‘Oihu anizkoitza’, esklerosia giltzapean

Esklerosi anizkoitza du Ibon Fernandez Iradi preso lasartearrak. Aske geratzeko eskaerak behin baino gehiagotan errepikatu badira ere, egun oraindik Estatu frantseseko epaitegien esku dago azken erabakia. Eta ebazpena ez da hurrengo urteko martxoa baino lehen iritsiko. Gaixotasunak giharrak geldiarazi moduan gogortu ditu ere senideen egunerokoak Fernandez Iradik jasaten duen egoerak. ‘Oihu anizkoitza’ dokumentalak azalera eraman du urteetan atzera eginda Lannemezanen preso dagoen euskal herritar honen auzia. Senideen lekukotzak, Jaiki Hadiko medikuen iritziak, adituen azalpenak, abokatuen ikuspegiak eta Luisiren testigantzak dira, besteak beste, «Ibon maite dugunok» egin duten ordu erdiko dokumentalaren bizkarrezurra. Luisik merezi du aurkezpen berezia. Lasartear emakumea, esklerosi anizkoitza du berak ere. Agian, bere ispilutik begira asma dezake ikusleak Ibon Fernandez Iradiren osasunak egoera horretan izan dezakeen beheratzea; medikuen asistentziaren beharrezkotasuna; edo gaixoaren inguruak duen berebiziko garrantzia. Gertukoenek erakusten dute, azken batean, jazo denaren eta gerta daitekeenaren ikuspuntua. Ariane KAMIO