Iratxe Urizar

Aldapa labainkorrez

Urruti geratzen da 2008ko maiatza. Orduko hartan, Nazio Batuetako kontalari berezi baten bisita izan genuen Euskal Herrian, Gobernu espainiarrak gonbidatuta. Kontalari hura Martin Scheinin zen, Borroka Antiterroristako Giza Eskubide eta Oinarrizko Eskubideen Defentsarako NBEk izendatutako aditua. Garai horretan, gogora dezagun, inoiz baino euskal preso politiko gehiago zeuden; ia 800 preso izatera heldu ginen, eta atxiloketak etengabeak ziren. Euskal presoak, espainiar eta frantses espetxeetan egoteaz gain, Kanada eta Erresuma Batuan ere baziren une horretan. 18/98 makrosumarioaren epaia ere kaleratu berria zen eta inputatuak espetxean zeuden jada, ezarritako espetxe zigor altuak betetzen hasi berritan. Kale borrokaren ondorioz atxilotutakoak ehun inguru izan ziren 2008 hartan.

Giro horretan heldu zen gurera Scheinin, eta espainiar Gobernuko ordezkariak pozik azaldu ziren kontalariarekin argazkietan; pentsa, berak modu diskretuan egin nahi zuen bisita agintariek beraiek zabaldu zuten lau haizetara. Bere bisitan hainbat elkarrizketa izan zituen, eta lege espainiarrak izandako aldaketa, biraketa eta gorabehera guztiak aztertu ostean, ateratako ondorioak argitaratu zituen urtearen bukaera aldera. Txosten potolo batean, espainiar Gobernuak hartutako kriminalizazio estrategiari «aldapa labainkorra» deitu zion, eta modu ezin kritikoagoan azaldu zuen espainiar legediak zergatik ez zituen betetzen nazioarteko giza eskubideen hitzarmenak. “Terrorismo” kontzeptuari emandako esanahia kritikatu eta pluralismo politikoa errespetatzen ez zuen Alderdi Politikoen Legearekin jarraitu zuen, bide batez Euskal Herritik kanpo zigor handia suposatzen ez zuten egintzek euskal gatazkaren testuinguruan jasotzen zuten espetxe zigor altuak, espetxealdi prebentiboa bera, dispertsioa... aipatuz. Horrez gain, inkomunikazioa bertan behera berehala uztea eta tratu txar eta tortura salaketak modu egokian ikertzea exijitu zuen. Eta, bat-batean, espainiar agintariek Scheinin nor zen ere ez zekitela zirudien; hala, esatariaren hitzek ez zuten inolako islarik izan Estatu mailako komunikabide orokorretan.

Jada urte batzuk pasa dira oraindik ere zoritxarrez gaurkotasun osoa duen txosten hori publikatu zenetik. Izan ere, txostena egin zen garaian espetxeratutako gazte askok zigor espetxealdi ezin gogorragoak betetzen jarraitzen dute, 18/98 makrosumarioaren ondorioz espetxeratutako presoetako askok ere urreneko kartzeletan jarraitzen dute, kasu batzuetan gainera 70 urte beteta izanik. Preso kopurua txikiagotu den arren, asko, gehiegi, ditugu. Orain gutxi, salbuespenezko neurri horien aplikazioaren ardura dutenak ere entzun ditugu Scheininek berak botatako kritika horiek ia-ia hitzez hitz errepikatzen unibertsitate bateko udako ikastaroetako konferentzia batean; eguneroko jardunean aplikatzen dituzten salbuespenezko legedi eta neurrien kontrako kritikak egiten dituzten txostenetan esaten dena babesten ikusi ditugu. Hau da, Scheininek eta bestelako nazioarteko erakunde askok esandakoa orain hainbat epailek ere babestu dute.

Epaileon iritzia ez da iritzi soil bat. Ez. Espetxe politikaren aplikazioaren arduradunez ari gara, hau da, espetxe politika giza eskubideak errespetatuz aplikatzearen arduradunez. Hortaz, gertatutako giza eskubideen urraketen arduradunez, izan akzioz edo omisioz. Urteotan «aldapa labainkor» hori bere horretan jarraitu izanaren arduradunak eurak ere salbuespenezko legediarekin bukatzearen beharraz ari direnean, zein da bada urraketa horiekin jarraitzeko arrazoia?

Europa, Estatu espainiarra, eta, berriz ere, gure herrira bertara ere begiratu beharra dugu. Nazioarteko erakunde guztiek espetxe politika aldatzea babesten dutenean, preso politikoen senide eta lagunen sufrimendua luzatzen ari denean, ahots bakarrez egoera honekin berehala, urgentziaz bukatu beharraz ari garenean… gure ondoan bertan dugun EAJren aldetik dator kontrako ahotsa: diskurtso zahar eta zaharkituari berriro ekinez, espainiar alderdi eskuindar gogorrenekin bat egin dute. Eta berriz ere nahasmena, desilusioa zabaltzeko asmoz, ilusioa eta konponbide bati begirako esperantzak aldapa labainkorretik behera bota dituzte. •