Iraia Oiarzabal Mujika
infraganti

IKER IBARLUZEA

Umetan eguraldiaren mapak zituen gustuko eta eguraldi iragarleen hitzak entzuten hazi zen. Orain bera da isobara eta ikur artean murgildurik dabilena, mapak interpretatu eta eguraldiak nondik joko duen aurreikusi asmoz. Hasi berri duen ibilbidean fin aritzen da, hitz jario errazarekin, Tolosaldean jada ezaguna den «eguraldi gizona».

Neguan oskarbi, zerua urdin-urdin dela ateratzen diren egun horietako batean, eguzkipeko goxotasunean, eguraldiaz eta honek gordetzen dituen misterio eta zirrikituez dihardu Iker Ibarluzea (Ibarra, 1990) meteorologo gazteak. Igogailuko elkarrizketa hutsal baterako baino gehiagorako ematen du eguraldiak, denok begiratzen baitiogu arretaz, gure planak zehazteko komeni zaigunean batez ere. Eta bada horretan afizio iturria aurkitzen duenik.

Zaletasun hori ogibide bihurtu nahian dabil Ibarluzea, Geografia ikasketak egin ostean Granadako Unibertsitatean Meteorologiari buruzko masterra eginez. Eguraldi iragarpenen arloan lehenengo urratsak emanak ditu dagoeneko, Tolosaldeko Atarian eta Zumarraga-Urretxuko irrati librean ematen baitu eguraldiaren berri.

Tolosaldeko «eguraldi gizonak» txikia zenetik izan du argi zein zen bere bokazioa. Lanbidea zein izango zuen beti argi izan duten horietakoa da Ibarluzea, nahiz eta berea ez zen hautu ohikoena haurrengan, suhiltzaile izan nahi duen txikiarena bezalakoa adibidez. Urteak pasata ere, helburuari eutsi dio. Ez zen hego haizeak jotzen duenean hartutako erabaki horietakoa.

Hala, 6 urteko mutil koxkor bat zela adi-adi begiratzen zien jada telebistan agertzen diren eguraldi mapei. Ikur eta koloreek atentzioa deitzen zioten eta jakin-min hori handituz joan zitzaion urteak pasa ahala. «Egunero-egunero eguraldia ikusten nuen, eta, 13 edo 14 urterekin, nire kasa irakurtzen hasi nintzen. Garbi neukan zer ikasi nahi nuen eta zer izan nahi nuen», azaldu du.

Gainera, naturarekin lotura berezia izan du betidanik. Mendizalea eta naturaren inguruko gauzen zalea izanik, eskolan trebea zen halako ikasgaietan. Zaletasunak eta trebeziak eraman dute ibarratarra eguraldiaren inguruko iragarpenak egitera, datuak ongi interpretatu eta asmatu nahiak sortzen duen ardura eta kitzika nahasturarekin.

Izan ere, eguraldiaren iragarpenari so dagoenak zehatz-mehatz jakin nahi izaten du hurrengo egunetan etorriko dena eta ez da aldarte onez hartzen huts egitea, onetik txarrerakoa denean batez ere. Iragarpenak, ordea, ez daude akatsetik salbu. Zientziaren misterioak, edo gutiziak, nahi bada.

Horregatik, aurreikuspenak ahalik eta zuzenenak izan daitezen iturri ezberdinak kontsultatzen ditu Ibarluzeak. «Iragarpenak Internet erabiliz egiten ditut. Nire baliabideak eta meteorologo ofizial batenak ez dira berdinak, azken finean meteorologo ofizial batek askoz ere iturri gehiago baititu. Nik egiten dudana da Interneten lau orrialde ezberdinetatik mapa edo modelo numeriko deitzen direnak hartu eta horiek konparatuta nire interpretazioa egin». Lainoak, prezipitazioa, tenperatura, presioa... horiek denak dira eguraldiak nondik joko duen asmatzeko kontuan hartu beharreko elementuak.

Euskal Herrian, klima aldakor xamarra dugula kontuan hartuta, epe laburreko iragarpenak dira arrakasta aukera gehien aurkezten dutenak. «Zaila da jarraian lau egun baino gehiagotan eguraldi bera egitea», dio.

Iragarle onaren dohainak

Aldakortasun horren eraginez hurrengo egunean zerua gris edo urdin koloreko, lainotsu edo garbi, giroa heze edo lehor izango dugun jakin nahian hurbiltzen zaizkio asko. Familia eta lagunak ia egunero izaten ditu galdezka eta dagoeneko herriko bizilagunak ere hasi zaizkio iragarpen eske. «Zuk eguraldia ematen duzu, ezta? Zer egingo du bihar», hala gerturatu omen zitzaion duela gutxi emakume bat Tolosan, besotik heltzen ziola, hurrengo egunean plana zuela eta eguraldia lagun izango ote zuen jakin nahian. Ilusioa egin zion jasotako esker onak, zalantzarik gabe.

Asmatzen duen iragarlearen ospea ote duen galdetuta, xume eta zintzo agertzen da. Inor ez dago huts egitetik libre eta berak ere izaten omen ditu halakoak. Aurreko astean, esaterako, Euskal Herriaren luze-zabalean eroritako elurteen harira,ez zuen erabat asmatu eta izan zen, konfiantzak eragiten duen atrebentziarekin, kexu agertu zitzaionik. Normalean, ordea, fin ibiltzen dela nabarmendu nahi izan du, irriño umilarekin.

Denborak eta esperientziak ematen duten eskarmentuarekin hobetu eta begiko duen Andoni Aizpururen elegantzia eta planta nahiko lituzke, bere estilo propioa mantenduz noski. «Naturala da, kameren aurrean ondo moldatzen da eta gainera ikusten da, nahiz eta ez den meteorologoa, badakiela. Asko transmititzen du. Ez da mugatzen gaur eta biharko iragarpena egitera, saiatzen da hurrengo egunetako joera ere aurreratzen. Jendeak estimatzen du hori», aipatzen du.

Pello Zabala ere gustuko du, nahiz eta zehaztasun aldetik ez duen hain borobil ikusten. «Eguraldia esateko modu nahiko berezia du, azalpen orokor xamarrak emanez. Hala ere, asmatzen du normalean».

Aurreko biek ez bezala, Ibarluzeak kameren atzealdean ikusten du bere burua. Meteorologia agentzia batean aritu nahiko luke, mapa artean interpretazioak egiten. Iragarpenak publikoki egitekotan, irrati uhinen bitartez botako lituzkeela dio, telebista kameren eta objektiboaren begirada zorrotzetik urrun. Izan ere, meteorologiaz jakiteaz harago, iragarpenak egiteko «bestelako dohain bat» ere behar dela uste du. Komunikatzeko abilezia, alegia.

Eguraldia eta umorea

Bazkalosteko epeltasunean, giro gozoan doa eztabaida, eta, beharbada eguzkiak sortutako erosotasun horrek bultzatuta, eguraldiak gure aldartean duen eraginaz galdetu diogu Ibarluzeari. Jendeak garrantzi berezia ematen dio eguraldiari, eta ez bakarrik bere egunerokotasuna antolatzeko izan dezakeen eraginagatik, baita gure umorean sortzen dituen gorabeherengatik ere.

Eguzkiak berezko irribarrea marrazten die askori, euri zaparradak eta haize bortitzak muturra luzatzen dien moduan. Aldarte jatorragoa izan ohi dugu eguraldia lagun dugunean. Iritzi hori berretsi du Ibarluzeak, nahiz eta ez daukan erabateko azalpen zientifikorik horretarako. «Niretzako eguraldiak eragina dauka jendearen eguneroko izaeran. Denbora luzean zehar eguraldi txarra egiten badu, jendeari aurpegi luzeagoa ikusten zaio. Sumatzen da ez dagoela hain umore onez, erreta bezala. Eguraldi ona egiten duenean beste alaitasun bat sumatzen da».

Paradoxatik ere badu zerbait baieztapen horrek, Euskal Herrian udan ere ez baitago erabat ziurtatuta eguraldi ona. Udarik ilunenean esaerari eustea besterik ez da gelditzen orduan, eguraldi txarrari aurpegi ona jartzera deitzen gaituen horri alegia.

Ildo berean, hego haizearen eta aldartearen artean lotura zuzena dagoela dioen ustea bide onetik doala uste du. Askotan lotzen da hego haizeak astindutako egun batzuen segida umore aldaketekin edo buruko minekin eta Ibarluzeak badu horrentzako azalpena. «Eguraldia oso egonkorra denean jende askori burua kargatzen zaio. Presioaren eragina da, presioa altuagoa denean jendeari burua ere nekatu egiten baitzaio», dio.

Haizea, euria, beroa zein hotza tarteko, esan daiteke beraz, gizakiok badugula halako lotura natural eta sentsorial bat eguraldiarekin. Ezinbestean eragiten diguna. Horrenbestez, inauterietan eguraldia nola portatuko den da askok egunotan gainean duen kezka.

Zalantzak uxatzeko, Ibarrako meteorologoari galdetzea onena. Aldez aurretik eman digu abisua: askok ez dute gustuko izango bere iragarpena, uretatik pasatakoak izango baitira aurtengo aratusteak. Aurreikuspen okerrak gorroto dituztenetako batzuk akatsaren esperoan izango dira orain, hartara mozorro festa salbu izango delakoan.

Huts egitea posible dela ohartarazita bota du iragarpena Ibarluzeak, baina gaurtik aurrekoak ez omen dauka oso itxura onik. «Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, nahiko zakar. Fronte bat dator, lanerako gogoarekin gainera, eta euri dezente utziko du larunbat iluntzean. Igandean ere euritan hasiko da eguna, eta eguerdi aldean zertxobait atertuko badu ere, zaparradek jarraituko dute. Zerbait hoztuko du, nahiz eta ez diren izango lehengo asteko hotz horiek. Ipar haizea bizi-bizi ibiliko da eta elurra 800 metro ingurura itzuliko da».

Halako iragarpen zehatza entzunda, neguari gelditzen zaionari buruz eta udaberria nola etor daitekeen aurreratzeko eskaerari ezin eutsita, nahiago du zuhur mantendu. «Epe luzera iragarpenak egitea arriskutsu xamarra izaten da, asmatzeko oso aukera gutxi izaten da. Pello Zabalak, adibidez, tenporei heltzen die, baina batez ere usteetan oinarrituta daude. Garai bateko baserritarren tradizioa da eta egiatik zerbait izango du horri kasu egiten bazioten, baina ez dauka oinarri zientifikorik eta fidagarritasun gutxi dauka», azaltzen du.

Dena den, ia-ia nahigabean, etor daitekeenaren inguruko irakurketa egiten bukatu du. «Neguaren aurreneko zatia epela izan dugu, prezipitazio pixka batekin. Bigarren zatia, hotzagoa eta lehorragoa. Azkena, aldiz, euritsuagoa eta hotzagoa. Hortik jota udaberriak izan dezakeena da hasiera nahiko euritsua eta hotza, gero pixkanaka udara gerturatzen den heinean pixka bat lehortu eta berotzeko. Baina ikusi beharko da».

Apustua handira egin du azkenean, eta asmatuz gero, seinale ona beretzat, baita eguzkia maite dutenentzat ere.