Bizirik irauteko bat egin beharra

Txinak eta AEBek aste honetan lehen aldiz lortu dute klima aldaketaren inguruan ados jartzea. «Akordio historikoa» izan dela esan digute hedabideek, nahiz eta fenomenoa aztertu duten zientzialariek beharrezkotzat jotzen dituzten gas kutsakorren isurketen murrizketetatik oso urruti geratu diren mundua gehien zikintzen duten bi herrialde erraldoiak. Gainera, Mitch McConnell senatari errepublikanoak adierazi du Obamak eta Xi Jinpingek adostu duten egitasmoa ez dela «errealista», eta Etxe Zurira iristen den hurrengo presidentearentzat zama handia izango dela, lanpostu berriak sortzea kaltetu eta energia garestituko duelako. Alegia, AEBek ez dutela beteko orain agindutakoa. Obama eta Xi Jinping elkarrekin hizketan ari ziren bitartean, Seychelleetan (bi irudiak bertakoak dira) elkartu dira itsasoaren mailak gora egin izanak desagertzeko bidean ipini dituen estatu txikietako ordezkariak. «Errudunak zigortzeko aukerarik ez dugu», onartu du James Michel Seychelleetako presidenteak. Bat egiteko eskatu du, potentzia handiek jaramon egin diezaieten. joseangel.oria@gaur8.info