Maider Eizmendi

Internet bidezko eskola jazarpena saihesteko eta murrizteko programa eratu du EHUko lantalde batek

EHUko Maite Garaigordobil irakasleak gidatzen duen taldeak Internet bidezko eskola jazarpena saihesteko Cyberprogram 2.0 programa garatu du. Hainbat ikaslerekin proban jarri dute jada eta lehen emaitzak baikorrak dira. Ikastetxeetan prebentzioa landu behar bada ere, eskolekin elkarlanean aritzea ezinbestekotzat dute.

Eskoletako jolastokiak sarera zabaldu diren neurrian, haietan ematen ziren indarkeria zantzuek eremu berriotan ere hartu dute lekua. Internet bidezko eskola jazarpena estu hartu nahian urteak daramatza lanean Maite Garaigordobil EHUko irakasleak, unibertsitatean gidatzen duen lantaldearen eskutik. Ikasgeletan bertan egin dute gaia aztertzeko ahalegina eta bertan pilatu dituzten datuekin osatu dute, hain justu ere, esku hartzeko programa, Cyberprogram 2.0 izenburupean argitara eman dutena.

Osatu duten programak jada eman ditu lehen emaitzak; izan ere, aurreko ikasturtean Gipuzkoako hiru ikastetxetan jarri zen abian. EHUtik jakinarazi duten moduan, orotara, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 13 eta 15 urte bitarteko 176 ikaslek parte hartu zuten programan. 93 ikasle bost talde esperimentaletan banatu zituzten eta, gainerakoekin, berriz, lau kontrol talde osatu zituzten. Ebaluazio esperimentalean lortutako emaitzek egiaztatu dutenez, «eraginkorra da programa berdinkideen arteko edozein motatako indarkeria saihestu eta murrizteko». Horrela, aipatu dute esperientzia gauzatu ez duten nerabeen aldean, parte hartu dutenen artean «erasotzaileen» ehunekoa murriztu egin dela bai aurrez aurre bai Internet bidezko eskola jazarpenean. Horrez gain, jokabide sozial positiboak, enpatia eta autoestimua ere handitu egin dira programan parte hartu dutenen artean.

Garaigordobilek aditzera eman duenez, programaren bidez «enpatiaren gaia eta behatzaileek jazarpen egoerak salatzeko daukaten gaitasuna» landu dituzte batez ere. «Berdinkideen arteko edozein motatako indarkeria ikusten duen pertsona mugiarazten saiatzen gara, isilik gera ez dadin eta egoera sala dezan, helduok jardun ahal izateko», ohartarazi du. Modu horretan, gaineratu du, kontzientziazio lana egin dute, «salatzen duena, txibatoa gabe, ikaskide solidarioa dela kontura daitezen gazteak». Saiakerak saiakera, Ebaluazio Psikologikoan katedradun den irakasleak ohartarazi du halako jarrerak antzematen dituzten ikasleak oraindik «beldur» direla eta «isildu» egiten direla.

Programa osatze aldera, bi ikasturtetan zehar azterlana egin zuen Garaigordobilek gidatzen duen taldeak. Orduan EAEko ikastetxe publiko zein pribatuetan ikasten zuten 3.026 ikaslek parte hartu zuten proiektuan. Aurrez aurre gertatzen diren hainbat jazarpen mota –fisikoa, ahozkoa, soziala eta psikologikoa– zein Internet bidezko hainbat jarrera –pasahitza lapurtzea, norbaiten lekua hartzea, dei eta mezu iraingarriak egin eta bidaltzea...– kontuan hartu zituzten. Ikerketa hartatik ateratako ondorioak adierazgarriak izan ziren; izan ere, ohartarazi zuten gazteen %83,7k azken urteetan eskola jazarpeneko egoeraren batean esku hartu zuela modu batera edo bestera. Internet bidezko eskola jazarpen kasuei dagokionez, azterlanak adierazi zuen gazteen %69,8k halako egoeretan esku hartu zutela: %30,3 biktimak ziren, %15,5 erasotzaileak eta %65,1 behatzaile hutsak.

Garaigordobilen esanetan, gizarteak ez die erantzun egokirik ematen egoera horiei: «Kasu bat antzematen denean, askotan biktimak dira ikastetxetik alde egin behar dutenak, ez baita lortzen arazoa konpontzea». Bere esanetan, eskola jazarpenaren aurkako protokolo eta prozedura asko daude, baina, «ez da lortzen indarkeriazko jarrerak gutxitzea, ezta behatzaileek gertatutakoa salatzea ere».

EHUko irakasleak argi du berdinkideen arteko indarkeriaren ondorio negatibo eta larrienak biktimek jasan arren, erasotzaile eta behatzaileek ere ondorio kaltegarriak pairatzen dituztela, besteak beste, «egoera horietan parte hartzea oso kaltegarria» delako nortasuna garatzeko. Familiaren eta eskolaren arteko lankidetza oinarrizkoa da Garaigordobilentzat, ikasgeletan prebentzioa lantzea ez baita nahikoa: «Biktimari eragindako kaltea konpontzen laguntzea da erasotzaileen gurasoen egitekoa, ez jokabide desegoki horiek ‘umeen kontuak’ direla esatea». Izan ere, heziketa eredu egoki batek «seme-alabekiko afektibitate, maitasun eta konpromiso handien eta arrazoizko zigor, diziplina eta hertsaduraren nahasketa izan behar ditu oinarri».

Teknologiak dibertsioa, harremanak eta komunikazioa jartzen ditu haur eta gaztetxoen esku

Pasa berri diren Gabonetan berriz ere nagusi izan dira teknologiarekin lotutako opariak haur eta nerabeen artean; tabletak, smarthponeak, bideo-jokoak... Eta berriz ere plazara atera da informazioaren eta komunikazioaren teknologiek dituzten onuren eta kalteen inguruko eztabaida. «Zertarako behar du 12 edo 13 urteko neska-mutiko batek eskuko telefono bat? Zertarako behar du 10 urteko neska-mutiko batek tablet bat?». Horrelako galderak ohikoak izaten dira haurren eta teknologien gaia aipatu orduko. Adituen esanetan, baina, «guk gure garaian ez genituen ezertarako behar auto telegidatu bat edota scalextric bat, eta eskatzen genituen, ezta? Gabonetako opari baten inguruan ari gara hizketan, ez behar baten inguruan».

Gaur egun smarthpone edo tabletak denerako erabiltzen dira, deiak egiteko izan ezik. Argazki eta bideo kamerak dira, musika deskargatzeko eta entzuteko gailuak, bideo-jokoetan aritzeko aukera eskaintzen dute, sare sozialetarako sarbidea, eta, gainera, lagunekin edota senideekin komunikatzeko bidea ere ematen dute. Hartara, adituek galdera testuinguru horretan kokatzen dute: «Zein ume edo nerabek ez du horrelako bat nahi? Gure aitona-amonen garaian horrelakoak existituko balira, seguru Gabonetan horiek eskatuko lituzketela!».

Gailu teknologiko horiek gaztetxoei eskaintzen dietena hiru errealitatetan laburtu daiteke: dibertsioa, harremana eta komunikazioa. «Eta horiek denak faktore baikorrak dira. Ona da gaztetxoentzat ondo pasatzea, besteekin harremanak izatea eta komunikatuta egotea, ezta?».

Baina, noski, beti dago “baina” bat. Berez gailu teknologikoak txarrak ez badira ere, ematen zaien erabilera txarra izan daiteke, eta, ondorioz, kaltegarria. Hartara, adituek zenbait aholku eskaintzen dizkiete gurasoei. Lehena eta garrantzitsuena: «ez erosi tablet edo smarthpone bat 14 urtetik beherako gaztetxo bati ez baduzu bere erabilera gertutik zainduko edo ez baduzu bere formakuntzan parte hartuko. Edo, txarrenera, ez bazaude bere ondoan jarri eta ikasteko prest».

Baina 14 urtetik beherako neska-mutiko bati horrelako bat erostea erabakitzen baduzu, jakin ezazu adin horretan beren gurasoen aholkuak eta gomendioak kontuan hartzeko jarrera irekiagoa izaten dutela, eta ez hainbeste 14 urte edo gehiago dituztenean. «Adin txikiagoetan onartzen dute ‘tutorizatuak’ izatea, egiten dituzten argazkiak erakusten dituzte, Whatsapp bidezko elkarrizketak erakusten dituzte, baita deskargatzen dituzten jokoak ere. Are gehiago, gozatu egiten dute beren gurasoek nola parte hartzen duten ikusita eta egiten dakitena erakutsi nahi izaten diete». Ondorioa, beraz, garbia: komenigarria da teknologiara gurasoen laguntzarekin gerturatzea, eta, nerabezaroa iritsi baino lehen bada, hobeto.

Hortik abiatuta, hurrengo oharrak kontuan hartzea aholkatzen da:

–Garrantzitsua da antibirus bat instalatzea, baita pasahitz bat aktibatzea deskargak eta erosketak kontrolatzeko ere. Komeni da, gainera, gurasoek bakarrik ezagutzea pasahitz hori.

–Erakutsi iezaiezu gazteei beren pribatutasuna zaintzen, pantaila blokeatzeko moduak erakutsiz adibidez.

–Kontrolatu noiz eta zenbat denboraz erabiltzen dituzten gailu teknologikoak. Erabilerak desberdina izan behar du astean zehar edo asteburuan.

–Erabilera debekatua dagoen egoerak eta tokiak zehaztu; jateko orduan, lagunekin edo senideekin bilduta dagoenean... Eta ez utzi gailua erabiltzen atea itxita duten logeletan bakarrik daudenean.

–Arretaz zaindu sarera igotzen dituzten argazkiak eta jakinarazi zein garrantzitsua den beren pribatutasuna eta besteena errespetatzea eta edozer gauza ez igotzea.

Azken finean, beraz, garrantzitsua da informatuta egotea eta gertutik ezagutzea seme-alabek egunero darabiltzaten gailu teknologikoen funtzionamendua, haientzat erreferentzia bihurtuz.