Maider Eizmendi

Itsasoz egiten den garraioa ekosistema askoren suntsiketaren jatorria da

Itsasoz egiten dira merkantzia garraio gehienak mundu mailan, eta, ontzietan, produktu desberdinak ez ezik, arrain txiki, alga eta birus eta bakteria hainbat ere garraiatzen dira lasta uretan. Espezie exotiko inbaditzaileek sekulako eragina dute mundu osoko jatorriko ekosistemetan eta espezie hainbaten desagerpena ere ekartzen dute.

Euskal Herriko erlezaintza sektoreari horrenbeste endredo sortu dizkion liztor asiarraren inguruan esan ohi da egurra zeraman itsasontzi batean iritsi zela Bordelera (Okzitania) eta bertatik zabaldu zela gurera iritsi arte. Tamalez, ez da halako kasu bakarra. WWF gobernuz kanpoko erakundea horren inguruan mintzatu da txosten batean, eta, hain zuzen ere, karga daramaten ontziak espezie inbaditzaileak jatorrizkoak ez diren herrialdeetan sartzeko bitartekorik ohikoena direla iritzi dio, batez ere itsas faunan.

Aspaldian, itsasoak eta mendiak espezientzako hesi naturalak ziren, eta, ekosistemak, nolabait, era bakartuan garatzen ziren. Pertsonek bizirauteko egin zituzten lehen migrazioekin hasi ziren espezie exotikoen lehen leku aldatzeak. Leku aldatze kopuruak ez zuen, baina, egun ematen direnekin inolako zerikusirik; horrenbestez, eragin maila bera ere askoz baxuagoa zen.

Kasu desberdinak aipatu dituzte WWF gobernuz kanpoko erakunderen txostenean emandako argudioak indartzeko. Bertan datu deigarri bat ondorioztatu dute: 1970 eta 2010 artean ur gezako espezi kopurua %76 murriztu zen, eta, arrazoi nagusietako bat, karga daramaten ontziek garraiatutako ura da. Habitaten desagerpenaren ondotik, espezie exotiko inbaditzaileak dira espezien desagerpenerako arrazoi nagusiak.

Izan ere, mundu mailako merkataritza gehiena ontzi bidez egiten da gaur egun. Ontziek, baina, merkantziez gain, ura ere garraiatzen dute portu batetik bestera lasta gisa, eta, urarekin batera, baita hainbat arrain txiki, alga, birus eta bakteria ere.

Ondorio ugari

Jatorrizkoa ez duten herrialdeetan ez dute bizirauten espezie askok, baina, lortzen badute, sekulako mehatxua bilakatzen dira bertako espezientzat. «Bertako espeziekin lehian hasten dira eta askotan partida irabazten dute. Arriskua handia da ekosistementzat, ontzientzat... Kostu ekonomikoa itzela da, baina baita sozioekonomikoa ere», aitortu du WWFko itsas kontuen arduradun Simon Walmseyk.

Faktore asko daude espezie baten ezarpena arrazoitzeko. Espezie inbaditzailearen ezaugarri biologiko eta ekologikoak dira zeresana dutenak, bai eta eremu berriaren ezaugarri naturalak ere. Parekoak badira espeziea eremu berrian ezarri eta zabaltzeko aukerak handiak dira. Espezie berri bat ekosistema baten barruan jartzen denean, izango duen eragina ez da berehala atzematen. Aldiz, espezie batzuek erabat alda dezakete eremu bateko habitata, bertako espezientzat erabat jasangaitza bilakatzeraino.

Egoera hori ekidin nahian Lasta Uren Kontrol eta Kudeaketarako Nazioarteko Hitzarmena landu zuten 2004an. Hamar urte geroago, baina, ez da indarrean sartu, ez dutelako behar adina estatuk berretsi. Arauan jasotzen da, besteak beste, ontzietan ura tratatzeko sistemak jartzea, 2016ra bitartean berauek ezartzeko egutegi bat proposatuz. Sistemok lanpara ultramoreak eta sistema elektrolitikoak eramango lituzkete.

Gastu ekonomikoa

Indarrean sartzeko munduko merkantzia flotaren ahalmen gordinaren %35 suposatzen duten 30 herrialdek onartu behar dute gutxienez Lasta Uren Kontrol eta Kudeaketarako Nazioarteko Hitzarmena. Orain artean, %30, 25 suposatzen duten 40 estatuk eman diote baiezkoa. Oraindik ere indar handia duten flotek ez duten onartu, Panamak, Txinak edota Greziak esaterako.

Arazoa sistemok ezartzeak suposatuko lukeen gastuan dago antza. Walmsey baikorra da, ordea: «Ontziteria txikia duten herrialde gutxi batzuk ari dira testua berresten eta baliteke bi urteren buruan beharrezko gutxiengora heltzea». Behin hori lortutakoan, ontzietan sistemok jarri beharko lirateke eta hori egin aurretik beste hamar urte pasa litezkeela diote.

Ekosistema eta espezie askorentzat, bada, beranduegi izango da dagoeneko. Horren erakusle, adituek gogoratu dute Ipar Amerikako medusa 80ko hamarkadan atera zela bertatik itsasontzietako sotoetan. Itsaso Beltzeko antxoen artean sekulako triskantza eragin zuen hamar urte geroago.

Zebra muskuilua

Kasurik deigarrienetarikoa, ordea, zebra muskuiluarena da. Jatorriz Itsaso Beltzeko, Kaspiar itsasoko eta Aral itsasoko espeziea da, baina 1988an Kanadako Sain-Clair lakuan agertu zen. Ondoren, Ipar Amerikako Laku Handietan zabaldu zen, eta, azkenean, ibaietatik barrena, lurralde eremu askoz zabalagoan. Beste espezie batzuek ez bezala, ur hodietan ere lekua hartzen du espezie honek eta zentral hidroelektrikoak, itsasontzietako motorrak eta hondartzak ere kaltetzen ditu. Pentsa, Ameriketako Estatu Batuetan soilik eragindako kalteak milaka milioi dolarrekoak izan dira.

Europan ere zabaldu da espezie hau, eta, azpiegituretan ez ezik, hainbat ekosistemetan ere eragin ditu kalteak, Euskal Herrikoetan kasu. Bere eragina eta zabalpena geldiarazteko hainbat neurri hartu behar izan dituzten agintariek.

Espezie inbaditzaileen zerrenda luzean agertzen da zebra muskuilua. Espezie honekin batera mikroorganismoak, onddoak, uretako eta lurreko landareak, uretako eta itsasoko ornogabeak, anfibioak, arrainak, hegaztiak, narrastiak eta ugaztunak ere ageri dira.