Iñaki Altuna

Bazka kartzela politika aldatu nahi ez dutenentzat

Itsusia, oso itsusia, presoen egoera dela-eta sortutako azken ika-mika. Mingarria delako, sufrimendu asko pilatuta dagoelako, eta, horregatik, kontu handiz tratatu beharreko auzia delako. Azken polemika okaztagarria ere izan da. EAJk eta Lakuak piztu dute, eta ez da nahi gabe egindako okerra. Berariaz egin dituzte adierazpenok, eta errepikatu egin dituzte. Erkorekak, Ortuzarrek eta Atxutxak segida osatu dute, ñabardurarik gabe, osinean barrena. Berriro ere etorri dira gogora sakabanaketa justifikatzeko 80ko hamarkadan eta ondoren botatakoak, hain lagun zituzten Mugica Herzog, Corcuera eta Rafael Verarekin bat eginik. Izugarria orduan. Etsigarria gaur egun, beste ziklo politiko bat egiteko dagoenean. Berriro ere batzuek herri honek duen aukerari kale egin diezaioketela pentsatze hutsak barrenak nahasten ditu.

Oso larria da, esate baterako, Erkorekak Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegira Euskal Herriratze eskaerarik ez dela iritsi esatea. Nonbait, horrek frogatuko luke presoek ez dutela berea egin. Jakin beharko luke Jaurlaritzako bozeramaleak eskaera aurrena kartzelan egin behar dela, eta ukatzen denean jo daitekeela Zaintza Epaitegira. Jakin beharko luke, baina, beharbada, berdin zaizkio prozedurak eta bestelakoak, bai behintzat egoeraren ardura presoen eta ezker abertzalearen gainera botatzeko erabaki politikoa lehenetsi badute.

Aldi berean, egunotan, azken asteetan indarra hartzen ari zen zurrumurru bat albiste bihurtu dute hedabide batzuek. Estatu frantsesean, leku aldaketa eta Euskal Herrira hurbiltzeko eskaerei erantzunez, mugimendu batzuk egin direla, preso batzuk hurbildu dituztela. Gutxi batzuk, egia esan. Halere, informazio hori baieztatzen bada, nola eutsiko dio EAJk bere akusazioei? Hau da, Estatu frantsesean mugimenduak badaude eta espainolean ez, zer da kontua, mugaren alde bateko presoek beste aldekoek baino hobeto idatzi dituztela eskaerak?

Hortxe dago jelkideen jokabideak eragin duen kalterik larriena: zuzenean edo zeharka, aitzakia eman diela EAJk sakabanaketari eta presoen kontrako neurri bidegabeei eutsi nahi dietenei. Orain etorriko dira PSOEren eta PPren adierazpenak eta “El País” eta “El Mundo” egunkarietako kazetarien analisiak, errua presoena beraiena dela esanez. Halako bazka eman ordez, jelkideei ez zaie bururatu, benetako kezka badute, salatu duten EPPK-ko ordezkariengana joan –saiatu behintzat– eta hantxe, aurrez aurre, horiek eta handiagoak botatzea, ondoren presoen Euskal Herriratze eta kaleratze aldera bide eta aukerak aztertzeko. Hobe da jelkideentzat Erkorekarenak bezalako adierazpenak bota eta gero, ekimen bakoitzean, foro bakoitzean, nazioarteko eragileen parte-hartze bakoitzean, beti atzerapenak behartzea, beti ekimenak indargabetzen ibiltzea.

Nolanahi ere, konponbideak aurrera egitea nahi duten sektoreek –kasu honetan, presoek eta ezker abertzaleak– ez lukete talkaren ondorioz lubakirik egin behar, nahikoa egin dela eta besteak gezurretan ari direla esatearen kontsolamenduarekin. Arrazoia izate hutsak ez zien beste prozesu batzuetan –dela Aljer, dela Lizarra-Garazi, dela...– aurrerabiderik ekarri. Talka horretan trabatuta geratzea izan dezake helburu, hain zuzen, polemika piztu duenak, horrela bere oinarri soziala trinkotzeko ezker abertzalea betikoan dagoela esanez. Batzokiren batean pintadatxoren bat ere eskertuko lukete. Presoen aferan, ordea, ekimen eta urrats berriak eta sendoak –juridikoak, politikoak eta sozialak– beharrezkoak izango dira.

Ez litzateke harritzekoa izango, bestalde, arma eta lehergaiak inbentariatu eta zigilatzeko prozedurarekin presoekin egin duten gauza bera egitea jelkideek –hau da, gaiak aurrera egitea nahi duen eragileari botatzea atzerapenen errua–, jakin badakiten arren, ondo baino hobeto, gainera, Madrilgo Gobernuak izugarri zaildu duela egoera Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari eginiko erasoen bidez –agerikoak zein ezkutukoak–.

Eta zergatik egiten ditu halakoak EAJk? Zergatik ematen dizkie aitzakiak eta bazka bakearen kontrako agenda maneiatzen dutenei? Horiek dira erantzute hutsak ere beldurra ematen duen galderak. •