Kattalin Miner

«Mamading»

Aurreko astean orain modan dagoen kontzeptu honekin egin nuen topo: mamading. Lehenengoz, Mallorcan diskoteka batzuetan felazioen truke neskei alkohola eskaintzen zietela irakurri nuen nonbait. Irakurriaz bat, halako kontu “alarmista” bat iruditu zitzaidan, udarekin batera gazteak eta drogak nahasten dituzten berri sentsazionalista horietako bat, eta «gazteek vodkaz beteriko tanpoiak sartzen dituzte bagina eta uzkitik lehenago mozkortzeko» eta antzekoak gogora ekarri zizkidan.

Handik bi egunera, ordea, gerora faltsua omen zen kartel bat zabaldu zen Twitterren, hain zuzen mamading kontu hau Bilboko pub batean eskaintzen zuena eta kontua uste baino zabalduago zegoela ohartu nintzen. Auziaren inguruan sortutako eztabaidak, ordea, sanferminetan titi bistan jartzen diren nesken eztabaida dakarkit burura. Izan ere, horrelakoen aurrean ardura azaltzen dugunoi sarri esaten zaizkigu «borondatez egiten dute» eta «sexuarekin lotzen duzuelako ateratzen zaizue morala, sexua ez da txarra» eta halakoak.

Ez naiz demagogietan sartuko, borondatearena batez ere, guztiz erlatibizatu nezakeelako, baina, batez ere, ez naizelako neu izango emakume bati bere ahalduntze eta erabakitzeko eskubidea kenduko diona. Sexuari dagokionez, zer esan, ez garelako hain zuzen ere feministok izan sexu askatasunaren aurka egin dugunak, eta are gutxiago moralaren lagunak.

Hemen, ordea, ez da hori jokoan dagoena. Ez naiz sartuko zergatik ez ote dieten gizonei txupito bat eskaintzen cunnilingus baten ordainetan, soluzioa ez baita hori, gaizki ulerturiko berdintasuna litzateke hori ere. Baina ez da kasuala hori ez gertatzea.

Esan nahi dut, ez da kasuala, berriz ere, emakumea plazera jasotzen duen subjektu horretatik at egotea eta instrumentalizazio sinple baten ekuazioa betetzen jartzea. Ez da kasuala, erakargarri den elementu gisa azaltzea, «balio duen horretarako» soilik aurkeztea, eta horren baitan baloratzea. Ezer ez da kasuala, falozentrismo erridikulu hori, eta esango nuke kasuala ez ezik oso berria ere ez dela hau dena.

Izan ere, ni espazio sexualizatu, edo batzuek dioten gisan, hipersexualizatu askotan izan naiz. Publikoan sexu praktikak izatea ahalbidetzen duten jaietan, sex-party-etan, BDSM praktikak inguratzen ninduten tabernetan, kamisetarik gabe jartzen garen jaietan, elkarri ukitzeko edo ez ukitzeko askatasuna dugun lekuetan.

Kontua ez dira mamadak, kontua ez da elkartrukea, kontua hau inguratzen duen heteropatriarkatu bortitzena da. Kontua betikoaren aurrean gaudela da. Kontua ez dela ezer ere iraultzen da. Kontua, beste hainbat manifestazio sotilen esplizitazio baten aurrean gaudela da. Arazoa ez da sexua, ez da trukea, ez da felazioa.

Eta ni zera pentsatzen hasia naiz, halako mamading, muturreko objektualizazio, “Cuadrilla busca cita”, Miley Cyrus, drogen trukeko gau bateko prostituzio, sanferminetako neska titi bistadunak, sexuaren fribolizazio matxistak... ez direla patriarkatuaren erreakzionarismo bortitzenak besterik.

Pentsatzen hasia naiz, askatasuna eta borondatearen izenean, gaizki ulerturiko berdintasunaren izenean, eta feminismo erradikalari diogun beldurraren aurrean, patriarkatuak itxuraldatzeko eta diskurtsoak nahasteko duen gaitasun erreakzionarioa besterik ez dela.

Eta zer esango dizuet, noski asaldatzen naizela, muturreko mugimendu eskuindarren gorakadekin bezala; noski salatuko dudala; baina gero eta konbentzituago nago bidea gurea dela. Gure jai-giro feministak sortzearena, gure sex-party seguruak antolatzearena, gure jai herrikoi parekideak, gure idealizatutako askatasunezko guneak. Bitartean, jarrai dezala heteropatriarkatuak bere burua berrasmatu nahian, jokorako karta gutxi geratzen zaizkio, eta, jakizue, bateko urrea aspaldi gorde genuen gure gonazpietan. •