Gaizka Amondarain
Irakaslea

Joko zelaia

Txanponetan neurtu izan bagenu beti gure ametsen balioa, hemen aurrean zaudeten hainbat proiektu ez ziren sekula martxan jarriko. Hitz hauekin eman zion hasiera Estitxu Eizagirrek aurtengo Argia sarien banaketa ekitaldiari. Ez zitzaion arrazoirik falta.

Komunikazioa boterea da. Txanponak edukitzeak gehiago laguntzen du, ez edukitzeak baino. Zer eta Nola galderei, azkenaldian, Zenbat gailendu zaie. Irismenari erreparatzen zaio orain. Ikusle, entzule, irakurle kopuruak zehazten du komunikabide baten balioa. Jakina da. Arrain handiak arrain txikia jaten du. Hori da logika. Hori du logikak.

Dena ez da matematika hutsera mugatzen, ordea. Bi gehi bi, zorionez, beti ez da lau. Zuriaren kontrakoak ez dauka beltza izan beharrik. Nola esplikatu mundua bestela? Nola esplikatu gure Herria? Sistemaren akatsak posible egindako salbuespenak ote ziren denak han?

Joan den astean Argia astekariak saritutako “Zebrabidea” irratsaioa, zer edo zer izatekotan, eskola bat izan da bertan parte hartu dugunontzat. Komunikazioa ulertzen, eta unibertsitateko urteak interesgarriago bihurtzen, lagundu digun espazio konpartitua. Mikrofono aurrean hitz egiteari beldurra galtzeko lehenengo saiakeren lekuko. Taldean lan egiten trebatu gaituen laborategia. Gure mundutxoa hobeto ezagutzeko leiho bat. Gure inguruan isilean geratzen ziren kontu askoren bozgorailu. Elkarlanaren garrantzia, modu inkontzientean, barneratzeko balio izan duen ariketa kolektiboa.

Dena ez da urre, baina badu nondik tira. Ez baitira gutxi “Bagazina” edota haren jarraipen den “Zebrabidea”n lehen pausoak eman eta gaur egun bestelako herri ekimen edo komunikabideren batean dihardutenak. Ezinezkoa litzateke, bidean baten bat ahaztu gabe, urte hauetan guztietan Hala Bedi irratian sortu zen magazinean musu-truk kolaboratu dutenen zerrenda osoa egitea. Lerro gehiegi zebrabide bakarrean kabitzeko.

Periferian bizi zaretenok jakingo ez baduzue ere, Arabako entzuleei arratsaldero aktualitatearen berri ematen zien bi orduko irratsaio hark, duela hamar bat urte, hiru orduko saio bihurtzeko apustua egin zuen. Araban bakarrik entzutetik, Arrosa sareari esker, Euskal Herrian zehar entzutera pasatu zen gero. Irrati bakarrak ekoizten zuena, egun, elkarlanean pentsatu eta egiten da.

Ez dira gutxi izan bidean pilatutako zalantza, neke eta frustrazioak. Ez delako erraza, ez gaitezen engaina, soldatapeko langilerik gabe tamaina horretako irratsaio bat mantentzea. Are zailagoa, lan horren emaitza kalitatezko produktu bat izatea. Mirari txiki bat? Salbuespen zoragarri bat gehiago, akaso? Kasualitateak, hala ere, ez dira berez etortzen. Bilatu egin behar izaten dira. Saiatu gabe ez dago lortzerik, hanka sartu gabe asmatzerik ere ez.

Lagun batek aurrekoan kontatzen zidanez, nekez iraungo luke zebra batek aste bat baino luzaroago Afrikako sabanan berak bakarrik. Taldean elkartzen direnean, aldiz, marra zuriak marra beltzekin nahasten direlarik, harrapakariek zailtasunak izaten dituzte animalia bakarra multzotik bereizteko. Horrek babesten ditu. Horrek egiten ditu indartsu. Beraien berezitasunak, bestela, ez du askorik balio. Alfonbrak egiteko ez bada. “La2”-eko dokumentalen batean entzun eta elkarlana goraipatzeko merke erositako metafora bat izan zitekeen. Lagunak, alabaina, benetan bota zidan, eta nik sinetsi egin nion. Komunikazioa boterea delako, esan dugu hasieran ere. Errealitatearen gaineko kontakizun zehatz bat ezartzeko balio du. Eta komunikabideak, aldi berean, komunitate bat eratzeko funtsezko tresnak ere baditugu. Norbanakoek komunean dutena taldean partekatzeko bide ematen dute. Dialektika horretan, eta komunikazioaren baitan, gauzatzen da gizartea. Ikusten ez dena ez baita existitzen, entzuten ez dena ez dago, irakurtzen ez duen herriak nekez eutsiko dio historiaren uholdeari. Sustatzetik gauzatzera pasatzeko ordua heldu dela entzun nion ekitaldi berean beste norbaiti. Auto-eratze horretan, dudarik gabe, komunikabideak erabakigarriak izango dira aurrerantzean. Partida, neurri handi batean, hor jokatzen da. •