Iker Barandiaran

Igogailuek aguantatu behar dutena

Aitortu beharra daukat, aspaldiko partez, zeharo utzita nuen praktika bati eutsi diodala, baina zin dagizuet asmoa dela, nire aisialdiaren kudeaketa hobetzeko bidean, laster uztea eta jada ahaleginetan hasia naizela. Bai, aspaldian, oharkabean, telebista ikusten aritu naiz, tartean telezaborra. Ondorioz, Euskal Herriko zein Espainiako hainbat pertsonei –izenez erreferentzia nuenak eta baita ezagutzen ez nituenak ere– aurpegia jarri diet. Arrazoia ez da izan ohiko kafe tarteetan “outsider” sentitzeaz nazkatu izana. Ohituta nago aspalditik “herri-ezagutza” deritzotenetik kanpo egoten eta telebista, aurkezle, aktore, kirolari eta are gutxiago hemengo edo ondoko “farandula”-ko pertsonaiez ezer gutxi jakiten. Ez ditut horiek guztiak zaku berean sartuko, baina azken udatan gure kostaldean egindako egonaldietan gertatu izan zait norbaitek, aztoratuta, ohartarazi izana ondoan nituenak futbol jokalariak zirela. Nik halako kasuetan lehenengo erreflexua eskuak poltsikora eramatekoa dut eta jarraian ohartarazleari futboleko Lehen Mailako jokalarietatik ezagutzen dudan bakarra nire herrikidea dela azaltzen saiatzea.

Inguruan ditudan modernoek esaten didate jada ez dela telebistarik ikusten, akabatuta dagoela, eta gaur egun gutako gehienok Internet bidez aukeratu eta kontsumitzen dugula kultura eta aisialdia. Ez nago guztiz ados, eta ez espresuki telebista defendatzearren. Oraindik telebistak gizartean izugarrizko eragina duelakoan nago. Hain zuzen ere, ezagutzen ditut antzerkian zein zineman ibilbide luze eta esanguratsua egin baina ia jende guztiak inoiz ‘“Goenkale” telesailean parte hartu dutelako bakarrik ezagutzen dituen aktoreak; beraien lana horrexegatik soilik baloratzen diete. Gajoak haiek, are eta gehiago hemendik aurrera horrek ere ez baititu ikusgarri egingo! Hurbilago etorrita, nik neuk Goiena enpresako hedabideetan lan ugari egin nituen luzaroan, baina jendeak beti gogora ekartzen du Goiena Telebistan aritu nintzenekoa, eta oraindik ere han jarraitzen dudalakoan daude asko eta asko. Are gehiago, duela urte gutxi tinbrea entzun eta etxeko atea Jehovaren lekuko batzuei zabaltzerakoan, horietako batek «tú sales en la tele» bota zidan harrituta. Bi pertsonen elkarrizketa soilean oinarritutako euskara hutsezko saioa izanda ez zuen ezer ulertuko, baina…hari ere nonbait erretinan gelditu!

Kafe-orduko tertulia hutsaletan eta eraikin handietako igogailu geldoetan eguraldiaz hitz egiteak ibilbide mugatua duenez, jendea behartuta sentitzen da, isiluneen beldur irrazionalak bultzatuta, funts handirik gabeko kontuak berbagai jartzen eta hor telebista izaten da lehengai nagusienetakoa. Hala, ezagutzen dut tertulia horien parte izateko aste barruan ordu txikietan “Gran hermano” ikustera bere burua behartu zuenik ere. Kafea albo batera utzi gabe, ezin ahaztu egunkari honetan lanean nengoela nire lankide batek kafe-makina hornitzera etortzen zen gizona ikusi zuenean hartu zuen zorioneko ezustea eta ilusioa; eta ia segidan atsekabea, nik bertsolaritza modan jarri zuen belaunaldiaren aurrekoak izenez baino ezagutzen ez nituela egiaztatzean. Nire alde esan beharra daukat lankide nuen langile hori bertsozale amorratua dela, eta jada horretan ez dela aldatuko, ezta ahaleginduko ere. Baina nik ere baditut zaletasunak, eta, nahiz eta ez naizen batere mitomanoa, artista bat ikusi eta berehala berarekin hitz egin nahi izan dudan aldirik ere izan dut. Pentsa ze glamour-a: “TMEO” aldizkarian jaio eta hazitako “Herminio bolaextra” komiki-pertsonaiaren egile Mauro Entrialgorekin matinée kontzertu batean topo egin eta hunkituta zoriondu nuen, bere autografo-marrazki bat eskuratuta.

Argi eta garbi, telebistakoak nagusi izan ohi badira ere, bakoitzak bere erreferenteak ditu, nonbaitekoak. Eta hortik tiratuta ezin ukatu xelebrea izan zela orain dela urte batzuk Venezian gertatu zitzaidana: San Markos plaza ezagunean uso tonak uxatzen nengoela, bat-batean 80ko hamarkada bukaeran Ingalaterrako hardcore-punk eszenan zeresana eman zuen Subhumans taldeko abeslari Dick ikusi nuen. Bi alditan pentsatu gabe berarengana jo nuen eta nire burua aurkeztu nuen. Gizona aho bete hortz eta lotsatuta gelditu zen sorpresak jota, zer esan jakin gabe; eta berarekin zegoen laguna, aldiz, egoera bitxiaz jabetuta eta abeslaria hala ikusita barreari eutsi ezinik. Azaldu beharra dago, lehengoaren haritik, Subhumans taldea ez zela inoiz telebistan agertu, Ingalaterratik kanpo zaletu gutxik besterik ez dugula gogoratuko, seguruenik atzerrian inork inoiz ez duela ezagutu; eta antzeko egoera bat irudikatzekotan pareka daitekeela Bap! taldeko abeslaria Frantziako Estatuan, musika giroetatik kanpo, portugaldar batek ezagutu izanarekin.

Iraganean Bap! eta gaur egun Inoreneroni taldeko abeslari den Enekok “The revolution has been televised” abesten du aspalditik, eta, hala, ezer ez da aldatu. Izan ere, errua ez dago telebistan, gugan baizik. •