«GAZTETU HERNANI»
Hernaniko Gazte Kontseilua errealitate bihurtuko da aste gutxi barru, herriko gazteek galdegin eta Udalak hala hitzemanda. Gazteen desirak ezagutu eta administrazioarekin elkarlanean aritzeko espazioak aurkitzeko parte hartze prozesua egin berri du Udalak eta hura izango da bertako emaitza hautemangarriena.

Gazteriaren eta administrazioaren artean dagoen «amildegiarekin» arduratuta, distantzia laburtu eta tartean egon zitezkeen elkarlanerako espazioak aurkitzeko parte hartze prozesu bat jarri zuen abian Hernaniko Udalak. “Gaztetu Hernani” izena eman zioten prozesuari eta ikerketa soziologikoan espezializatutako Aztiker enpresa izan dute abentura honetan bidelagun.
Irailetik urtarrilera bitarte aritu dira gazteak euren iritzia plazaratzen eta ondorio hautemangarriena sortzear den Gazte Kontseilua izango da. Prozesuan parte hartu duten gazte gehienek espazio horren beharra aldarrikatu dute, eta Udalak gazteentzako instituzio hori sortuko duela hitzeman du. Ez da, baina, prozesuak emandako emaitza bakarra.
Metodologia ikuspegitik berezia izan da prozesua, eta hala aitortu eta goraipatu dute parte hartu duten 65 neska-mutilek. Zehazki, “ikerketa ekintza parte hartzailea” izeneko metodologia erabili dute; hala, metodologia horren araberako talde dinamizatzailea osatu dute Hernaniko Udaleko kideek, Aztikerreko langileek eta Herriko hainbat gaztek. Talde dinamizatzailearen azken bilerara gonbidatu dute GAUR8 eta prozesuaren balorazioaren testigu pribilegiatuak izan gara.
Hernaniko Udalak gazteei zuzendutako eskaintza eta zerbitzuak eskaini arren, gazte politikarik bere horretan ez du inoiz eduki, ezta gazteria zinegotzirik ere. Azken hauteskunde programako promesa horietako bat zen, baina, orain artean bederen, ez diote gaiari ganoraz eutsi.
Araitz Aira eta Maialen Apezetxea gazteak dira, baina baita Hernaniko Udaleko langileak ere. «Gazteak gara gu ere, eta, hortaz, gazteen arazoak zeintzuk diren imajina genezakeen guk ere, baina, aldiz, gazteen kezkak zeintzuk ziren gazteek eurek esatea nahi genuen. Gazteentzako politika egin baino, gazteekin egin nahi genuen aurrera», diote aho batez.
Parte hartze prozesua abiatu aurretik gazteriaren argazki erreal bat eskuratzeko asmoz, ikerketa lan zabala egin zuen Aztikerrek. Markel Ormazabal aritu da lan horretan, eta, bidean, Gipuzkoa mailan gazte politiken inguruan dauden hainbat aritu eta aditurekin elkartu eta 16 eta 30 urte bitarteko bederatzi gazterekin elkarrizketa sakonak egin zituen. «Alde batetik gazteen kezketara hurbildu nahi genuen, eta, bestetik, administrazio lokalek gazte arloan zein eskumen zituzten ezagutu nahi genuen», nabarmendu du. Ikerketa kuantitatiboan ere murgildu zen Aztikerreko kidea, Hernaniko Udaleko departamendu ezberdinetan sakabanatuta zeuden gazteriaren inguruko bigarren mailako datu estatistikoak bateratuz.
Aurre lana amaituta, gazteriari hitza emateko txanda iritsi zen irailean. «Zer da gaztea izatea 2014ko Hernanin?» huraxe izan zen gaian murgiltzen hasteko gazteek erantzun behar izan zuten lehen galdera. Talde hausnarketa eta eztabaida sustatzeko world cafe saio batean aritu ziren berriketan.
Prozesua mugimenduan
Espazio publiko nahiz pribatuen erabilera hizpide izan zuten hurrengo saioan. Herriko mapa eta galdetegi bat eskuan, Hernaniko karrikak zeharkatu zituzten taldetxotan banatuta, bai eta gaztetxea, gazte lokalak, plazak eta tabernak ere. Espazio horiek noiz eta zein modutan erabiltzen dituzten ikustea zen asmoa, bai eta gazteak eurak dituzten mugikortasun ohiturez ohartzea ere.

Gazteen arteko harremanak ere aztergai izan zituzten; harreman indibidualetatik kolektiborako jauzia egin zuten eta ispilu aurrean ikusi zuten euren eguneroko harremanak zer-nolakoak diren. «Harremanak nola eraikitzen dituzten ikusi nahi genuen, eta, horretarako, ariketa bat proposatu genien. Azken astean zenbat whatsapp igorri dituzten, zenbat denbora igaro duten sare sozialetan, zenbat telefono dei egin dituzten eta zenbat aldiz geratu diren lagun batekin zenbatzea, alegia. Datuekin denok haluzinatu genuen. 40 gazte elkartu baziren, oso gutxi geratu ziren aurrez aurre lagunen batekin aste horretan zehar, eta asko jota denen artean hamar dei egingo zituzten telefonoz. Mugikor eta ordenagailu aurrean, aldiz, denbora mordoa igaro zuten», azaldu du Ormazabalek.
Datuekin harrituta, aurrez zuten kezka biderkatu egin da parte hartu duten gazteen artean, eta eskari berezia egin diote norabide horretan sortzear den Gazte Kontseiluari: harremanak lan lerro nagusi moduan har ditzala eta haien gaineko tailer eta ikastaroak antolatzea. Ormazabal bera sorpresaz harrapatu du gazteek euren harremanekiko duten kezka. «Hausnarketa gai nagusia izan da, eta, aurreikusita ez genuen arren, saio oso bat eskaini genion gaiari haiek hala eskatuta», ekarri du gogora.
Onura eta kalteak
Teknologiak berriak eta sare sozialak, kuadrillen fenomenoa edota sagardotegi garaiak Hernanin sortzen duen giroa kezka iturri dira herriko gazteentzat, onura bezainbeste kalte ikusten dizkiete-eta horiei guztiei. «Kuadrillak, adibidez, jendea ezagutzeko muga direlakoan daude», nabarmendu du Ormazabalek.
Azken bi saioetan balizko gazte politika batek izan beharko lituzkeen lan ildoen inguruan aritu ziren, bai eta elkarlanerako espazioez ere. Lehenengoan, Bartzelonako Sants auzoko Can Vies zentro soziala eta Irungo Lakaxita gaztetxeko kideak ezagutzeko parada izan zuten hernaniarrek. Gaztetxeek berezkoa duten produkzio kulturalaz harago lan produktiborako aukerak sortu dituzte-eta bi esperientzia horiek.
Saio bakoitza dinamikoa izateaz gain, testuingurua bera ere aldatzen joan dira. Plazan, gazte lokal batean, gaztetxean, kalean, kultur etxean eta udaletxean egin baitute saio bana. Udal aretoan eman zioten amaiera prozesuari; alkateak berak ongietorria eman zien bertaratutako gazteei eta rol jolas bat egiten aritu ziren bertan, batzuk udal gobernuaren paperean eta besteak gazte eskatzaileen paperean.
Amelia Elortza eta Kattalin Artola prozesuan parte hartu duten bi gazte dira. Elortzak 16 urte besterik ez ditu eta «gustura asko» ibili da, nahiz eta, aitortu moduan, etxebizitza eta lan munduaren gaineko eztabaidetan «nahiko galdua» egon. Kattalin, berriz, helduxeagoa da, eta, hori dela eta, berak gazte helduenak bota ditu faltan, 24 eta 30 urte bitarteko horiek, hain zuzen ere.
16 eta 30 urte bitarteko hernaniarrak zeuden prozesuan parte hartzera gonbidatuta, gazteenak izan dira, baina, interes handiena erakutsi dutenak. Ander Arretxe ere parte hartzaile horietako bat izan da eta haren kezka gazteen artean dauden interesgune zeharo ezberdinak dira.«Nola erakarriko ditugu 16 eta 30 urte bitarteko gazte guztiak gazte politika bakar batekin?», horixe bera da Arretxek luzatu duen galdera.
Erantzuna ikusteke dago oraindik, baina, saiatu saiatuko direla baieztatzen dute Hernaniko Udaletik. Martxoan jarriko da martxan Gazte Kontseilua; hasiera batean teknikariekin arituko da eta hurrengo legegintzaldiko kontua izango da jada gazteria zinegotziaren zereginak zehaztearena. Prozesuan parte hartu duten dozena bat gazte ere arituko dira Kontseiluan eta hilero elkartzeko konpromisoa hartu dute. Gazteek galdegin moduan harremanak eta etxebizitza izango dira kontseiluaren zutabeak. «Irudimenez eman beharko diote soluzioa etxebizitzaren arazoari, herri administrazioek eskumen gutxi dituzte-eta alor honetan», ohartarazi du Ormazabalek. Etxebizitza kooperatibak sustatzea eta zaintza zerbitzuen truke etxebizitza ala logela alokairuak sustatzea dira prozesuan zehar ateratako hainbat ideia.
«Prozesu bat itxi dugu, baina orain beste bat jarri beharko dugu abian, Gazte Kontseilua osatzeko», dio Apezetxeak lanean hasteko gogoz.

