Iratxe Esnaola
Informatikaria
teknologia

Pribatutasunaren paradoxa

Sare sozialetan erabiltzaileek pribatsuna baloratzen dute, baina ez dute ezer egiten babesteko. GAUR8
Sare sozialetan erabiltzaileek pribatsuna baloratzen dute, baina ez dute ezer egiten babesteko. GAUR8

EMC Corporation enpresak «Pribatutasunaren Indizea » ikerketaren emaitzak kaleratu berri ditu. Internet erabiltzaileek pribatutasunaren auzian dituzten hiru paradoxa jartzen ditu mahai gainean; baieztatu, oro har, erabiltzaileek pribatutasuna nahi dutela, baina ez dutela neurririk hartzen euren datuak babesteko. Infografia bat ere kaleratu dute ikerketaren emaitzekin (http://spain.emc.com/campaign/privacy- index/global.htm).

Guztira hamabost herrialde ezberdinetako 15.000 lagunek erantzun zuten galdetegia, 1.000 erabiltzaile herrialdeko. Galdetegia 2013ko abuztuaren 1aren eta 19aren artean jaso zuten eta helburu nagusia erabiltzaileek euren pribatutasunerako eskubidea baloratzeko duten modua aztertzea zen, hau da, teknologien onurak baliatzeko, euren pribatutasuna zein neurritan eta nola sakrifikatzeko prest zeuden aztertzea. Eta ikerketaren emaitzak agerian uzten dituen hiru paradoxak honakoak dira.

Lehena: «dena nahi dugu». Erabiltzaileek teknologia digitalen abantaila eta onura guztiak nahi dituztela adierazten dute, baina ez daudela euren pribatutasuna sakrifikatzeko prest. Erabiltzaileen %91k informazioaren eta jakintzaren eskuragarritasuna defendatzen dute, baina %27 soilik agertzen dira pribatutasuna galtzeko prest. Baina bilaketa soil batek gure gaineko informazioa gehitzen du. Bilaketa bat egiten dugunean, informazioa gugana datorrela sentitzen dugu, baina, era berean, gure gaineko informazioa ematen dugula ahazten dugu.

Bigarrena: pasibotasunaren paradoxa. Erabiltzaileen gehiengoak ez du bere pribatutasuna babesteko inolako neurririk hartzen, erabiltzaile guztiei eragiten dien arazo bat denean. Horren ordez, informazio pertsonal hori maneiatzen duten gobernu eta enpresen gainean jartzen omen dute ardura. Erabiltzaileen %62k ez dute pasahitza noizean behin aldatzen eta %40k ez dute sare sozialeko kontuaren pribatutasuna zaintzen. Pribatutasunerako eskubidea denok dugu, noski, baina gugan has eta buka daiteke. Guk geuk neurririk hartzen ez dugun unean, eskubide hori guk geuk lausotzen dugu. Guk geuk neurririk hartzen ez badugu, ardura gobernu eta enpresen gainean soilik uztea ez da zilegi. Ardura norbere gain hasten da.

Hirugarrena: sare sozialen paradoxa. Sare sozialen erabiltzaileek pribatutasuna baloratzen dute baina datu-pertsonalak partekatzen dituzte, nahiz eta informazio horren jabe bilakatzen diren enpresengan konfiantza maila baxua izan. Erabiltzaileen %84k ez omen dute gustuko bizitza pertsonala sare sozialetan zabaltzea, eurek ez badute informazio hori zabaltzea erabakitzen. Sare sozial batean, informazioa ez da modu kontzientean publikatzea erabaki dugun argazki edo testu hori. Sare sozial batean informazioa da kontaktu zerrenda (“lagun” ez esatearren), bat eginiko taldeak eta “atsegin dut” bakoitza, eta abar. Baina informazioa da ere nire informazioa eta nire kontaktu bakoitzaren informazioaren artean egiten den datu-gurutzaketa, edota bat egin dudan talde bakoitzarekin bat egin duten gainontzeko erabiltzaileekin egindako datu-gurutzaketa, eta abar luze bat. Sare sozial batek egin dezakeen datu-gurutzaketa guk argitaratzen dugun informaziotik harago doa. Eta datugurutzaketa horietatik atera daitezkeen patroiek, pribatutasunaren urraketan sakondu besterik ez dute egiten.

Aspalditik kezkatzen nau teknologien munduan pribatutasunaren eskubideak gutako bakoitzarengan sortzen duen kontraesanak. Eta zein lasai bizi garen kontraesan horrekin. Egia da kontraesanekin bizi garela bestela ere. Eta ezjakintasunak pribatutasunaren kontraesan horrekin bizitzea errazten duela. Baina horrek ez du gure ardura jaisten. Alderantziz: ezjakintasuna ere gure ardura baita. •