Gorka Zozaia

Ausartu ez pentsatzera

Ausartu hutsunea pentsatzera. GAUR8
Ausartu hutsunea pentsatzera. GAUR8

Pertsonalki dudan erronka handi bat da pentsatu gabe egotea lortzea. Hustasun horretara hurbiltzea bederen, «burua zuri uztea»; gauza bakar batean zentratzea, finean. Hurbildu naiz, batzuetan, ez usu, gutxiegi, eta zaila da. Zaila egiten zait. Batez ere, “aisia” eta “oporrak” bezalako hitzak nire hiztegitik desklasifikatu zirenetik. Ez diot, azkenaldian, nire garunari une bakar bat ere uzten, beti dago zereginen batean. Hainbeste, aisia ere horrela antolatzen dudala, zereginez zeregin. Ez da broma, baina esnatzetik lokartzera arteko segida da; paradoxikoki, smartphone ditxosozkoarekin batera doan segida gainera! Beldurgarria da horrela begiratuta, baina batera, eta elkarrekin, kargatzen ditugu pilak biok gauero...

Broma dirudi, baina ez da. Halako gailuek lana errazten dutela dirudi, egiten dutelako, baina benetan lana, kontsumo eta produkzio tasak handitzeko katalizatzaile ikaragarriak dira –hau esanda, artikulu hau idazten jarraitzen dut, makarroi artean–. Ni kate horretara lotuta nago, eta asko ikusten ditut inguruan antzera. Urrunago joan barik, autobus edo metroan sartzen naizen bakoitzean... Deigarriena, baina, gaztetxoen artean eragiten ari den aldaketa egiten zait, eta aspalditxotik. Sozializazio adin horietan, jendartea irudikatzen eta bertan kokatzen joaten zaren prozesu horretan, iruditzen zait «jendartea irudikatzeko» era asko zabaltzen direla azkenaldiko komunikazio teknologiekin. Ez da gauza berria, baina areagotze bat egon badago, nire ustez. Batez ere etengabean norbaitekin komunikatzen egon behar hori; eskola mundutik oparo heldu zaidan bezala, «egun guztia Whatsappen eta gero ez dakite bakarrik egoten!». Ez dakitela bakarrik egoten. Bi buelta emanda, baina, nork daki ba bakarrik egoten?

AEBetako Virginia eta Harvard unibertsitateetako ikerlari batzuek berriki behatu dutenez, pentsamenduekin bakarrik egotea denok gorroto dugun zerbait da. 18 eta 77 urte arteko lagin anitzean, nagusienek ere ez dute atsegin izan egindako 11 esperimentuetan mugikor, tablet, liburu edo musika gabe utzi izana. Areago, esperientzia horren desatsegina da, gizonezkoen %67k eta emakumeen %25ek nahiago izan dutela bere buruari deskargatxo bat eman hamar minutuz ezer egin gabe egotea baino! Zergatik eta asperdura eta kuriositateak jota, gehienetan. Ordu laurden ez zuen irauten jendeak ezer egin gabe laborategian, are gutxiago bakoitzak bere etxean esperimentua errepikatuta. Pentsamenduak zerbaitetan aritzea eskatzen digu, eta, hain zuzen, jarduera txikiko lanetan ari denean (gidatu, paseatu...) lortzen du garunak pentsamendu atseginetan aritzea, esna amestea, fantaseatzea...

 

Ugaztun izatearen zama ei da aktibitate behar hori, eta, hain zuzen, Timothy Wilson egilearen ustez, afera ez da egungo bizi-erritmo frenetikoak eta teknologia berriek eragiten digutela pentsamenduekin bakarrik egon ezina, baizik eta alderantziz, hutsuneari diogun beldurrak eragin duela jendarte teknologiko frenetiko hau. Nola ez, froga egiten saiatu behar izan dut. Ez dakit... komun ilunean sei minutu neramatzala idazteko zerbait heldu zait burura, eta, ahaztu baino lehen, atera eta idaztera etorri naiz. Zalantza sortu zait, bitartean, esperimentuok nola gauzatu ote diren, pentsamenduak etengabe jartzen baitu arreta, hasteko eta behin, mila zaratetan. Oroitu dut, han nintzela, duela urte pare bat irakurritakoa: gailuen zaratak neurtzeko gela isolatu batean pertsonak sartuta (-9 dezibeliotara), entzumena soinu bila jarri eta gorputzekoak bakarrik topatzen dituela-eta oreka galtzera heltzen gara! Arnasa, tripak, odola zainetatik ponpaka 45 minutuz entzuten emanda, zoratzear irten zen partaideetako bat! Nik ez dut hainbeste denborarik hartzerik izan...

Eta hau idatzitakoan ere, korrika beste hura amaitu, eta gero harekin gelditu, eta hala nabil. Ea bihar ateratzen dudan tarteren bat esperimentua errepikatzeko. Ea bihar... Zelan esan, zereginetan pentsatzeari utzita zurian pentsatzeko denbora ateratzeko gai naizela pentsatu beharko! •