Neurozientzia errebeldian
Nola gazte kubatar haiek Moncadan duela gaur 61 urte, neurozientziaren esparruan ere oldartze bat ematen ari dela dirudi azken berriei begira. Duela aste batzuk espezialitateko 150 ikerlarik argitaratutako gutunak dagoeneko 700 bat sinadura batu ditu Europar Batasunaren proiektu izarra den Giza Garuna Proiektua (HBP) egitasmoaren kudeaketaren aurka. Honaino efemerideak bultzatutako alderaketa, bata zuridunena ezin baita Fidel Castro buru zuten gerrillarien balentriarekin alderatu. Oldarraldiak, baina, neurozientziaren eremuan azken hilabeteetan ematen ari diren mugimendu interesgarriak azaltzeko aukera ematen dit.
Aurreko urteko irailean “Garuna, garenaren iluna” artikuluan jasotzen nuenez (http://www.gaur8.info/edukiak/20130928/424761/Garuna-garenaren-iluna), aldaketa kualitatiboak emateko tenorean da neurozientziaren eremua. Ezinbesteko bultzada eremu politikotik heldu zaio, eta, orduko hartan, Obamaren exekutiboak egindako apustuaren berri ematen nuen: BRAIN (Brain Research Through Advancing Innovative Neurotechnologies) proiektua. Hain zuzen ere, egitasmo hori mende honetako erronka zientifiko eta teknologikotzat hartu dute AEBek, urteko 100 milioi dolarreko diru partida eskainiz. Proiektuaren sustatzaile Rafael Yustek azaltzen duenez (jatorriz Logroñokoa den euskaltzalea), «erronka pelikula guztia ikustea da, momentuz egiten dugun neurozientzia pantailako pixel bakar bat aztertzera mugatzen baita». Horretarako, espezialitateko ikerlarien arteko koordinazio handia beharrezkoa dela deritzo, eta, horrexegatik, kexu agertu zen duela hilabete batzuk proiektua hartzen ari den norabidearekin. Bere ustez, proiektuak oraindik ez duen zuzendaritza bat behar du derrigorrean, eta, horrelakorik ez bada, arriskua ikusten du diru partida itzelokin orain arteko esperimentuak finantzatzera mugatzea.
Atlantikoaren beste aldean, bitartean, antzerako proiektu bat jarri da abian Europako Batzordeak duela urte batzuk diseinaturiko Flagship Projects (bandera-ontzi edo buque insignia proiektuak) iniziatibaren baitan. Bi dira Europaren ezagutzaren eraikuntzarako gaitasuna sinbolizatzeko hautaturiko proiektuak, bata grafenoaren ingurukoa eta giza garunaren ingurukoa bestea –aipaturiko HBP–. Garaiko karrera espazialean gertatu bezala –tira, «garaiko» esatea ez da oso zuzena Armstrong ilargira bidali ei zeneko 45. urteurrenean NASAtik hasita arabiarretaraino denak mintzo direnean Martera espedizioak egiteaz...–, europarrek ez dute antza berriz ere atzean gelditu nahi tamainako inplikazio politikoak dituen erronka zientifiko eta teknologikoan. Hartara, 1000 milioi eurotik gorako proiektuari argi berdea eman zaio (urtean 50 milioi euro Bruselako aurrekontuetatik eta beste hainbeste estatu kideen aurrekontuetatik), eta antza alarma gorriak piztu ditu horrek jada finantzazio estutasunak jasaten ari zen zientzia komunitatean. Aipatu gutuna sinatu dutenek salatzen dutenez, egiturazko aldaketak izan dira proiektua onartu zenetik eta kudeaketa ilundu egin dela iritzi diote. Soilik diruaren kudeaketaz ez mintzatzearren agian, sinatzaileek kezkaz ikusten dute abiapuntuko proiektu anbiziotsua ez ote den ekintza soilik teknologiko batera mugatuko. Proiektuaren defendatzaileek, noski, garrantzia kendu diote salaketari, guztia «laborategiko liskar» gisa joz.
Ni ere liskarrari begira gelditu naiz, mesfidati. Obama, garunaren ezagutza, Europar Batasuna, karrera teknologikoa, TTIP... ur handiegiak zientzia egiteko. Eta ur horietan igerian, zalantza handi bat izaera estrategikoko ikerketa hauen guztien kudeaketaz: Einstein bere ekarpena Hiroshima eta Nagasakin lehertu izanaz atsekabetzen zen, Nobel beste hainbeste dinamita leherketengatik... Eta orain, giza garunaren gaineko ezagutza esanguratsu bat lantzeaz ari garenean, zer pentsatzen dugun irakurri eta idazteko gaitasuna lortzeaz ari garenean, non gelditzen da ba etikaren kudeaketa? Noren esku? Zein da ikerketa hauetan diharduten zientzialarien ardura? Inpresioa dut ez dagoela zientzia komunitatea klabe horretan, ez dela gai etikarik kudeatzeko, eta, gauzak orain arte bezala eginez, tamalez, historiak ez dituela absolbituko. •

