Beñat Gaztelumendi

Tunelak

Hemendik ez da turistarik pasako, nola pasako da bada turistarik inon ez dagoen eta leku guztietan dagoen «hemen» honetatik? Denborarik ere ez da pasatzen; ahanzturaren zuriz pintatu zituzten lehengo “intsumisioa”, “amnistia” eta abarrak –historia ere zurian geratzen da batzuetan, zu eta ni bezala– eta “zergatik hona?” galdetzen didazu, batez ere gaur, denbora azalean urtu zaigun egun honetan, zergatik gaur, dena arin, ardurarik gabe doan uztaileko egun honetan. Eta erantzungo nizuke, badakizu erantzungo nizukeela baina zu eta ni ez gaude “hemen” berean, akaso sekula ez ginen egongo, denbora akordeoiak bezala zimurtzen da batzuetan eta galtza motzak daramatzat orain, motxila gorri bat eta lokarri askatu bat ezkerreko zapatilan; ilunabarra da eta euria ari du, gaurko sargoria bezala itsatsi zaizkit porlanak zikindutako tantak gorputzera. Iluntzen ari du eta eskailera parean nago geldituta. Porlan fabrikan kamioiak entzuten dira hara eta hona, lurraren barrunbeak miatzen dituzten hondeamakinak harri bila, gero eta sakonago, gosetuta, eta labearen motor hotsa. Autoak bata bestearen atzetik doazen ipurtargi amorratuak dira N-1ean. Tunelaren aho zabaldua daukat parean eta bakarrik nago, ni bakarrik hiru edo lau lagunekin; futbolaz ari gara, edo irakasleez, edo auskalo zertaz eta pilotako entrenamendutik dantzako entsegura goaz, edo alderantziz, nork daki, niretzat tunela eta ni besterik ez gaude eta barrura sartu behar dut, badakit sartu behar dudala; haurtzaro guztiek dauzkate tunelak, akaso hori izango da heldu bilakatzea, tunelak zeharkatzea alegia, baina ez dakit zer dagoen barruan zer bestaldean zer; ez dakit eskaileretako bihurgunea hartu ondoren bonbillak piztuta egongo diren, ez dakit pintaden aurrean itzalen bat egongo den, ez dakit azkarregi doazen autoen pisuak sabaia ondoratuko duen; porlan bustitan irristatzen zaizkit zapatilak eta lokarri askatuak eskailera maila bakoitza jotzen du, klak-klak-klak; arnasaren bat entzun nahi dut, pausu batzuk, ahots bat, baina nire arnasa entzuten dut eta klak-klak-klak; ikarak ez du soinurik baina nireak forma bat dauka, tunel batena, eta dardarka dabiltzan bonbilla batzuk, ixten eta irekitzen diren begien antzekoak; astero igarotzen nintzen nire beldurretatik, astero zeharkatzen nituen bere baldosa irristakorrak eta arnasa hartzen nuen fabrikako langileren bat, egunkaria irakurriz zetorren erretiraturen bat, erosketa-poltsaz kargaturik zetorren auzotarren bat ikusten nuen bakoitzean; milaka aldiz igaro ditut bere eskailera amaigabeak eta oraindik ez naiz ohitu, akaso horregatik ekarri zaitut nirekin; beldurrek forma galtzen dute denborarekin baina denok daramatzagu gure baitan igaro ezinezko galeria ilunak, gaua bera baino beltzagoak eta belaunek dardara egiten digute bonbilla ikaratuen moduan eta beldur batzuk irtenbidea daukate; ni beti iristen nintzen entrenamendu eta entseguetara; lokarriak lotzen nituen tunela igaro orduko eta inoiz ikararik pasa ez duenaren ziurtasunaz paseatzen nintzen lagunen aldamenean; baina oraindik ere “klak-klak-klak” bat entzuten dut nire barruko lurpeko pasabideetan; beldurrak ez du formarik eta forma guztiak dauzka: begi ilun batzuk Iruñeko kale ezkutu batean, bizkarrak Irunen alardearen ondoan, pausu hotsak txosnagunetik urrundutako pasabide ilunetan egunsentia baino lehen; zergatik gaur eta zergatik hemen galdetzen didazu, zapi gorrien eta kamiseta zurien bezpera honetan, denak arin eta axolagabe beharko zukeen egun honetan, sargoria bezala azalean itsatsi zaigun egun honetan; batez ere gaur eta batez ere orain ekarri behar zintudan, galdera baten oihartzunak nire tunelaren horma ilunak dardarka jartzen dituelako: zerk bereizten nau begi ilun horietatik, pausu hots horietatik? •