarra, presio arterial altua eta preeklanpsia. Hala, enbrioi bakarra erabiltzea gomendatzen dute, bat baino gehiago transferitzeko pisuzko arrazoirik ez badago behintzat.