Ander Izagirre

Eta gure usaina?

Paul-Émile Victor etnologoa Groenlandiako herrixka batera iritsi zen 1934an eta lehen inpresioa, bizi osoan gogoratuko zuena, usainarena izan zen: foka koipez igurtzitako arropen kiratsa. «Etnologia liburuek ez dute ezer esaten bafada honi buruz», idatzi zuen “Du Groenland à Tahiti” lanean. Aurrerago, inuiten artean bi urte igaro ondoren, Victorrek bota pare bat oparitu zizkion bizilagun bati eta harritu egin zen, gizon honek ez ziolako agur inuit tradizionala egin eskerrak emateko; alegia, ez ziolako sudurra berearen kontra igurtzi. «Usain nazkagarria daukazu», erantzun zion bizilagunak, «gizon zuriaren kiratsa».

Arrotzekin topatu eta euren erreakzioei erreparatzen diegunean, ohikoa da gu geure buruaz ere jabetzea –eta geure burua usaintzea–. Exotismoa kontraste kontua da, eta besteengan deigarriak egiten zaizkigun ezaugarriak azpimarratzerakoan, gure izaera ere azaltzen dugu.

Nola kontatuko genuke alienigenekin izandako topaketa bat, exotismorik muturrekoena? Badago aurrekari bat: “Relazione del primo viaggio intorno al mondo”, Elkanorekin batera planetari lehen bira eman zion Antonio Pigafetta kronistaren egunkaria. Espedizio txundigarri hartan 237 gizon abiatu ziren eta, hiru urteren ondoren, 18 bakarrik itzuli. Topatu zituzten gizakiak erabat arrotzak zitzaizkien, izaki fantastikoak Pigafettaren begietan: deabrua gurtzen zuten Patagoniako erraldoiak, karta-sortako urreko errege baten truke sei oilo eman zizkieten Brasilgo natiboak, irla polinesiarretako kanibal beldurgarriak, gizaki sinesgaitzak guztiak, munduaren ildo zuzenera ekartzen saiatu zirenak. Horregatik antolatzen zituzten bataio masiboak, horregatik sinatzen zituzten bake itunak Gaztelako erregearen eta sekula atzerritar bat ikusi ez zuten erregetxo ozeanikoen artean.

Esplorazioaren aroaren ondoren, literaturak beste ikuspegi batzuk garatu zituen: Pigafettaren izuaren ondoren, bizimodu exotikoekiko miresmena etorri zen. Stevenson, Conrad, Kipling, Loti edo Londonen narrazioek milaka irakurleren irudimena berotu zuten: abentura urrunak ziren bizitza osotasunean dastatzeko modua.

 

Gustave Flaubert, adibidez, zeharo aspertuta bizi zen Frantzian, zibilizazio burgesa gorroto zuen bere «abokatu, tranbia eta kremazko tartekin». 17 urterekin hegoaldeko herrialde exotikoekin zeuzkan fantasiak idatzi zituen eta, ahal bezain laster, Egiptora joan zen. Portuetako iskanbilak, zokoetako kaosak eta plazan kaka egiten zuen astoak liluratu zuten. Flaubertentzat bizitza kaotikoa zen, lizuna, zikina, sentsuala, eta ordena ezartzeko saiakera burgesak «gure izaeraren ukapen beato eta zentsuratzaileak» besterik ez. Norberaren nazionaltasuna ezartzeko irizpide berri bat proposatu zuen: jaio garen lekuko herritartasuna izan beharrean, erakartzen gaituen lekukoa izatea.

Hala balitz, Lawrence Millmanek bikingotasuna eskatuko luke. “Last places” liburu dibertigarrian, Norvegiatik Ternuara bidaia mantsoa egiten du bikingoen arrastotik, irlaz irla, eta arrainik ba ote dagoen jakiteko itsasoari zurrut egiten dioten arrantzaleak topatzen ditu, balea ehizatu berrien errai odoltsuak elkarri botatzen dizkioten umeak eta laba eremuetan bizi diren ermitauak. Ipar Atlantikoko jende latz, basati, zoro eta baldarki poetiko hura bezalakoa izan nahi du. Nigel Barley antropologoak bi urte igaro zituen Kamerungo dowayoekin eta Ingalaterrara itzultzerakoan bere buruarekiko “urruntasuna” sentitu zuen: «Etxean gauzak ez dira aldatu baina nik orain ez ditut ‘natural’ edo ‘normal’ ikusten, ingeles izatea dowayo izatea bezain fikziozkoa dela iruditzen zait».

 

Alberto Iñurrategi mendizaleak eta Koldo Izagirre idazleak, «Begiz begi» lanean, exotismoaz egiten dugun erabilera azaldu zuten: «Telebistako dokumentalen edertasun hori ikusten dugu, zentzurik ez duen kolorezko fondo bat, hippyentzako budismoa edo printze eskuzabalok bisitatu beharreko auzo txiroa. Mendia basakeria da eta gu zibilizatuak gara. Nepal, Mali edo Patagonian egon barik Suitzan baleude, gure igo-beharrekoek ez lukete publizitate indarrik. Mendia denboran ere egiten dugun bidaia da, iluna eta arriskutsua den urruntasunera abiatzen gara. Inontasun mitiko hartan dauka mendiak guk eskatzen diogun idealtasuna: klima gogorra, urbanizatubako paisaiak, biderik gabeko norakoak, ohitura, kolore, soinu, usain, jende arrotzak… Jende arrotzak batez ere. Nolabaiteko etsaiak atzo, erabateko hirugarrentarrak egun. Arrotzak dira, hain zuzen, gure zibilizatuaren froga». •

www.anderiza.com - @anderiza