Terminal fiskala, taxistekin abiatu den proiektu pilotua
Gipuzkoan lan egiten duten 700 taxisten erdia baino gehixeago terminal fiskalaren proiektuan parte hartzen ari da, borondatez. Finean, zerbitzu bakoitzeko faktura emititzeko eta Ogasunarekin harreman zuzena izateko konpromisoa hartu dute. Ekonomia gardenaren alde pausoa eman duten «superheroiak» dira.

Ekonomia gardenarena izan da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun sailak legegintzaldi honetan astindu duen bandera. Bide horretan abiatu du, esaterako, faktura eskatzearen garrantziaz ohartarazten duen kanpaina, «ekonomiarik eta diru beltzik gabeko gizartea lortzeko pausoak» emate aldera. Eta norabide beretik doa taxistekin abiatu duten terminal fiskalaren proiektua.
Proiektua enpresei eta profesionalei zuzenduta dago eta, finean, teknologia berrien aukerak baliatuz, horiek Ogasunarekin lotzen dituen zuzeneko sistema bat ezartzea da egitasmoaren funtsa. «Establezimendu edo enpresa horiek gizartearen aurrean erabateko zerga gardentasuna bermatuko dute», nabarmendu dute Ogasunetik. Hasiera batean, taxistak animatu dira proiektu pilotu horretan borondatez parte hartzera.
«Sektore profesional desberdinekin bilerak egin genituen. Sektore horiek oso anitzak dira eta ikusi genuen taxisten kasuan, borondate ona egoteaz gain, bazirela beste zenbait baldintza proiektu pilotu hau martxan jartzea errazten zutenak», hasi da kontatzen Agustin Olasagasti, IZFEko proiektu burua. IZFE, Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea, arduratzen da Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektuek aurrera egiteko behar dituzten baldintza eta zerbitzu informatikoak bermatzeaz. Hartara, IZFEk diseinatu du terminal fiskalaren sistema informatikoa.
Gipuzkoako taxistek urtean 60.000 eurotik beherako fakturazioa daukate, bete beharreko baldintza terminal fiskalaren proiektuan parte hartzeko. Horrez gain, smartphone edo tablet bat izatea da baldintza teknologiko bakarra eta taxisten artean hori aise gertatzen da. Gauzak korapilatu egiten dira, esaterako, bestelako denda, taberna eta establezimenduen kasuan. «Beste sektore batzuetan trabak handiagoak dira. Salmenta puntu bakoitzak oso sistema desberdinak erabiltzen ditu; izan daiteke kutxa erregistratzaile zahar bat, ordenagailu bat... hori guztia batzea zailagoa da, Beste sektore batzuk ez dira taxistena bezain homogeneoak eta teknologikoki zailtasun handiagoak daude», azaldu du Olasagastik.
700 taxisten erdiak
Hartara, bai taxisten artean borondatea sumatu zutelako, bai baldintza teknologikoek laguntzen zutelako, sektore horretan abiatu zen terminal fiskalaren proiektua. Erabat borondatezkoa da eta Gipuzkoan dauden 700 taxisten erdia baino gehixeago batu da proiektura. Gainera, urtero eskainiko da proiektuan parte hartzeko aukera, gainontzeko profesionalek atea irekita izan dezaten.
Terminal fiskala teknologia berrien bitartez Ogasunarekin lotura zuzena izateko bidea da. IZFEk bi aplikazio prestatu ditu, bata telefonoarentzat eta bestea tabletarentzat, aukeran. «Oso arrunta da. Bi aplikazio eta inpresora txiki bat. Faktura emititzeko modua ematen du eta aplikazioa gure zerbitzarira lotuta dago. Hartara, hiru ordutik hiru ordura sinkronizatzen da –hala ere, taxistek edozein unetan sinkronizatu dezakete–», azaldu du Olasagastik.
Horrez gain, taxisten eskura jarri da beren faktura guztiak kudeatzeko sistema bat. «Internet bidez ikus ditzakete faktura guztiak. Beren kontabilitatea bertan kudeatu dezakete. Esaterako, normalean enpresa batentzat lan egiten badute, hilabete amaieran hilabete horretako enpresa horren faktura guztiak atera ditzakete. Kudeaketarako erraztasunak ematen dizkie sistemak», gaineratu du IZFEko buruak. Gainera, terminal fiskalaren proiektuan parte hartzen duten taxista guztiek telefono bat daukate uneoro eskura sortzen zaizkien arazoak kudeatu eta konpontzeko.
Aurretik aipatu bezala, proiektua borondatezkoa da eta 350 taxista baino gehiago animatu dira parte hartzera. Goio Alias G-Taxi Gipuzkoako Taxisten elkarteko lehendakaria da horietako bat. «Abantaila nagusiena Ogasunarekin harremana asko errazten dela da. Lehen, modulu bidezko sistema batekin aritzen ginen. Moduluak desagertu dira eta horrek asko erraztu du kontua. Eta terminal fiskalarekin, are errazagoa eta garbiagoa da guztia». Aliasen ustez, baina, bestelako abantailak ere garrantzitsuak dira, «konfiantza plusa da guretzat eta bezeroarentzat. Sistema barruan gaudela esan nahi du, Ogasunarekin harreman zuzena dugula, gure gizartean parte hartzen ari garela, kalitateko zerbitzu bat dela... guretzat hori oso garrantzitsua da». Proiektuan parte hartzen duten taxistek pizgarri fiskalak dituzte eta kalitatearen ziurtagiri bat daramate bistan autoetan.
«Hasieran, gauza berria izaki, zalantzak, galderak, iskanbilatxoa... sortzen dira. Baina, egia esan, oso aplikazio arrunta eta erabilerraza da. Berehala ohitu gara. Itzulbiderik gabeko norabidean goazela uste dut. Proiektu pilotu hau 2016 urtera artekoa da, baina, guregatik, gerora ere jarraitzea du», esan du Aliasek.
Gipuzkoako taxilarien lehendakarien esanetan, partekatutako autoak eta bestelako «zerbitzu estraofizialak» ugaritzen ari diren garaian, taxilarientzat aukera ona da terminal fiskalarena. «Bermearen plusa ematen digu. Ogasunarekin elkarlanean ari zarela eta zure herrialdearen alde kotizatzen ari zarela erakusten du. Nondik datozen ez dakigun zerbitzu horiek ugaritzen ari diren garaian, garrantzitsua iruditzen zaigu. Guretzat, lehiaren aldetik, gaur egungoa garai gogorra da eta horrelako proiektuek mesede baino ez digute egiten», jarraitu du.
Bezeroen harrerari dagokionez, denetarik topatu dute. «Hasieran, denek gauza beretsua esaten dute; ‘badatoz Ogasuneko hauek zuek harrapatu nahian’. Gure sektoreak ez dauka ezkutatzeko ezer. Ez da sektore aberatsa. Terminal fiskalaren aplikazioa erraza da, praktikoa eta konfiantza ematen du. Gehiena kostatzen zaiguna faktura ematea izaten da. Taxian jendea oso azkar sartzen da, eta oso azkar atera, beti dabilenez presaka. Eta askotan faktura eskuan hartuta joan behar izaten dugu bezeroaren atzetik... tira, baina ari da aldaketa gertatzen pixkanaka, jendea ohitzen ari da eta badira dagoeneko fakturaren zain geratzen diren bezeroak. Eta besteak ere ohituko dira».
Ogasuneko arduradunek garbi dute borondatezko proiektu pilotu honek erakusten duela etorkizuneko bidea, «Lehenago edo geroago, fakturak derrigorrez emititu beharra errealitate bat izango da. Suediar batzuk etorri ziren bisitan eta harrituta geratu ziren proiektua borondatezkoa zelako, derrigorrezkoa izan behar zuela pentsatzen baitzuten».
Terminal fiskalaren kanpaina esanguratsua da oso, bertan parte hartzen duten taxilariak «superheroi» gisa aurkezten baititu. Alegia, ekonomia gardenaren alde egiten duten «superheroiak» balira bezala. «Pikareskaren gizarte batean bizi gara, ohitura eta aje asko daude, baina poliki-poliki kontzientziaziora jo behar dugu. Ekonomia gardenak denoi egiten digu mesede. Jendarte informatu eta kontzientziatua eraiki nahi dugu, eta horretan gaude. Horretarako, gardentasuna oso garrantzitsua da; informazioa ahalik eta modurik gardenenean eman behar da, herritarren parte hartzea ere bultzatuz», nabarmendu dute Ogasunetik.

Ikasleei begirako unitate didaktikoa osatu dute
Gipuzkoako Ogasunak jomuga jarri du gardentasuna, jendarte informatu eta kontzientziatu bat eraikitzeko bidean. Iruzurraren aurkako borroka horretan, oinarrian honako ideia dago: «Iruzurra egon badago eta horren kontrako borroka inspekzioekin eta isunekin egin daiteke. Baina, goazen arazoaren muinera: Zerk ahalbidetzen du iruzurra?», egin diote bere buruari galdera Gipuzkoako Ogasuneko arduradunek. Eta erantzuna kontzientziazioan eta informazioan topatu dute.
Hartara, beren lan esparruan hanka garrantzitsu bat gehitu dute: Hezkuntza. Eta bide horretan unitate didaktiko bat osatu dute DBHko 4. mailatik gorako ikasleei begira. «Webgune honen helburua da ekonomiari eta zergei buruzko oinarrizko jakintza ikasleengana hedatzea, kontzientzia fiskal handiago bat pizteko xedearekin». Aipatu webgunean (http://ekonomiaetazergak.gipuzkoa.eus/eu/home), euskal zerga sistemaren oinarrizko ezaugarriak eta zerga nagusien egitura azaltzen dira, Administrazioak zerga bidez jasotako diruarekin zer zerbitzu publiko eskaintzen dituen identifikatzen da eta, azkenik, iruzur fiskalaren aurkako borrokaren inguruko eztabaida sustatzen da.
«Esperientzia berria izan da eta harrera ona izan du. Garrantzitsua ikusten dugu datozen belaunaldietara iristea eta horregatik abiatu dugu bide hau. Baikorra izan da proiektua».

