Kattalin Miner

Injustiziaren postontzi zorionekoak

Bankuek lepo dute etxeko postontzia, ez dute lekurik uzten zure maitasun gutunentzat» dio Morauk bere azken diskoan. Eta zenbat botatzen ditugun faltan eskutitz eta postalak. Zenbatetan gogoratzen dugun nostalgia kolektiboz etxeko postontziaren funtzio hura, gaur egun emailek, telefonoek eta whatsappak jan dutena. Desagertu dira gehiengoarentzat, propaganda eta bestelako interes apurreko gutun-azalen artean azaldu ohi ziren sorpresa txiki horiek. Desagertu, postariaren txirrina entzuteaz bat, postontzira jaisteko irrikak, desagertu, gehienentzat «postal bat bidaliko dizut» bat esandakoan benetan hura jasotzeko esperantzak.

«Idatzi e?» esaten genion elkarri udalekuetako azken egunetan, eta zenbat maitasun istoriok gainditu ote zuten desafio hura. Zenbat laguntasun probintzianok iraun gutun-azalen bidez.

Bada ordea herri honetan tamalez milaka kilometro zeharkatzen duen gutun-azalik oraindik. Bada oraindik «idatzi e?» eta «postal bat bidaliko dizut» betetzen duenik. Bada oraindik distantzian bizirauten duen laguntasun, ama-alaba harreman eta maitasun istoriorik; gehienak ohiko jendearentzat gutun-azal irudikaezinak direnetan sartzen direnak.

Halako eskutitz ugari heltzen da Euskal Herriko postontzietara oraindik, eta gozoa baino gazia den egoeran ere “Is not Spain” bat daraman gutun-azalak bihotz-berritzen gaituzte. Halako asko heltzen baita oraindik, gehiegi agian. Txukun marraztutako gutun-azalak dituztenak, koloredunak, eta beste batzuk zuri-beltzak. Batzuetan lodi-lodi, argazki eta guzti izan ohi dutenak bere barnean.

Pentsatu ohi dut, hartzaile eta igorleaz gain, kanal bidea egiten duen postariak ere pozarren banatuko dituela banketxeez harago doazen eskutitzak eta haiek ere faltan botako dituztela geratzen diren azken manuskrito hauek (espero dezagun berandu baino lehen).

Arraroa baita estankora zigarroak erosteaz gain seilu sorta bat erostera joatea. Are arraroa zeure burua orain bizi duzun hirian postontzi horiak non dauden bisualizatzen saiatzen ikustea. Arraroa da zentzugabekeria krudelenak barnebiltzen duen edertasuna, gutun baten zain igarotzea izatea. Eta hala ere, zorioneko dugu gure burua oraindik halakoak espero ditugulako.

Zure urtebetetze eguna heldu da eta inertziaz mugikorrari begira igaro dut eguna. Nola deitu, nola bidali, nola esan ‘zorionak’, nostalgiak bakarrik ulertzen ez dituen postontzi horietatik at. Nola bidali, nola deitu, nola esan zure urteak ospatzeko, ez bada telefono zikin honetatik. Eta zorioneko topatu dut nire burua berriz, gutun-azala itxiaz bat.

Izan ere, badira gutun-azaletan baino kabitzen ez diren gauzak. Uneko bat-batekotasunetik harago joango direnak. Idatzi ahala, itzuliko ez direla dakizkizun hitzak. Ondo pentsatutakoak eta pentsatu gabeak. Postontzi horian askatzeaz bat hasperentxo bat ateratzen dizutenak.

Badira gutun-azaletan bakarrik bidali daitezken gauzak. Irriak. Zirriak. Itsas usainak. Besarkadak. Maitasun Iraultzaileak. Sekula itzaltzen ez diren argiak. Eztabaida politikoak, eztabaida petikoak. Bai, poema luze-luzeak. Besapeko usainak. Txokolatezko musuak. Bestelako musuak. Lokartzerainoko besarkadak. Lokartu ezin duzunerako ipuinak. Gorak eta beherak. Antsiak. Ametsak. Inausiak. Imajina ezin duzun hori azaltzen duten marrazkiak. Arramazkak. Zorionak eta zori onak.

Oso zorte oneko dut nire burua, eta hala, bolumena igo diot kantuak erantzuna eta oartzuna itzuliko dizulakoan: «Munduan badabil orain maitasun apur bat posta azal txukunetan postontzietan barrena. Zorionekoa da hitz goxo baten truke beste inor itauntzen ibili behar ez duena». Zorionekoak gu. •