22/08/2015

Greziako irla turistikoak gerraren ondorioen ispilu
A. Lertxundi
Pd07_ikusmira_ainara

Siriako, Irakeko, Afganistaneko... gerrateen ondorioz edo pobrezia dela-eta egunero Europara ihesean iristen diren milaka lagunen dramak ez du etenik. Greziako Lesbos irla turistikora, esaterako, egunero 2.000 etorkin iristen dira, plastikozko txalupa txikietan horietako asko. 90.000 biztanle dituen uhartean egoera gero eta larriagoa da. Kos uhartean, 1.750 pertsona Gobernuak bidalitako ferry batean zain daude. Babesa besterik ez dute eskatzen. Astearte goizean, Kosera iritsi nahian ari ziren bost siriar ito egin ziren, euren txalupa irauli eta gero. 24 pertsona zihoazen barruan. Alemanian, aurten, 750.000 lagunek eskatu dute babes politikoa. Marka guztiak hautsiko ditu kopuru horrek, Barne ministroak ohartarazi duenez. Bien bitartean, Sirian aire erasoek dozenaka pertsona, emakume eta ume mordoa tartean, hil dituzte aste honetan. Horietako bonbardaketa bat merkatu batean izan zen. Eta Yarmurkeko palestinar errefuxiatu gunean tifusa barreiatzen ari da...