Garai berriak
Hauteskunde ondorengo gobernu eraketek irudi eta joera berritzaileak erakutsi dizkigute, orain gutxi arte ia pentsaezinak zirenak. Ez gara aniztasunak ekarri dituen ikusmolde berriez soilik ari, haien artean eman den zeharkakotasunaz baizik, eta horrek guztiak euskal lurraldeetako mapa politikoan ekarri dituen berrikuntzez.
PNV-PSE hitzarmen zaharkitutik harago, Nafarroako udal eta Foru Gobernurako eman den zeharkakotasunak edota Gasteizko Udalerako eman denak argiro erakusten dute alderdien muga itxi eta zurrunak hausteko eginak izan zirela, eta hala egin dutenean, jendarteak esker onez hartzeaz gain, beren botoaren zentzua beteta sumatu duela. Izan ere, elkar aurkitze horiek etorkizun berriak eraikitzeko abaguneak ekarri dituzte.
Uste duzue inork kritika lezakeela EH Bilduk EAJri emandako alkatetza edo ezkerreko beste alderdiek, PSEren epelkeriaren aurrean, PNVri babesa eskaini izana Gasteizen? Uste al duzue Andoainen EAJko kide batek EH Bilduren alkatetza ahalbidetu izana, interesatuetatik harago, inork okertzat eman dezakeenik?
Orain eman diren mugimendu hauek guztiek epe ertainerako ere politikagintzaren molde berriak iragartzen dituzte, eta garai berrietarako politikagintza moldeak errotik aldatzera etorri diren ustea oso hedatua dago.
Hala eta guztiz ere, zuhurtasun handiz hartu behar dugu abaguneak eskaintzen digun parada berria. Ezin dugu ahaztu, alderdiek martxan jarriko dituzten politikek herritarren borondatean eragiten dutela sinesten dugun arren, hauteskundeak ez dituztela beti alderdiek irabazten, komunikabideen marketin politikak baizik. Gipuzkoan “Diario Vasco”-k egindako komunikazio politika horren lekuko argiena, zein komunikabideetan gailentzen ari den kode profesionala sostengatzen duen ideologiarena den. Ez ahaztu! •



