Aimar ESNAOLA CUESTA

Antzezlan soila gurean, errealitate latza Palestinan

Israel eta Palestinaren arteko “gatazkaren” erakusgarri da argazkia. Guztiz fidela bertako antzezpena: haur palestinar bat, terrorista dudarik gabe, armarik gabe dagoen soldadu israeldar gaixo bat apuntatzen azaltzen zaigu; soldadua hiltzeko prest dago, noski, haurra. Hori da, behintzat, israeldarrek ikusten dutena, ezta? Bestela, zergatik egingo liekete eraso hondartzan futbolean jokatzen ari diren umeei? Edota, zergatik bonbardatu eskola bat? Zorionez, Palestinarekin elkartasunez Donostiako Zurriola hondartzan jarritako checkpoint-a besterik ez da argazkikoa. Zorionez, goikoa ez da benetako soldadu israeldar bat eta argazkiko familiak arazorik gabe igaro al izan zuen “kontrolgunearen” beste aldera. Hori bai, Donostian egindako antzezpenak badu errealitatearekin bat datorren zerbait: argazkiko haurrak duen jostailuzko armak ez du benetan tiro egiten, Palestinako haur “terroristek” dituzten armek bezala.