Gorka Zozaia

Bahe beharrean

Filosofiako irakasleak kristalezko poto bat jarri zuen mahai gainean. Poltsa batetik harri handi batzuk atera eta potoa bete zuen. Ikasleei potoa beterik ote zegoen galdetu zien, eta, hauek baietz erantzutean, beste poltsa batetik hartxintxarrak jaurti zituen potora. Mugimendu batzuekin, harritxoak handien artean egokitzen joan ziren, potoa berriz bete arte. Jarraian, beste poltsa batetik harea bota zuen potora, harrien arteko hutsune guztiak betez potoa leporaino bete arte.

Aurreko artikuluan, “Arimen gaueko udatxoa” izenburupean, urriko hondarrean izandako “ezohiko” beroa eta gurean ere indartzen ari den Halloween ospakizuna hizpide hartuta, datuak eta informazioa gauza bera ez direla azaltzen saiatu nintzen. Zehazki, ahanzturaz mintzatzen nintzen, alzheimer kulturalaz, arruntak izan beharko zitzaizkigun gertaerak ezohiko nola bilakatzen diren; datu zaparradak informazioa nola lausotzen digun. Ohiko lez, jakintzaren eraikuntzaren hausnarketaren putzura jausi nintzen, baina jada igeri egiteko lekurik gabe. Gaur, baina, luze pare bat egiten saiatuko naiz.

Lehen luzean, datuak, informazioa eta kultura lotu nahi nituzke; hitz bakoitzari zer esangura ematen diodan azaldu. Datuak ingurutik jasotzen ditugun estimuluak lirateke, gertaerak, ultrakomunikazio ingurune honek eskaintzen digun berri, mezu eta irudi bonbardaketa; interpretazio bat eskatzen duten estimuluak. Informazioa, berriz, gure ingurunea ulertu eta aurreikusteko gaitasuna ematen diguna litzateke; interpretaturiko estimuluak, logika batean ezarritako datuak. Eta kultura, beraz, estimuluak interpretatzeko mekanismo hori litzateke, datuetatik informazioa ateratzeko modua. Ez hartu esangura hauek modu itxi batean, finean esan nahi dudana zera baita: bizi dugun datu zaparradatik informazioa ateratzeko bahe bat behar dugu, iragazki bat, interesekoak zaizkigun datuak bereizteko batetik eta datu horiek modu aproposean lotzeko bestetik.

Urrian “El País” egunkarian elkarrizketatu zuten Roberto Rigbon MIT Ameriketako Estatu Batuetako Enpresa Zuzendaritzako eskola prestigiotsuko irakasleak azpimarratzen zuen bezala, datuak informazio bilakatzeko behar-beharrezkoa da giza faktorea. «Datuek bere horretan ez digute ezer esaten, eta datu gehiago izateak ez du esan nahi informazio hoberik dugunik». Nik gehituko nioke, datu zaparrada, informazio gehiago ateratzeko bide den bezala, informazio ona ateratzeko oztopo ere badela. Gure zentzumena lausotzen duen laino itxi bat bezala, potoa betetzen duen harea, egungo Halloween “berria” betiko Arimen Gaua dela ikustea oztopatzen diguna, edo udazkeneko bero arrunta klima aldaketarekin nahastera garamatzana.

Bigarren luzean, Boliviako gobernuburu bati entzundakoa berreskuratu nahiko nuke: «Sustrairik ez duenak, hegorik ez du». Gure baheak ez badaude milurteko luzez landuriko jakintzan oinarrituta, jai dugu hegan egin nahi badugu, ezer aldatu nahi badugu. Bistan da bahe mota askotarikoak baliatu behar ditugula ingurunea interpretatzeko, baina kontuan izan behar dugu, filosofia irakaslearen potoak bezala, gure interpretatzeko gaitasunak muga bat duela. Ultrakomunikazioarekin bat heltzen zaigun munduko hiritarraren kultura, harea bezain arina, etengabe pasatzen zaigu potora, eta, harri sendoak garaiz sartu ezean, harea besterik ez dugu izango.

Asteon, euskal kulturaren topaketa garrantzitsu bat dugu Durangon, sustraiak botatzeko aukera ona, nahiz eta espainiar konstituzioaren ospakizuna baliatu horretarako. Gogoratu nahiko nuke, hemeretzi urte egiten direla, Durangon bertan, ospakizun horren aurka ikasle batzuek abenduaren 6an herri eskolak antolatu zituztela. Gerora beste ikastetxe, instituzio eta lantokietara hedatuko zen hegalkada, egutegi propioa desobedientziatik eginez. Hain zuzen, abenduko lehen astean Euskararen Eguna eta Laboa eta Leteren heriotzen efemerideak ditugu. Datu gisa uzten dut, hegan interpretatzeke, Azokaren egutegia apika berregokitzeko.

«Eta orain, beteta al dago potoa?». Aho batez «baaaaai» luze batekin erantzun zuten ikasleek orduan, eta filosofoak, kafe katilu bi hustu zituen potoan. «Aleak ale, beti dago tartea lagun batekin kafe bat konpartitzeko!». •