Amaia Agirre

Berreketa

Berreketa zenbaki bat bere burua zenbat aldiz biderkatzen den adierazten duen eragiketa da. Gurean gertatzen ari diren berreketak ez dira berriketak! Zenbat bider bete ditugu Bilboko kaleak? Zenbat buru hainbat aburu? Aburu bakarra bider milaka buru, hori da gurea.

Joan-etorrietako kilometroak ez dira joanekoak gehi itzulerakoak soilik. Berreketa konplikatu bati bide ematen dion matematika ariketa bat baino gehiago dira.

Imajina ezazue ikasgelako giroa zapuztu duen ikasle bat zigortu duela irakasleak. Ehun aldiz idatzarazi dio «nire gelakideei ez diet errespeturik galduko» esaldia. Ikasleak, eurek jarritako arau bat hautsi duela onartuta, belarriak makurtu eta isil-isilik errepikatu du irakasleak agindutako esaldia. Ustez bete du zigorra, baina zer gertatuko litzateke etxera joan, eta ikastetxean jarritako zigorra errepikaraziko baliote? Eta zuzendariaren aurrean berriz ere arkatza dantzan jarri beharko balu zuzendariaren eskua dantza ez dadin?

Edo beste adibide bat. Demagun auto gidari batek abiadura mugak gainditu dituelako isuna ordaindu behar duela. Demagun bide ertzean, zapelatza bere harrapakinaren zain bezala, Ertzaintza zain zuela, eta zazpiehun metro aurrerago geratu dutela. Ustezko herriaren zaintzaileen negozioan inoiz ez dago beherapenik, eta berrehun euroko isuna dakarte noiznahi opari gisa. Ordaindu ondoren bi puntu kentzea ere zilegi da, ados, baina pentsa ezazue agonia bukatu dela sinetsita dagoenean, etxera beste gutun bat datorkiola. Arau-hauste berberagatik beste isun baten jabe egiten dutela. Horxe berreketa. Urraketa ber bi.

Zilegi al litzateke? Ez, ezta? Bada, euskal presoen kasuan zilegi dela dirudi. Eta inork ez dezala mendekua edo gorrotoa bezalako hitzetan pentsa! Nola, bada! Arauak eta elkarbizitza hausten eta zapuzten dituztenak presoak soilik dira. Frantzian zigorra bete arren, Espainian berriz betetzea legezkoa da. Legeari uko egin arren, legezkoa da. Euskal gizarteari beti kontra egin behar horretan kontraesanetan erortzen dira. Euskal presoak euren etxeetatik dauden bezain urrun dago justizia agintari eskuindarrengandik.

Horregatik elkartu gintuen, besteak beste, urruntasunak eta zurruntasunak Bilbon. Gertaeren lurruntasunak aurrean duguna ikustea galaraz ez diezagun. Horregatik bete genituen Casilla, Zabalburu, Autonomia eta Hurtado Ametzaga, besteak beste.

Eta Casilla ez da marra horizontal eta bertikalek zehazten duten gunea soilik. Eta Zabalburu ez da “enkasillatuta” gauzkaten buru karratuentzat bilgune. Autonomia kalean badakigu zer bilatzen dugun, hitzak berak dio. Eta Ametzagan zer esanik ez, errotik moztu nahi dizkigute ametz, haritz edo pago errotuen sustraiak, baina guk amets egiten jarraituko dugu. •