Amagoia Mujika Telleria

Adin txikikoek, Interneten dabiltzanean, gurasoen gertuko zaintza behar dute

Internet aukerak eta arriskuak eskura jartzen dituen leiho handi bat da eta adin txikikoak estu lotuta daude sarera, horrekin jaio dira eta horrekin hazten eta hezten ari dira. EU Kids Online elkarteak 33 herrialde ikertu ditu. Ondorioak eta aholkuak jarri ditu mahai gainean, Internet adin txikikoentzat toki segurua bihurtzeko bidean.

Internet leiho handi bat da, onerako eta txarrerako. Adin txikikoak oso lotuta daude Interneti, erraz maneiatzen dute eta gero eta sarbide errazagoak eta ugariagoak dauzkate. Hartara, gero eta nabarmenagoak dira leihoaren bi ertzak: aukerak eta arriskuak.

Horien harira, EU Kids Online elkarteak egindako azken ikerketan, 33 herrialde aztertu dituzte 150 ikertzailek. Adin txikikoek sarean zein arrisku dituzten ikertu dituzte, eta horien aurrean zein tresna eta jarrera indartu behar diren nabarmendu dute. Lehen ondorioa oso kontuan hartzekoa da: Europako beste zenbait herrialderekin konparatuz gero, Estatu espainolean, gurasoek denbora gutxi ematen dute seme-alabekin horiek Internet erabiltzen ari direnean. Izan ere, funtsezkotzat jotzen da gurasoek adin txikikoen Interneteko erabilera gertutik zaintzea sarea modu arduratsuan erabili ahal izateko.

Arriskuei dagokienez, Internetera sarbidea daukaten gailuen ondorioz, erabilera gero eta pribatuagoa da adin txikikoen artean eta horrek, bistan denez, arriskuak areagotu egiten ditu. 2010 urteko datuekin konparatuz gero, 11 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek orain eskurago dituzte gorrotoa sustatzen duten mezuak (%13tik %20ra igo dira), anorexia bultzatzen dutenak (%9tik %13ra), nork bere burua zauritzera animatzen dutenak (%7tik %11ra) eta ciberbullyingarekin loturikoak (%7tik %12ra).

Internet toki seguru bihurtu

Internet adin txikikoentzat toki segurua izan dadin lan egiten du EU Kids Online elkarteak eta horretarako, aipatu bezala, herrialde desberdinetako ikerlarien laguntza dauka, tartean, EHUkoena.

Behin arriskuak ikusita, garrantzi berezia ematen diote arrisku horiek gutxitzeko bideak abiatzeari, eta horretan ari dira, sarearen inguruko industriarekin harremanetan jarri eta elkarlana bideratu nahian, denen artean Internet toki seguru bihurtzeko. Baina Interneteko industriak neurriak hartzea bezain garrantzitsua da gurasoek zenbait jarrera bereganatzea. Eta gurasoentzat aholkuak ere atondu dituzte.

Garrantzitsua da, ikertzaileen esanean, txikitatik haurrei sarean mugitzen laguntzea, bertan dauden aukerak eta arriskuak aipatuz. Sarean mugitzeko abilezia sustatu behar da, era horretan, arriskuei aurre egiteko tresnak eskaintzen zaizkielako adin txikikoei. Ez jarri hainbeste indar arriskuetan eta gehiago nabarmendu eduki dibertigarriak. Finkatu sarean nabigatzeko arauak eta irizpideak garbi eta zorrotz.

Aipatu ikerketak mahai gainera atera dituenak garrantzitsuak dira gaitasun digitalen kudeaketa egokia bideratzeko.

Adin txikikoek Internet gero eta gehiago erabili, gaitasun digital handiagoa dute eta, beraz, aukera gehiago sareak eskaintzen dituen onurez baliatzeko.

Baina Interneten erabilera guztiak ez dira mesedetan izaten. Haurraren adinak, generoak eta estatus sozio-ekonomikoak zeresana dute lortuko dituen onuretan. Baita –eta hau bereziki nabarmendu dute– bere gurasoen babesak ere. Gero eta babestuago eta zainduago egon Internet erabiltzen duenean, eduki baikorretara iristeko aukera gehiago.

Pornografia eta indarkeria

Noski, Internet gero eta gehiago erabili, arrisku gero eta gehiago. Hartara, erabilera bultzatzen denean, gurasoen zaintzak indarra hartu behar du.

Pornografia da haurrak eta Internet aipatzean jendartean sortzen den kezkarik nagusiena. Bigarren tokian geratzen dira indarkeria, erasoak, odolarekin zerikusia dutenak eta halakoak. Orokorrean, jendartean kezka handiagoa sortzen du indarkeria sexualak bestelakoek baino.

Adin txikikoek benetako indarkeriarekin izugarri sufritzen dute, ez, ordea, fikziozkoarekin. Eta mina ematen diete ahulagoen kontrako erasoek, haurren kontrakoek edo animalien kontrakoek, kasu.

Online arriskuen inguruko kezka nabarmen handiagoa da 9 eta 12 urte bitarteko haurretan. Txikiagoak direnean edukiek sortzen dute kezka, adin horretan, berriz, jarrerek edo sarean izan ditzaketen harremanek.